Israel eta Gaza, gerran

Hamasek ezusteko eraso bat abiatu du, inoiz ez bezalakoa; gutxienez 250 israeldar hil dituzte. Netanyahuk erantzun du «irabazi» egingo dutela; 230 palestinarretik gora hil dituzte kontraerasoan

Israel eta Gaza, gerran.
Ander Perez Zala - Julen Otaegi Leonet
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek atzoko ordu txikietan. Inoiz ez bezalakoa da; airekoa, itsasokoa eta lurrekoa: besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti zituzten Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko. Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil zituzten —tartean, komandanteak, organizazio politiko islamistak esan zuenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez 250 israeldar hil zituzten, eta bederatziehun baino gehiago zauritu. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu zuen.

Hamasen adar militarreko —Izz ad-Din al-Qassam Brigadetako— buru Mohammed Deifek bideo batean azaldu zuenez, operazio militarrak hainbat arrazoi ditu: batetik, «erantzun bat» da, Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen kontrako «erasoen» aurkakoa; eta, bestetik, preso palestinarren egoera geroz eta okerragoaren ondorio bat —horietako batzuk gose greban daude—. Gerora, Ghazi Hamad Palestinako organizazio politiko islamistaren bozeramaileak Al-Jazeera telebista kateari esan zion atzo abiaturiko operazioa «mezu bat» ere badela Israelekin harremanak normalizatzen ari diren herrialde arabiarrentzat: «Uste dut hori egitea lotsagarria dela haientzat».

Erasoaren eskalak eta koordinazioak, eta lehen erreakzioek agerian utzi dute Israelgo zerbitzu sekretuek ez zutela horren arrastorik, eta gobernuak eta armadak erantzuna inprobisatu behar izan zutela. «Etsaiak inoiz ikusi gabeko prezioa» ordainduko duela esan zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta herritarrei esan zien «gerran» daudela, eta gatazka hori «irabaziko» dutela. Horretarako, zera jarri du helburutzat Netanyahuk: erasoa jasan duten tokietan «bakea eta segurtasuna berriz ezartzea», eta zona horiek «infiltraturiko etsaiez garbitzea». Israelgo oposizioan, Yair Lapid gobernuburu ohiak batasun gobernu bat eratzea proposatu zion lehen ministroari, betiere eskuin muturreko alderdiak koaliziotik botatzen bazituen, eta Netanyahuren alderdi Lukudek baiezkoa erantzun zion. Hori baino lehen, gobernuak jakinarazi zuen Gazarako elektrizitate hornidura etetekoa zela.

Bien bitartean, Israelgo armadak ahalik eta azkarrena hasi zuen kontraerasoa. Lerro hauek idazterako, Gazako osasun iturrien datuen arabera, gutxienez 232 palestinar hil zituzten bonbardaketetan, eta beste 1.697 zauritu. Middle East Eye atariaren berriemaileek esan zuten zerrendako herritarrak «egoerarik okerrenerako» prestatzen ari zirela, eta askok etxetik ihes egin zutela, «leku seguruagoetara». Al-Jazeera telebista kateak, berriz, esan zuen zibilek espero dutela «luzera begirako» eraso bat egitea Israelgo militarrek.

Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak premiazko bilkura bat egin zuen, eta PANeko presidente Mahmud Abbasek «terrorismotik eta okupazio indarretatik» defendatzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Palestinari «babes emateko» beharraz ere aritu zen, eta «duintasuna berreskuratzeko» erasoalditzat deskribatu zuen Gazako milizien operazio militarra, Al-Aqsa uholdea deiturikoa. Gainera, PANen segurtasun indarrei «palestinar guztiak babesteko» agindua eman zien.

Hamasen eta Israelgo goi kargudunen adierazpenak ikusirik, badirudi gatazka armatuak luze iraungo duela. Horren erakusle, batetik, Deifen adierazpen bat: «Lurreko azken okupazioa amaitzeko borrokarik handienaren eguna da». Eta, bestetik, Al-Jazeera telebista kateari Palestinako organizazio politiko islamistaren buruzagiorde Saleh al-Arurik esandakoa: «Espero dugu borrokak segituko duela, eta borroka frontea zabaldu egingo dela. Helburu nagusi bat dugu: gure askatasuna, eta gure leku sakratuen askatasuna». Estrategia hori baieztatu zuen Hamasen buruzagi Ismail Haniyehk, azaldu baitzuen borroka Zisjordaniara eta Jerusalemera «zabaldu» nahi dutela.

Gerora, Al-Aruri berriz mintzatu zen telebista kate horrekin, eta mezu bat helarazi zien preso palestinarrei: haiek askatzeko «nahikoa» militar israeldar bahitu dituztela. «Esku artean dugunak aske utziko zaituzte». Hamasen eledunaren arabera, «dozenaka» dira, eta Gazako tuneletan dituzte; Tel Avivek baieztatu egin zituen bahiketak, eta esan zuen zibilak ere badirela tartean.

Nazioarteko erreakzioak

Hamasek abiaturiko erasoaldiak denetariko erreakzioak eragin zituen nazioartean. Batzuk palestinarren alde agertu ziren, eta beste batzuk, Israelen alde. Ekialde Hurbileko estatuei dagokienez, esaterako, Irango Atzerri Ministerioaren eledun Nasser Kanaanik adierazi zuen bere herrialdeko gobernuak Hamasen eta Jihad Islamikoaren operazioa babesten duela, eta esan zuen eraso hori «mugarri» dela Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan. «Honek berriz ere erakusten du sionistak zeinen hauskorrak diren operazio serio bat dagoenean, eta nola ez duten erresistentziarako beharrezko izpiriturik», Kanaaniren ustetan.

Hezbollah Libanoko talde xiitak ere babesa helarazi zien Palestinako miliziei, eta adierazi zuen «Israelen okupazio iraunkorrari erantzun irmoa» eman diotela; talde horrek ere ohartarazi zuen Israelekin harremanak «normalizatzen» ari diren eta hori egin nahi duten herrialde arabiarrentzako «mezu bat» ere badela erasoaldia.

Erreakzioak ugaritzen ari ziren bitartean, Egiptoren erantzunak bereganatu zuen arreta, iraganean izandako borroketan bitartekari lana egin baitu. Oraingoan ere horretan ari dela ziurtatu zuen atzo Kairok, eta arrakasta izateko «moderazio handia» eskatu zien bi aldeei; azaldu zuenez, harremanetan da Israelekin eta Gazarekin, oldarraldia baretzen saiatzeko, eta nazioarteko eragileek esku hartu dezaten galdegin zuen.

Beste herrialde batzuek Palestinako milizien erasoa salatu zuten. Kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Israelen aliatuetako batek; Antony Blinken Estatu idazkariak helarazi zuen mezu hori, eta gerora argitara atera zuten Joe Biden AEBetako presidentea eta Israelgo lehen ministroa telefonoz mintzatu zirela. Elkarrizketa horretan, Bidenek Netanyahuri esan zion «eskubidea» dutela «beren burua defendatzeko», eta Israelgo lehen ministroak erantzun zion borroka «luze eta sendoa» beharko dutela «irabazteko»; horren ondoren, Israelgo lehen ministroak Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin—hura Abbasekin ere aritu zen— eta Mark Rutte Herbehereetako gobernuburuarekin ere hitz egin zuen, kasurako.

Europako Batasunari dagokionez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere gaitzetsi zuen Hamasen eta Jihad Islamikoaren erasoa; hark ere esan zuen Israelek «defendatzeko eskubidea» duela milizien operazioan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, berriz, «eusteko» eskatu zien bi aldeei: «Baztertu ditzatela tentsioa okertzea ekarriko duten neurriak». Bide beretik, NBE Nazio Batuen Erakundeak «indarkeria amaitzeko» eskatu zien Israelgo armadari eta Palestinako miliziei, eta Brasilek jakinarazi zuen erakunde horren Segurtasun Kontseiluaren bilera batera deitu duela.

2021ean gertaturikoak

Baliteke atzo abiaturiko erasoaldiaren eta, oro har, bi aldeen arteko borrokaren eskalak antzekotasunak izatea 2021eko maiatzean gertaturikoarekin, edo, are, hura gainditzea.

Orduan, hamar egun iraun zuen borrokak, eta Israelgo armadak gutxienez 230 palestinar hil zituen Gazan, eta 1.700dik gora zauritu; kalte materialak ere handiak izan ziren, bonbardaketek 264 milioi euroren kalteak eragin baitzituzten, Gazako Informazio Ministerioaren datuen arabera. Israelen, berriz, hamabi lagun hil eta 336 lagun zauritu ziren Hamasen suziriengatik.

Horren ondoren, iazko maiatzean, Israelgo armadak Jihad Islamikoaren kontrako Ezkutua eta gezia operazioa abiatu zuen —«hilketa selektiboen» zerrendan jasotako izenak zituen helburu—. Bost egun iraun zuen, eta 30 palestinar baino gehiago hil zituzten tarte horretan; hori bai, biktima guztiak ez ziren talde armatuko kideak, gehienak zibilak izan baitziren. Eta, orduan ere, Egiptok lortu zuen bi aldeek menia adostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.