Israelek beste 78 gazatar hil ditu, zerrendako biztanleak lekualdatzeko planak egiten ari den bitartean

Gazako erasoaldia izan dute hizpide Trumpek eta Netanyahuk Etxe Zurian. Rafahn «gune humanitario bat» ezarri nahi du Tel Avivek, zerrendako 600.000 biztanle bertara desplazatzeko.

Israelgo armadaren eraso batean zauritutako palestinarrak, atzo, Al-Mawasi errefuxiatuen esparruan, Gaza hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Israelgo armadaren eraso batean zauritutako palestinarrak, atzo, Al-Mawasi errefuxiatuen esparruan, Gaza hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Arantxa Elizegi Egileor - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko uztailaren 8a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazan sarraskia egiten jarraitzen du Israelek, eta, orain, zerrendako biztanle guztiak are eta eremu txikiagoan pilatu nahi ditu. Gaur, gutxienez beste 78 palestinar hil ditu Israelgo armadak, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Bitartean, Gazarako su eten bat negoziatzen ari dira Qatarren. Bada, Tel Avivek balizko tregoa hori baliatu nahi du Rafahn, Gaza hegoaldean, «gune humanitario bat» eraiki, eta zerrendako biztanleak bertara lekualdatzeko.

Gaza hirian gutxienez 11 pertsona hil dituzte gaur; horietako bost kanpadenda batean zeuden, eta beste seiak laguntza humanitarioa jasotzeko gune batetik hurbil. Beste 24 palestinar hil dituzte zerrendaren hegoaldeko hainbat gunetan: horietatik bederatzi, Al-Mawasi desplazatuentzako kanpalekuan; hamar, Khan Yunis hirian, eta bi, Bureij errefuxiatuen esparruan.

Bitartean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta AEBetako presidente Donald Trump Etxe Zurian bildu dira, Gazako egoeraz hitz egiteko. Bertan, kazetarien galderei erantzunez, Netanyahuk berretsi du asmoa duela Rafahn «gune humanitario bat» ezartzeko, «hala nahi duten palestinarrek» bertan «babes hartzeko» aukera izan dezaten. «Ez da toki itxia izango; mugitzeko askatasuna izango dute». Horretaz gain, lehen ministroak azaldu du beste herrialde batzuekin hitz egiten ari direla, «Gazatik atera nahi duten palestinarrak» har ditzaten.

(ID_15126142) FOTODELDÍA EE.UU. ISRAEL
AEBetako eta Israelgo gobernuetako ordezkariak, tartean Trump eta Netanyahu, atzo, Etxe Zurian. AL DRAGO / EFE

Munduan biztanleria dentsitate handiena duen guneetako bat da Gazako zerrenda, eta Israelek are eta gehiago estutu nahi du itxitura. Zerrenda 41 kilometro luze da, eta hamar kilometro zabal; Baztan udalerriak (Nafarroa) baino azalera txikiagoa du. 2,3 milioi palestinar bizi ziren bertan 2023ko urrian Israelek zerrendaren aurkako erasoaldia are eta gehiago gogortu zuenean. Ordutik, Israelek 57.000 palestinar baino gehiago hil ditu, eta orain zerrendako biztanle guztiak Rafahn pilatu nahi ditu. Hala jakinarazi zuen Israel Katz Defentsa ministroak atzo arratsaldean, eta Netanyahuk berretsi egin du.

AEBetako enpresa bat tartean

Katzek prentsaurreko batean azaldu zuenez, «gune humanitario» horretan Gazako biztanle guztiak sartzeko asmoa dute. Halere, hasieran 600.000 gazatar lekualdatzeko asmoa dute, egun Al-Mawasi errefuxiatuen esparruan bizi direnak. Gune horretara sartzerakoan, Israelgo armadaren kontrolgune bat zeharkatu beharko dute «Hamaseko kideak diren edo ez» egiaztatzeko. Hori bai, ministroak ziurtatu zuenez, behin kontrol hori zeharkatuta, palestinarrek ezingo dute Rafahko esparrutik irten.

Gazarako su eten bat indarrean sartuz gero, tregoa aldi hori baliatzeko asmoa dute «gune humanitarioa» eraikitzeko. Defentsa ministroaren arabera, Israelgo armadak esparruaren ingurua zainduko luke, baina ez da arduratuko gunea kudeatzeaz, ezta laguntza humanitarioa banatzeaz ere. Horretarako, «atzerriko bazkideen» bila ari direla esan zuen.

Hain justu, atzerriko enpresa bat arduratu da Gaza «berreraikitzeko» planak diseinatzeaz. Financial Times Erresuma Batuko kazeta ekonomikoak kaleratu duenez, AEBetako Boston Consulting Group aholkularitza enpresak Gazako biztanleak lekualdatzeak eragingo lituzkeen kostu ekonomikoak aztertu ditu. Aholkularitza enpresak egindako estimazioen arabera, 500.000 gazatar zerrenda uzteko prest egongo lirateke 9.000 dolarreko —7.600 euro inguru— «lekualdatze paketeak» ordainduta.

Enpresa berak parte hartu zuen GHF Gaza Humanitarian Foundationen sorreran. AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute gehienbat erakunde hori, eta, maiatzetik, talde horrek soilik du Israelen baimena Gazan laguntza humanitarioa banatzeko. Sistema hori ezarri zutenetik, 580 gazatar baino gehiago hil dituzte laguntza jasotzeko guneetan. Horregatik, Boston Consulting Groupek barkamena eskatu du GHF sortzen lagundu izanagatik. Gainera, Financial Times-ek jaso duenez, aholkularitza enpresak adierazi du Gazako «berreraikuntza» proiektua gauzatu duten langileek ez diotela lan horren hedapenaren berri eman zuzendaritzari.

Menia negoziatzen

Igandetik, Hamaseko eta Israelgo ordezkariak Dohan ari dira menia hori negoziatzen. AEBek hirurogei eguneko su etena proposatu zuten. Denbora tarte horretan, erakunde islamistak hamar bahitu israeldar askatu beharko lituzke, baita beste hemezortzi gatiburen gorpuak entregatu ere. Trukean, Tel Avivek zenbait preso palestinar askatuko lituzke, baita zerrendako hainbat gunetatik tropak erretiratu ere. Israelgo Gobernuaren ustez 50 bahitu geratzen dira Gazan, horien erdiak baino gehiago hilik. Al-Araby Al-Jadeed Qatarko egunkariak negoziazioetako iturriak aipatuz zabaldu duenez, Hamasen eskakizunetako bat da Gazan laguntza humanitarioa NBE Nazio Batuen Erakundeak banatu dezala, eta ez GHFk.

10.800

Zenbat palestinar dauden Israelgo kartzeletan. Preso Palestinarren Elkarteak gaur kaleratu duen ohar baten arabera, 10.800 palestinar daude preso Israelgo espetxeetan; 2000. urtetik inoiz ez dira horrenbeste izan. Preso horien artean gutxienez 450 adingabe eta 50 emakume daudela gaineratu dute oharrean.

Trumpek berak iragarri zuen Israel prest legokeela menia hori sinatzeko Hamasekin. Tel Avivek, ordea, ez du halakorik berretsi; are gehiago, gaur Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek Netanyahuri eskatu dio erretira ditzala Dohako negoziazioetara bidalitako ordezkariak. Atzo Beit Hanunen, Gaza iparraldean, bost soldadu israeldar atentatu batean hil ondoren heldu dira adierazpenok. Israelgo hedabideek gobernuko iturriak aipatuz zabaldu dutenez, menia akordioaren %80 edo %90 adostuta dago, baina «egun batzuk» beharko dira azken doikuntzak egiteko.

Netanyahuk ez du halakorik baieztatu Etxe Zurian. Hori bai, bake akordioak egitearen alde agertu da, betiere beste aldeak Israel aitortzen badu: «Bakea eraikiko dugu gu suntsitu nahi ez gaituztenekin, betiere gure segurtasuna gure esku dagoela. Zenbaitek esango du hori ez dela estatu bat eraikitzea, baina ez zaigu axola». Bi buruzagien arteko harremana ona dela erakutsi nahi izan dute estatuburuek bart, eta, bide horretan, Netanyahuk iragarri du Bakearen Nobel sarirako hautagai aurkeztuko duela AEBetako presidentearen izena, argudiatuta «bakea eraikitzen» ari dela herrialde batean baino gehiagotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.