Irregulartasunak salatu dituzte bozetan Kongoko Errepublika Demokratikoan

Azken 40 urteetan bigarren aldiz egin dituzte presidentea aukeratzeko bozak, eta Kabila da faborito

Erredakzioa
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan indarkeria nagusitu da egunotan, bozen atarian, eta atzo ere, hainbat bozkalekutan arazoak izan ziren. Herrialdeak independentzia lortu zuenetik, orain 40 urte, bigarren aldiz egin dituzte parlamentua eta presidentea aukeratzeko bozak —2006an egin zituzten lehenak—, eta hautagai faboritoa Joseph Kabila Kabange egungo presidentea da. 2011n iritsi zen boterera, haren aitaren heriotzaren ostean, eta 2006ko bozetan lehen aldiz irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Oraingo bozetan, orotara, hamaika hautagai aurkeztu dira. Dena den, herritarrek botoa emateko zailtasunak eta irregulartatsunak salatu dituzte, eta Lumbashi hiriko bozkaleku batean gutxienez hiru pertsona hil zituzten atzo talde armatu batek egindako erasoan.

Hauteskundeen aurreko azken egunetan borrokak izan dira alderdietako jarraitzaileen artean; bereziki, Kabilaren eta Etienne Tshisekedi haren aurkari nagusiaren aldekoen artean. Erasoetan gutxienez hamar lagun hil direla eta zauritu ugari izan direla aditzera eman dute hango iturriek. Ondorioz, bozak egingo ote ziren zalantza piztu da herritarren eta ordezkarien artean. Herrialdearen beraren tamaina handiak eta azpiegitura eskasek eragindako zailtasunek ere zalantzak areagotu dituzte, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Kongon aurrera daraman bake misioak inguruko estatuen laguntza behar izan du bozak egin ahal izateko materiala banatzeko.

Halaber, hainbat herritarrek botoa emateko ezintasunak izan dituztela salatu dute. Izan ere, hautesleen zerrenda luzea da, eta bozkatzeko izena eman zezaketen 32 milioi herritarren bi heren inguruk ez daki irakurtzen. Ez hori bakarrik: zenbait kasutan zailtasunak izan dituzte izena emateko, eta, hala ere, bozkalekuetara joandakoan beste norbaitek haien izenean bozkatu duela aditzera eman dute.

Hiru hautagai nagusiak

Hautagaien artean hiru nabarmendu dira. Kabila Berreraikitzeko eta Demokraziarako Herritarren Alderdiko buruak 40 urte ditu, eta duela hamar iritsi zen boterera. Ordura arte, 32 urtez, Mobutu Sese Seko militarra izan zen Zaireko Errepublikako diktadorea —egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa—, eta 1994tik 1997ra bitartean Kabilaren aitak gidatutako matxinadaren bitartez lortu zuten hura boteretik kentzea. 1998tik 2003ra, baina, Kongoko gerrak gogor astindu zuen herrialdea, eta gutxienez 3,8 milioi herritar hil ziren. Ondoren, trantsizioko gobernuak hartu zuen boterea, baina talde armatuak ez dira deuseztatu hainbat ingurutan, eta indarkeriak ez du erabateko etenik izan geroztik.

79 urteko Etienne Tshisekedi da hautagai zaharrena, eta Kabilaren aurkari gogorrena. 1960an Kongok independentzia lortu zuenetik hainbat gobernutan parte hartu du, baina 2006ko bozetan boikoterako deia egin zuen. Oraingoan, ordea, herritarren babes zabala du, eta, haren hitzetan, «argi eta garbi» irabaziko du. Vital Kamerthe Kabilaren aliatu ohia da bozak irabazteko aukera gehien duen hirugarren hautagaia, eta herrialdeko auzo behartsuenetan eskuratu du orain arte babesik handiena.

Herrialdearen egoera, dena den, nahiko larria dela salatu dute hainbat erakundek. NBEk egindako giza garapenari buruzko txostenean, hain zuzen, azkeneko postuetan kokatzen da Kongoko Errepublika Demokratikoa, herritarren pobrezia mailatik eta Poliziaren eta talde armatuen indarkeriaren ondorioz duten beldur egoeragatik. Halaber, azpiegitura eskasek zaildu egiten dute herrialdeko mineralaren ustiaketa, eta biztaleen %70 pobreziaren mugaren azpitik bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.