Irango petrolioa aterabiderik gabe uzteko aukera

Kharg uharteko petrolio instalazioak suntsituko edo okupatuko dituela egin du mehatxu Trumpek. Irango petrolio esportazioen %90 irteten dira irla horretatik.

Kharg uharteko Iranen petrolio azpiegitura, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Kharg uharteko Iranen petrolio azpiegitura, artxiboko argazki batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iparraldeko muturretik hegoaldekora hamar kilometro baino gutxiago ditu Kharg uharteak (Iran), baina lekua hartzen ari da nazioarteko hedabideetan. Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxupean du Persiar golkoko irla hori. Azken asteetan esan du «erabat suntsitu» dezakeela Kharg, eta beste aukera bat ere jarri du mahai gainean: uharte hori okupatzea. Irango ekonomiarentzat ezinbestekoa da Kharg; handik ateratzen da Iranek esportatzen duen petrolioaren %90.

Aurrez ere hartu izan dute Kharg helburu militar gisa. 1980ko hamarkadan, Iraken eta Iranen arteko gerran (1980-1988), Bagdadek behin baino gehiagotan egin zion eraso, eta hango petrolio azpiegiturak suntsitu zituen. Gerra amaituta, Teheranen helburu nagusietako bat izan zen Khargeko azpiegiturak berreraikitzea.

Lau hamarkada geroago, AEBetako armadak egin dio eraso. Baina petrolio instalazioei ez diete kalte egin oraingoz. Martxoaren 14an uharteko azpiegitura militarrak izan zituen helburu Washingtonek, baina orain harago joateko asmoa azaldu du AEBetako presidenteak.

Zer esan du Trumpek?

Irango petrolioa nahi duela esan zuen Etxe Zuriko maizterrak igandean, Financial Times AEBetako egunkariak egindako elkarrizketa batean. Horretarako Kharg uhartea okupatzea aukeretako bat dela aipatu zuen, eta, operazio hori abian jarriz gero, AEBetako armadak «aldi batez» han geratu beharko duela. Baina, ohi duen moduan, zalantzarako tartea ere utzi zuen AEBetako presidenteak: «Agian Kharg uhartea okupatuko dugu, edo agian, ez. Aukera asko ditugu».

Kharg hartzea «oso erraza» litzakeela uste du Trumpek: «Ez dut uste defentsarik dutenik». Teheranek, baina, desafio egin dio. Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko bozeramaileak ohartarazi zuen «soldadu amerikarren zain» daudela, eta Iranen sartzen saiatzen diren tropei «zerutik sua» eroriko zaiela.

Zergatik da garrantzitsua Kharg?

Uharte hori da Irango petrolioaren aterabide nagusia. Hortaz, Khargeko azpiegiturak suntsituz edo haien kontrola hartuz gero Irango petrolioaren esportazioak blokeatuko lituzkete. Herrialdeko petrolio hobi nagusietatik uharte horretara iristen da erregaia, oliobideen bidez. Han, petroliontzietan kargatzen dute, eta Ormuzko itsasartetik esportatzen dute, Txinara, batez ere —Pekinek erosten du Irango petrolioaren %80 baino gehiago—.

Izan ere, irla horrek badu berezitasun bat. Persiar golkoko kostaldea sakonera txikikoa da oro har. Hortaz, petroliontzi handientzat zaila da inguru horretan porturatzea. Khargeko itsasertzak, ostera, nahikoa sakonera du ontzi horientzat. Gainera, moila luzeak eraiki dituzte uhartean, itsasontzi handienek ere petrolioa kargatu ahal izateko. Uhartean petrolio hobiak eta biltegi handiak ere badaude.

Zergatik dute jomugan AEBek?

CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak 1984an jada ondorioztatu zuen Khargeko instalazioak «hil edo bizikoak» direla Irango ekonomiarentzat, eta horiek martxan edukitzea «ezinbestekoa» dela herrialdearen ekonomiarako. Hortaz, AEBek uharte hori okupatu edo suntsituko balute, Teheran ataka estuan jarriko lukete.

Gainera, uhartea okupatuz gero, AEBetako armadak Irani eraso egiteko kokagune estrategiko baten kontrola hartuko luke —Irango kostatik 25 kilometro ingurura dago—. Hori guztia kontuan hartuta, AEBentzat helburu militar garrantzitsua da.

Zeri egin zioten eraso martxoaren 14an?

Uharteko instalazio militarrei egin zien eraso AEBetako armadak. 1980ko hamarkadako erasoen ostean, Teheranek uharte horren defentsa indartu du. Horretarako, azpiegitura militar ugari eraiki ditu bertan —uharte debekatua deitu izan diote Khargi—. Martxoaren 14an, ordea, Trumpek esan zuen «Ekialde Hurbilaren historian izan den bonbardaketarik indartsuenetako bat» egin zutela, eta irla horretako helburu militar guztiak suntsitu zituztela.

Trumpek eta Teheranek ziurtatu zutenez, berriz, Washingtonen erasoek ez zituzten petrolio instalazioak jo. 

Zergatik ez diete petrolio azpiegiturei eraso egin?

Trumpek mehatxu egin du Khargeko petrolio instalazioak suntsituko dituela Iranek ez badu Ormuzko itsasartea irekitzen. Kontua da Washingtonen helburuen artean dagoela aiatolen sistema eroraraztea, eta, Kharg suntsituko balu, Irango hurrengo agintariek zaila izango lukete herrialdeko ekonomia berpiztea. Gainera, Teherani ez ezik, nazioarteko ekonomiari ere eragingo lioke, eta litekeena da are eta gehiago garestitzea erregaien prezioak.

Horregatik, uhartea inbaditzea ere jarri du mahai gainean Etxe Zuriko maizterrak. Hori eginez gero, gatazka koska handi bat estutuko litzake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA