Islandiak erabaki du EBn sartzeko negoziazioei ez berrekitea, erreferendum estu batean

Inkestek kontrakoa aurreikusi zuten arren, galdeketan ezezkoa nagusitu da, botoen %52 jasota. Negoziazioek dozena bat urte daramatzate geldirik, eta hala segituko dute.

Hautesleku bat, atzo, Reykjaviken. ANXO LAMELA / EFE
Hautesleku bat, atzo, Reykjaviken. ANXO LAMELA / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 30a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Islandia, momentuz, ez da EB Europako Batasunean sartzeko negoziazio mahaian berriro eseriko. Hala erabaki dute herrialde horretako biztanleek, erreferendum bidez. Botoen %52 jasota, ezezkoa nagusitu da atzo egindako galdeketan.

Inkestek aurreikusi zuten emaitza oso estua izango zela, baina gehienek baiezkoa jotzen zuten garailetzat. Azken egunetan, ordea, ezezkoaren aldeko joera nagusitu dela dirudi. Ondorioz, 2013. urtetik izoztuta dauden EBren eta Islandiaren arteko negoziazioek berdin jarraituko dute.

Ezezkoa kolpe handia da Bruselarentzat, kide bat gehitzeko eta Artikoan duen presentzia areagotzeko aukera bikaina baitzen. Eskualde horrek geroz eta garrantzia geopolitiko handiagoa du, azken hilabeteetan AEB Ameriketako Estatu Batuek egindako mugimenduek erakutsi duten moduan.

Baiezkoak irabaziz gero, Islandia ez zen zuzenean EBko kide bilakatuko; negoziazioei berrekitea edo ez berrekitea da herritarrek hauteslekuetan erabaki behar izan dutena. Erreferendumak elkarrizketa bideak berriro irekitzeko baimena soilik emango ziokeen gobernuari. Islandiako araudiaren arabera, Bruselarekin tratatu tekniko eta politiko bat adostuz gero, beste erreferendum batera deitu behar da, non herritarrek behin betiko baldintzak onartu edo atzera bota beharko dituzten.

Bozketak agerian utzi du alde nabarmena dagoela Reykjavik hiriburua barne hartzen duen eskualdearen eta gainontzeko eskualdeen artean. Baiezkoak Reykjaviken soilik irabazi du, baina han ere espero baino nagusitasun gutxiagorekin: bozkatu dutenen %56k babestu du negoziazioei berrekiteko aukera.

Gai nagusiak

Islandiako Gobernuak abuztuan erreferenduma egiteko hartutako erabakia ez da ustekabekoa izan, barne ekonomiaren eta nazioarteko egoeraren bilakaeraren ondorioa baizik. Islandiak 2009ko uztailean aurkeztu zuen lehen aldiz EBn sartzeko eskaera ofiziala. Negoziazioak 2010ean hasi ziren arren, 2013an agintean zegoen gobernuak erabaki zuen elkarrizketak bertan behera uztea, eta 2015ean eskaera formalki atzera bota zuen, baita erabakiaren kontrako manifestazio handiak eragin ere herrialdean. Dena den, 2024ko abenduko hauteskundeen ondoren, Samfylkingin, Vioreisn eta Flokkur Folksins alderdiek osatutako koalizio berriak 2027a baino lehen erreferendumera deitzeko akordioa sinatu zuen; azkenean, 2026ko abuztura aurreratu dute, Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuek bultzatuta.

Kanpo politikari dagokionez, Washingtonen eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen babesean oinarritutako ereduak eztabaida piztu du. AEBek ezarritako merkataritza tasek eta Groenlandia anexionatzeko Trumpen asmoak kezka sortu dute Reykjaviken. Islandiak ez du armada propiorik, eta, hala, EBk babesleku gisa aurkeztu du bere burua. Arlo ekonomikoan, koroa islandiarraren ezegonkortasunak inflazioa handitzea (%5,2) eta hipoteka tasa igotzea (%8,6 eta %9,8 artera) ekarri ditu, eta, ondorioz, Islandia munduko herrialde garestiena bilakatu da, Viska sindikatuak esan izan duenez. Islandiako Unibertsitateko Ekonomia Institutuaren arabera, euroa bereganatuz gero baliteke hipoteka tasak %2,8 eta %3,8 artera jaistea.

Aitzitik, Europako Arrantza Politika Bateratuak kezka handia eragin dio herrialdeko arrantza sektoreari, uren kontrola galduko ote zuen beldur baitzen, eta gai gakoa izan da ezezkoaren aldeko kanpainan. Arrantzaren sektoreak %7ko pisua du herrialdeko BPG barne produktu gordinean, eta esportazioen %40 ere hark egiten ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA