Iruzurraren eta indarkeriaren mehatxupean egingo dituzte bozak gaur Nigerian

Irregulartasun asko egon da; paper faltsuak atzeman dituzte, eta benetakoak berandu iritsi dira

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Nigeriako presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeak nahasmenaren erdian egingo dituzte gaur. Joan den larunbateko hauteskundeetan Olasugen Obasanjo presidentearen alderdiari leporatutako iruzurrak eta gertatzen ari diren hilketek ezerezean utz dezakete askok duten ustea: alegia, egonkortasunerako hauteskundeak izango direla.

Gobernadorea hautatzeko eskualdeetako larunbateko hauteskundeetan, irregulartasunak detektatu zituzten Europako Batasuneko ikuskatzaileek, eta oraingoetan berriro gerta daitezkeela uste dute. Presidentearen Herritarren Alderdi Demokratikoak 34 estatuetatik 27tan irabazi ondoren, oposizioak fartsa egiteaz akusatu du -19 alderdi dira oposizioan-. Orduan ustez izandako iruzurra gerta ez dadin, bozak bertan behera uzteko eskatu du asteon oposizioak, baina alferrik. Boikota egingo duela ere mehatxatu du, baina presidentearen kontrako alderdiak ados jarri ez direla eta, azkenean, gaur bozkalekuetan lehiatuko dira.

Irregulartasunen mamua gutxi balitz bezala, atentatuak eta hilketak gehitu egin dira azkenaldian. Hauteskunde egunean bertan, larunbatean, 50 lagun hil ziren, nahiz eta segurtasun indarrezjosita zeuden kaleak, herritarrak botoa ematera arriskurik gabe joan zitezen bermatzeko.

Obasanjo presidenteak irratiz eta telebistaz «ikasitako lezioak zuzentzeko» esan du gaurko hauteskundeak ahalik eta garbienak izan daitezen, baina ikuskatzaileei eskatu die ez dezatela gaizki dagoena areagotu. «Nigeriak dituen mugak onartu behar dituzte». Atzo bozkatzeko paperez betetako kamioi bat atzeman zuten, hatz markak jada jarriak. Oposizioak salatu du presidentearen alderdiaren aldeko paperak direla. Benetako paperak, ordea, atzo arratsaldean berandu iritsi ziren, Hegoafrikatik. Horregatik, gutxienez behar baino bi ordu geroago zabalduko dituzte bozkalekuak.



HAUTAGAIAK. 61 milioi herritarrek hogeita lau hautagairen artean aukeratuko dute presidentea, eta 46 alderdi politikoren artean banatuko dituzte Kongresuko 360 eserleku eta Senatuko 109. Hiru dira, hala ere, hautagai nagusiak: Umaru Yar'Adua -egun Gobernuan dagoen Herritarren Alderdi Demokratikoko hautagaia, faboritoa- eta oposizioko Nigeriako Herri Guztien Alderdiko Muhammadu Buhari eta Ekintzarako Kongresuko Atiku Abubakar oraingo presidenteordea. Hiru hautagaiek lana sortzea dute programako eskaintza nagusia.

Nekazaritza izan da nagusi petrolio aurkikuntza handiak egin baino lehen, eta nekazariei lurrak desjabetu dizkiete gutxi batzuen esku dagoen petrolioa ustiatzeko. Nekazarion egoera ekonomikoa hobetuko dutela esateaz gainera,oposizioak korrupzioa amaitzeko konpromisoa duela esan du. Hori da presidentearen alderdiaren kontra erabilitako argudio sendoena. Urrez apaindutako haren etxea asko aipatzen ari dira.

Nigeriako demokrazia sendotzeko unea izan daitekeela uste dute diplomazialariek. Hauteskundeetan arazoak baleude, herrialdearen egongaiztasun kronikoa areagotuko litzateke, eta munduko ekonomian ere eragingo luke, daukan petrolio ekoizpen izugarria dela eta. Petrolio esportatzaile handiena baita Afrikan, eta zazpigarrena munduan. Diru sarreren %80 hortik datozkio,baina petrolioak pobretu ditu nigeriarrak. %90 egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizi dira.

Egoera horrek delinkuentzia handitu du, eta petrolioaren arloko enpresaburuatzerritarren bahiketak eragin. Iaz Nigerko Deltako Askatze Mugimenduko kideak, petrolioaren irabazietan parte-hartze handiagoa exijitzeko, bahiketak egiten hasi ziren, eta aurten iaz baino askoz bahiketa gehiago egin dituzte; hauteskundeak gerturatu ahala gehiago. Azken bahiketak, gainera, ez ditu inork bere gain hartu.

Hautagai asko bahitzaile anonimoen atzean daudela uste dute aditu batzuek. Nnambi Obasi uste horretakoa da. «Kanpainak finantzatzeko erabiltzen dute bahisaria».Hori dela eta, Nigeriako dirudun askok opor behartuak hartu dituzte hauteskunde prozesuak iraun bitartean.



HauTagai nagusiaK
Muhammadu Buhari
Nigeriako Herri Guztien Alderdia
64 urteko jenerala, AEBetako, Indiako eta Erresuma Batuko akademietan ibilitakoa. 1983an kolpistek boterean ezarri zuten, korrupzioa amaitzeko, baina 18 hilabete egin zituen boterean. Kolpistek beraiek kendu zuten, korrupzioaren kontra egindako ikerketek horietako batzuk zipriztindu zituelako. Egungo presidentearen etsaitzat dauka bere burua.

Umaru Yar'Adua
Herritarren Alderdi Demokratikoa
Hautagai faboritoa da Umaru Yar'Adua. 65 urte ditu, eta Katsina estatuko gobernadorea da, kimika irakasle izandakoa.Olusegun Obasanjoren presidentearen alderdikidea da. Oposizioko kideek diote nahi bezala erabiltzen duela eta Gobernuak petrolioaren negozioan egin dituen iruzurrak eta gehiegikeriak iker ez daitezen egin duela haren alde.

Atiku Abubakar
Ekintzarako Kongresua
Presidenteordea da gaur egun. 60 urteko politikariak iaz presidentearekin gorabeherak izan zituen, presidentea, berriz hauta zezaten, Konstituzioa aldatzen saiatu zenean bere kontra egin zuelako. Gobernuburua haren hautagaitza baliogabetzen saiatu zen, ustezko korrupzio delituak direla eta, baina Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen aurkez zitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.