Irango instalazio petrokimiko nagusiari eraso dio Israelek, Teheran AEBekin negoziatzen ari den honetan

Etxe Zuriak azaldu du Pakistanen proposamena eztabaidatzen ari direnetako bat dela, eta oraindik ez daukala Donald Trumpen oniritzirik. Iranek hamar puntuko proposamen bat egin die AEBei, eta adierazi du ez duela negoziatuko Trumpen mehatxupean.

Irango banderak Teherango eraikin batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irango banderak Teherango eraikin batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 6a
17:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuekin ados jartzeko epemuga jarri zion Teherani Donald Trump presidenteak. Gaur zen amaitzekoa epe hori, baina, hirugarrenez, Trumpek atzeratu egin zuen atzo, 24 orduz. «Asteartea, 08:00 p.m», idatzi zuen Truth Social bere sare sozialean. Alegia, Euskal Herrian asteazkeneko goizaldeko ordu biak direnean amaituko da Etxe Zuriko maizterrak Irani ezarritako epea, eta «atzeraezina» dela adierazi du gaur. Akordioa egin eta Ormuzko itsasartea ireki ezean «infernua» ezagutuko zutela esana zuen Trumpek aurrez. Axios hedabideak zabaldu duenez, Pakistanek helarazitako 45 eguneko su eten bat negoziatzen ari dira AEBetako eta Irango ordezkariak, Ekialde Hurbileko zenbait bitartekarirekin batera. Etxe Zuriak, ordea, garrantzia kendu dio proposamen horri, eta argitu du «hainbat proposamen» daudela mahai gainean, eta «eztabaidatzen ari direnetako bat» besterik ez dela. Irango IRNA agentziak, berriz, zabaldu du Iranek hamar puntuko proposamen bat egin diela AEBei gerra amaitzeko, eta su etena baztertu du.

Iranek Ekialde Hurbileko Gerra amaitzeko lehen proposamena egin die AEBei, duela bi aste jasotakoari erantzunez. Lehenik, adierazi du ez duela inolako negoziaziorik egingo Trumpen mehatxupean. «Negoziazioa ez da inola ere bateragarria ultimatumekin, krimenekin eta mehatxuekin», esan du Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Ismail Bagaeik, prentsaurreko batean. Eta gaineratu du Teheranek bi eskaera egin dituela: «Gerra amaitzea eta halakorik berriro gertatuko ez dela bermatzea». Bestetik, hamar puntuko proposamena ondu du Iranek, duela bi aste AEBek egindakoari erantzunez. IRNA agentziak adierazi duenez, gatazkari «amaiera iraunkorra» ematea du helburu Iranen proposamenak, eta uko egiten dio aldi baterako su etenari. Hamar puntuen artean daude, besteak beste, eskualdeko liskarra amaitzea, orain arte ezarritako zigorrak baliogabetzea, suntsitutako eraikinak eta instalazioak konpontzea eta Ormuzko itsasartea modu seguruan igarotzeko protokolo bat osatzea.

Trumpek berehala erantzun du. Agerraldia zeukan planifikatuta Etxe Zurian, AEBetako armadako agintari gorenekin batera, ostiralean Teheranek erorarazi zuen F-15 ehiza-hegazkineko bi tripulatzaileak erreskatatzeko operazioaren nondik norakoen berri emateko. Bertan adierazi duenez, «esanguratsua» da Iranek proposamen bat egin izana, baina esan du ez dela nahikoa, eta Iranen esku dagoela gerra amaitzea. «Posible da laster amaitzea, egin behar dutena egiten badute», adierazi du, xehetasun gehiago eman gabe. Hala ere, oroitarazi du jarritako epea tarteko, atzera kontaketa hasia dela, eta mehatxu egin die Irango agintariei. «Egun bakarrean suntsitu dezakegu herrialde oso bat, eta egun hori bihar izan daiteke», adierazi du berak ezarritako epemugari erreferentzia eginez.

Aurrez, Axios hedabideak AEBetako, Israelgo eta eskualdeko iturriak aipatuz zehaztu duenez, Turkiako, Pakistango eta Egiptoko bitartekariek proposamen bat helarazi zieten Irani eta AEBei, eta alde guztietako ordezkariak negoziatzen ari dira. Era berean, jakinarazi du Etxe Zuriaren ordezkari Steve Witkoff eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi mezuak trukatzen ari direla. Trumpek atzo Axiosi adierazi zion su etena negoziatzen ari direla, nahiz eta Iranek aukera hori baztertu duen: «Badago akordioa lortzeko aukera, baina, ez badute lortzen, dena suntsituko dut han».

Iturri horien arabera, Pakistanek Turkiarekin eta Egiptorekin batera proposatutako bake planak bi fase biltzen ditu. Lehenak 45 eguneko su etena ezartzea du helburu, eta egun horietan gerrari amaiera emateko negoziazioak abiatzea. Zehaztu dutenez, 45 eguneko epe hori luzatzeko aukera daukate bi aldeek, negoziatzaileek hala nahi izanez gero. Bigarren faseak, berriz, gerrari amaiera emateko akordio bat lortzea du helburu.

Gainera, ohartarazi dute AEBetako negoziatzaileentzat akordio bat lortzeko «ezinbesteko baldintzak» direla Ormuzko itsasartea irekitzea eta Irango uranio aberastuaren auzia konpontzea. Irango itsas armadako komandoak, berriz, argi utzi zuen Ormuzko itsasartea ez dela inoiz «lehen zen bezalakoa» izango, «batez ere Israelentzat eta AEBentzat».

Israelek, bestalde, jakinarazi du Irango instalazio petrokimiko nagusiari eraso egin diola —munduan dagoen gas naturaleko hobi handiena da—, eta ziurtatu «gaitasunik gabe» utzi duela. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek gaur adierazi duenez, instalazio horretatik irteten da Irango ekoizpen petrokimikoaren %50 inguru. «Kolpe ekonomiko gogorra da Irango erregimenarentzat, dozenaka mila milioi dolarreko galerak izango baititu», gaineratu du. Ordu batzuk geroago, Iranek salatu du Israelek eta AEBek Marvdaxteko instalazio petrokimikoari ere egin diotela eraso.

ISRAELEK IRANGO GUARDIA IRAULTZAILEKO ZERBITZU SEKRETUETAKO BURUA HIL DU

Teheranek gaur baieztatu du Israelgo armadak Irango Guardia Iraultzaileko zerbitzu sekretuetako buru Majid Khademi hil duela. Iragan ekainean izendatu zuten Khademi zerbitzu sekretuetako arduradun, hura baino lehen postu horretan zegoena, hau da, Mohamad Kazemi eta haren laguntzaile Hasan Mohaqeq hil baitzituen Israelek. «Irango erregimenaren beste euskarrietako bat ezabatu dugu», ospatu du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA