«Finantza erasoaldi bat» iragartzekoa zen gaur Washington, «etsai baten aurka inoiz egindako handiena». Azkenean, ordea, «ohartarazpen tiro bat» izan da. Hala adierazi du Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak gaur emandako prentsaurrekoan. Estrategia aldatu dute AEBek. Ez dutenez lortu Iran aire erasoen bidez belaunikaraztea, hura are gehiago ito nahi dute ekonomikoki, helburu baitute Iran guztiz bakartzea eta hark beste herrialdeekin dituen harreman ekonomikoak etetea. Horregatik, Teheranekin negozioak egiten dituzten estatuak zigortzeko mehatxua egin du Bessentek; ez du zehaztu, ordea, zein diren herrialde horiek, eta esan du «atzera egiteko denbora tarte bat» utziko dietela.
Atzo iragarri zuen Bessentek «inoizko finantza erasoaldi handiena» aurkeztekoa zela; gaur, tonua asko apaldu ez badu ere, finean ez du neurri jakinik indarrean jarri. Altxorreko Idazkaritzak kaleratutako ohar baten arabera, herrialde bakoitzari epemuga bat ezarriko diote Teheranekin harreman komertzialak eteteko; Bessentek ez du zehaztu zeintzuk diren epe horiek. Eta zigorrak berehala indarrean ez sartzea justifikatu du: «Munduko ekonomia leherrarazi zezaketen».
Prentsaurrekoa ematerako, baina, Teheranek esana zuen ez duela amore emango. «Iranek ez du modurik emango gerra erasotzaileak jarritako baldintzen arabera amaitu dadin», nabarmendu du Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak gaur, agerraldi batean. «Iranek ez du gerrarik hasi; bere subiranotasuna defendatu besterik ez du egin».
Baghaeik gogorarazi duenez, azken urteetan ikusi da «alferrikakoa» dela Irani zigor ekonomikoak jartzea, baina Washington horrekin tematuta dago. «AEBek Iran gorroto dutela erakutsi besterik ez dute egiten». Bessenten esanetan, baina, iragarriko dutena ez da «zigor sorta soil bat, fase aldaketa bat baizik». Hori azpimarratu zuen atzo, Financial Times egunkariak kaleratutako artikulu batean.Â
Horren arabera, Donald Trump AEBetako presidenteak hilaren hasieran adierazi zuen presio ekonomikoa areagotu behar zela, ez militarra. Bessenten hitzetan, asmoa da Iran merkataritza globaletik kanporatzea, haren ekonomia bizirik iraunarazten duten «finantza arteriak» moztuta.
Trumpek berak jarri zuen asmoa mahai gainean asteazkenean, ohikoa duen estilo hiperbolikoan, eta adierazi «herrialde baten kontra inoiz egindako operazio ekonomikorik txikitzaileena» abiaraztekoak zirela. Bide batez, mehatxu egin zien oraindik ere Iranekin harreman komertzialak eta diplomatikoak dituzten herrialdeei: «Ondorio ekonomiko izugarriak nozituko dituzte».
4.379Israelek zenbat aldiz urratu duen su etena Gazan. Gazako Gobernuak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, Israelek 4.379 aldiz urratu du su etena urriaren 10etik, hau da, indarrean sartu zenetik. Zehaztu du 315 egun pasatu direla ordutik, eta 1.286 pertsona hil dituztela epe horretan. Horien artean zenbatu gabe zeuden Israelek gaur zerrendako errefuxiatu gune baten aurka egindako aire eraso baten ondorioz hildako bi palestinarrak. Hango osasun iturriek eman dute horren berri.
