Israelek erabat itxiko du Zisjordania Hebronen tiroketa bat izan ostean

Israelgo indarrek bi palestinar hil dituzte, erasotzaileak zirela argudiatuta, eta palestinarrek Israelgo bost soldadu zauritu dituzte. Bi larri daudela jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek. Netanyahuk ez du argitu noiz arte itxiko duen Zisjordania.

Israelgo armadako soldaduak Hebron inguruan, gaur, Zisjordania erabat ixteko prest. EFE
Israelgo armadako soldaduak Hebron inguruan, gaur, Zisjordania erabat ixteko prest. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 23a
12:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko egun gutxi falta diren honetan, Israelgo estatu indarrek bi lagun hil dituzte gaur Zisjordanian. Tel Aviven arabera, hildakoak palestinarrak ziren, eta beste hainbat kiderekin zeuden. Armak zeuzkatela azaldu dute, eta hainbat tiro egin dituztela Israelgo kolonoen aurka. Israelgo soldaduek «aurre» egin diete «erasotzaileei», eta horietako bi hil dituzte. Hala ere, Tel Avivek jakinarazi du Israelgo armadako bost soldadu zauritu dituztela, eta horietako bi larri daudela. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Zisjordania erabat ixteko agindu du. 

«Agertoki zail batera iritsi gara, oraindik tiro hotsak entzuten zirela. Blindatutako anbulantzia bat erabili dugu, eta berehala hasi gara zauritutakoen ebakuazioarekin laguntzen», adierazi dute Israelgo larrialdi zerbitzuek, sare sozialetan zabaldu duten ohar batean.

Zauritutako soldaduetatik bi larri daudela ohartarazi dute estatu indarrek, eta, bat, «neurrizko larritasun» baten barruan. Beste biek, berriz, zauri arinak dituzte. Hala ere, Jerusalemgo Shaare Zedek eta Hadasah Ein Kerem ospitaleetara eraman dituzte bostak.

Gertaeraren berri izan eta berehala agindu du Netanyahuk gaurtik aurrera Zisjordania «guztiz» ixteko. Hala ere, ez du adierazi erabaki horrek noiz arte iraungo duen. «Israelgo Defentsa eta Segurtasun Indarrei agindu diet Hebron hiria berehala inguratzeko eta presta daitezen Judea eta Samaria eskualde osoa [hala deitzen diote israeldarrek Zisjordaniari] gaurtik aurrera erabat ixteko», idatzi du Netanyahuk sare sozialetan. Asteartean dira hauteskundeak egitekoak.

Israelgo lehen ministroak bertan behera utzi ditu Likud bere alderdiak gaur goizean hauteskundeekin lotuta zeuzkan ekitaldi guztiak. Hala jakinarazi du alderdiak berak, sare sozialetan.

Armadak, bestalde, adierazi du inguruak miatzen jarraitzen dutela «erasotzaile» gehiagoren bila. Baina, oraingoz, ez dute ziurtatu zenbat pertsonak hartu duen parte «erasoaldian». Eta ez dute «erasotuak» izan diren kolonoen daturik eman.

Horren guztiaren harira, gogorarazi behar da B 'Tselemen lurralde okupatuetako Giza Eskubideen informazio zentro israeldarraren arabera, 2023ko urriaz geroztik gutxienez 35 palestinar hil dituztela Israelgo kolonoek.

Horrekin lotuta, Yesh Din GKE gobernuz kanpoko erakundeak israeldarrek Zisjordanian egiten dituzten erasoak aztertu zituen abuztuan, eta ohartarazi zuen palestinarren aurkako indarkeria areagotzen ari direla. Eta, gaineratu zuen palestinarrak beren lurretatik kanporatzen ari direla, izua sentiaraziz eta haien gainean duten kontrola sendotuz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA