PDP Herriaren Alderdi Demokratikoa oposiziora bidali dute nigeriarrek, lehenengo aldiz hamasei urtean. 1999an militarrek agintea utzi eta Nigerian hauteskunde bidezko sistema demokratikoa ezarri zutenetik, izan ere, PDPk izan du beti presidentetza. Muhammadu Buhari jeneral ohi musulmanak hartuko du orain agintea, APC Aurrerakoi Guztien Kongresuak garaipen «ukaezin bat» eskuratu ostean: botoen %55 jaso ditu Buharik —botoen %92 zenbatuta— eta Goodluck Jonathan jarduneko presidentea urrun geratu zaio, botoen %44rekin.
Oposizioak behingoagatik desberdintasunak baztertu eta PDP agintetik botatzeko akordioa egin zuen, duela bi urte. ACN, ANPP eta CPC alderdiek Aurrerakoi Guztien Kongresua koalizioa osatu zuten, helburu garbi batekin: Jonathanen agintaldia amaitu eta ekonomiaren gainbeherari eta ustelkeriari aurre egitea.
Buhari, 1984an estatu kolpe batekin agintera iritsitako militarra, primarioetan aukeratu zuten presidentegai. Lider zintzoaren eta ustelkeriaren kontrako ekintzailearen ospea duen hautagai batekin, aurreneko aldiz PDP garaitzeko benetako aukera ikusi zuen oposizioak, eta larunbateko bozetan iragarpenak bete zituen APC koalizioak.
Nigeriako Hauteskunde Batzorde Independentea astelehen gauean hasi zen aurreneko emaitza ofizialak ematen, eta, kontaketa aurreratu ahala, aldea handituz joan zen Buhari: bi milioi botoren aldea zeukan %51 zenbatu zutenean, eta 3,4 milioikoa %92 zenbatuta.
Porrota onartu du PDPk
Nigeriako Hauteskunde Batzorde Independenteak oraindik ez du ofizial egin Buhariren garaipena, presidentetza irabazteko botoen erdiak gainditzeaz gain herrialdeko 36 estatuetatik 24tan gutxienez botoen %25 jaso behar baititu.
Goodluck Jonathanek, hala ere, APCk garaipena aldarrikatu ostean, Buhari zoriondu egin du, haren garaipena onartzearekin bat. Hauteskundeen atarian, hain zuzen, bi presidentegai nagusiek emaitza ofizialak errespetatuko zituztela hitzeman zuten. Azken hauteskundeetan, 2011n, istilu larriak izan baitziren PDPko eta oposizioko jarraitzaileen artean, eta 800 pertsona inguru hil ziren borroketan,
Ekonomia suspertu eta ustelkeriari aurre egiteaz gain, segurtasun alorrekoa izango da Buharik izango duen erronka nagusia. Boko Haram milizia islamistak eraso ugari egin baititu azken urteetan, musulmanen aurka nagusiki: 13.000 lagun hil ditu 2009tik. Are lan zailagoa izango du, ordea, ipar-hego desorekak gainditzen, iparralde musulmana hegoalde kristaua baino askoz azpiratuagoa baitago alor guztietan.
Iraultza demokratiko bat eragin du Nigerian Buhariren garaipenak
APC Aurrerakoi Guztien Kongresuak irabazi ditu Presidentetza bozak.Militarrek 1999an agintea utzi zutenetik, PDPk gobernatu izan du beti