Kale edo bale egitera behartu nahi dute nazioartea mehatxu horien bitartez. «Haiei mintzatzen gatzaizkie, eta zera esaten diegu: 'Gurekin zaudete, edo gure kontra'», esan zuen Bessentek berak aurreko ostegunean, CNBC telebista katean. Iranek saltzen duen petrolioaren %90 inguru Txinara doa, eta, Washingtonen mehatxuen harira, Pekinek gaur adierazi du «beharrezko neurriak» hartuko dituela bere interesak babesteko. Lin Jian Txinako Atzerri Ministerioko bozeramailea horri buruz mintzatu da gaur agerraldi batean, baina ez du zehaztu zer neurri diren. AEBetako Altxorreko idazkariak, berriz, gaur emandako prentsaurrekoan saihestu egin du zuzenean Pekin aipatzea. Kazetari batek horri buruz galdetutakoan, hau izan da haren erantzuna: «Inor ez dago salbuetsita».
Teheranentzat, zigor molde horrek NBE Nazio Batuen Erakundeko kide diren estatuen subiranotasuna urratzen du. Hori esan zuen Baghaeik larunbatean, eta, bide beretik jota, gaur azpimarratu du «terrorismo ekonomikoaren adibide bat» dela, eta helburu duela bere independentzia eta subiranotasuna defendatu nahi dituen herrialde bat zigortzea.

Hori bai, defentsa hori egiteko orduan, Teheran ere mehatxuka ari da. «AEBen legez kanpoko jarduerekin kolaboratzen duen edozein herrialdek ondorio larriak nozituko ditu», esan du Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Begia begi truk delako estrategiari helduko dio Iranek ere, Mohsen Rezaei Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak atzo argi utzi bezala: «Gure aurka ezarritako murrizketetan parte hartzen duen edozein herrialde etsaitzat hartuko dugu». Irango IRIB telebista katean elkarrizketatu zuten, eta jakinarazi zuen, dena den, aurrena diplomaziaren bideak ibiltzen ahaleginduko liratekeela horrelakorik gertatuz gero: «Lehendabizi, haiekin negoziatuko genuke. Hitz egin, eta esango genieke AEBengandik urruntzeko. Baina halakorik egingo ez balute, herrialde horien interesei eraso egingo genieke».Â
Siria Israelekin bildu da, «tentsioa baretzeko»
Israelek joan den astean Siria ipar-mendebaldeko base militar bati eraso egin ondoren, bi aldeetako ordezkariak Jordanian batzartu ziren atzo, «tentsioa baretzea» helburu. SANA albiste agentziak hori kaleratu du gaur, iturri ofizialak aipatuz. Haien esanetan, asmoa «neurri praktikoak» adostea izan zen. Tel Avivek erasoa justifikatu zuen, eta esan Turkiak eremu hartan troparik ez hedatzeko egin zuela erasoa. Ankarak ukatu egin du, ordea.
Batez ere, Persiar golkoko bizilagunentzako mezua izan zen hori. Kontuan hartu behar da otsail bukaeran AEBak eta Israel Irani erasoka hasi ondotik Teheranek inguruko herrialdeak bonbardatu izan dituela, argudiatuta AEBek interesak zituztela herrialde horietan.
Halere, hitz egiten
Nolanahi ere, negoziazioaren bideak irekita daude oraindik. Pakistan bitartekari ari da Iranen eta AEBen artean —bi aldeak Islamabaden bildu ziren apiril erdialdean—, eta hango armadaburu Asim Munir Teheranera joan da. Gatazkari konponbidea emateko memorandum bat sinatu zuten AEBek eta Iranek ekainaren 17an, baina testu hark jasotakoak urratzea leporatu diote elkarri, eta, hortaz, paper errea besterik ez da.
Ikusi gehiago
Ormuzko itsasartea berriro irekitzea jasotzen zen memorandumean, adibidez, baina Iranek blokeoari eusten dio. Pasabide horren gaineko burujabetza Iranek eta Omanek dute —lehengo astean, Trumpek esan zuen Ormuz AEBen parte dela—, eta, hain zuzen, Omango Atzerri ministro Badr al-Busaidi bihar da Iranera joatekoa, itsasarteko garraiobideak nola kudeatu negoziatzera.Â