Mundua

Irlandak Lisboako Itunaren gainean beste erreferendum bat egin beharko duela dio Sarkozyk

Frantziako presidenteak Europako Batasunaren txandakako agintaritza dauka. Irlandako hegoaldeko herritarrek Itunari ezezkoa eman zioten iragan ekainean.

2008ko uztailaren 15a
18:27
Entzun
Frantziako presidente eta Europako Batasuneko txandakako presidente Nicolas Sarkozyk bere alderdiko bilera batean esan du Irlandak beste erreferenduma egin beharko duela Lisboako Itunaren gainean. Aurreko galdeketan, joan den ekainaren 12an, Europako Konstituzioaren moldaketa -haren %96, kritikoen esanetan- errefusatu zuten Irlandako Errepublikako herritarrek, EBko estatu kideetan bakarrak halako galdeketan bozkatzeko aukera izan zutenek. Dublin galdeketa egitearen kontra zegoen, baina Irlandako Konstituzioak behartuta antolatu behar izan zuen.

"Irlandarrek berriz bozkatu beharko dute", adierazi die Sarkozyk bera gidatzen duen alderdiko -UMP Herritarren Batasunerako Mugimendua, eskuinekoa- diputatuei, hauekin eginiko bileran, alderdiko iturriek zabaldu dutenez.

Joan den astean, EBko txandakako presidentetza hartu eta egun gutxira, Sarkozyk nabarmendu zuen Bruselak ez duela itun berria negoziatuko.

Ekainean Irlandako Errepublikako herritarrek Lisboako Itunari erreferendumean ezezkoa eman zuten. Dublingo gobernuaren kanpaina ez zen herritarrak konbentzitzeko aski izan, eta %53,4k ezetz eta %46,6k baietz bozkatu zuten, %51 inguruko parte-hartzearekin. Horren ondorioz EBn sortutako krisiak kezkatuta dauzka agintariak, baina, Sarkozyren idurikotz, itunari eutsi egin behar zaio, EB hedatu eta egokitu ahal izateko "funtsezkoa" delako.

Sarkozy hilaren 21ean Irlandara, Dublinera, joango dela baieztatu zuen iragan astean, "entzutera, hitz egitera eta irlandarren ezetza-ri aterabide bat aurkitzera".

Zehaztu zuenez, krisia konpontzeko Frantziak EBn duen txandakako presidentetzaren asmoa Irlandako Gobernuarekin adostutako metodo eta ahal dela aterabide bat proposatzea da. Urrian edota abenduan egitea aurreikusten du Sarkozyk.

Agintari eskuindarraren esanetan, iaz Frantzian presidentetzarako hauteskundeak egin aitzin frantziarrei iragarri zien ez zuela beste erreferendumik antolatuko, kasu honetan Lisboako Ituna berresteko. Irlanda izan da EBko estatu kideetan bakarra ituna erreferendumean bozkatzeko aukera eman duena, ez Gobernuak hala nahi zuelako, Konstituzioak agintzen ziolako baizik. Gainerako estatu kideetan Legebiltzarrean berresten ari dira, herritarrei ahotsa eman gabe.

Gustuko ez duten emaitza dagoenean, galdeketa gehiago

Agerian geratu da berriz agintariek emaitzak gustuko ez dituztenean beste erreferendum edota bozketak antolatzen edota egitera behartzen dituztela gobernuak.

Lisboako Itunaren aurretik, Europako Konstituzioa bozkatu zuten EBko estatu kideek. Frantziako estatuko herritarrek eta Herbeherekoek ezezkoa eman zioten galdeketa banatan, 2005ean, eta horrek sekulako krisia eragin zuen Europako Batasunean. Beste estatu kide batzuek baiezkoa eman zioten, tartean Espainiako estatuko herritarrek. Bruselak, halere, krisia piztu zenean berreste prozesu hura eten egin zuen.

Urte batzuk lehenago, 2001ean, Nizako Ituna bozkatu zuten erreferendumean. Irlandarrek ezezkoa eman zioten orduan ere, baina Bruselaren eta Dublinen arteko negoziazio batzuen ondotik, berriz egin zuten galdeketa, 2002an, eta "herritarrei beldurra eragiteko kanpaina" baten ondorioz -kritikoen esanetan- baiezkoa eman zioten. Danimarkan antzekoa gertatu zen.

Orain Sarkozy eta EBko gainerako gobernuburu eta agintarien kezka da ea zer gertatuko den Europako Legebiltzarrerako 2009an egingo dituzten hauteskundeetan. Aurreko bozetan herritarren motibazio eza izan da nagusi, eta parte-hartze txikia eragin du horrek. Horri buelta nola eman aztertzen ari dira agintariak, Europarako eredu neoliberala eta estatuetan zentratua -nazio eta herrialdeetan izan beharrean- sendotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.