Israelek beste urrats bat egin du Ekialde Hurbilean martxan daukan gerra politikan. Bart Irani egin dio eraso 200 gerra hegazkin erabiliz, 02:00ak aldean, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren aginduei jarraituz. Israelgo armadako iturrien arabera, «Iranen programa nuklearrarekin lotuta dauden dozenaka azpiegitura, base militar, armadaburu eta zientzialari» izan ditu helburu erasoak, eta, Irango hedabideen arabera, 70 pertsona baino gehiago hil dituzte. Irango Gobernuak baieztatu du gutxienez hamar pertsona hil dituztela operazio militar horretan: kupula militarreko lau goi kargudun, eta sei zientzialari. Hildakoen artean daude Hossein Salami Irango Guardia Iraultzaileko jenerala, Muhammad Bagheri Irango armadako burua, Gholam Ali Rashid Irango armadaren Jatam-al Anbiya egoitzako komandantea —larrialdiez eta krisiez arduratzen zen— eta Amir Ali Hajizadeh Irango Guardia Iraultzaileko Aireko eta Espazioko burua.
Erasoaren ostean, Iranek adierazi du erantzuteko zilegitasuna duela, eta INRA herrialdeko albiste agentziak iturri ofizialak kaleratu duenez, Teheranek «ehunka misil balistiko» jaurti ditu arratsalde honetan. Israelgo armadak, ohar bidez, baieztatu du «dozenaka» misil jaurti dituela Iranek Israelerantz, eta entzuten diren eztandak «eraitsitako» misilenak direla: «Aireko defentsa sistemak etenik gabe identifikatzen eta atzematen ditu mehatxuak». Israel Hayom egunkariaren arabera, Tel Aviveko zazpi gunetan erori dira misilak; tartean, Defentsa Ministerioaren egoitzan. Hareetz egunkariaren arabera, dozena bat lagun zauritu dira. Irango Guardia Iraultzaileak, halaber, esan du «dozenaka» helburu eta egoitza militar jo dituztela misilek. Reuters berri agentziaren arabera, Jerusalemen ere eztandak entzun dira iluntze aldera. Israelek babeslekuetan aterpe hartzeko agindu die herritarrei.
Ali Khamenei lider gorenak ohartarazi du Israelen patua «mingarria eta mikatza» izango dela, eta Iranen erantzuna ez dela «erdibidekoa» izango. Abbas Araghtxi Atzerri ministroaren hitzetan, «gerra deklarazioa» da Israelen jarrera, eta gutuna bidali dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, gaur arratsaldean bilera egin eta Israelen erasoaldia «gaitzets» dezan. Khameneik Guardia Iraultzaileko buru izendatu du Mohammad Pakpour, eta IRNA Irango albiste agentzia nazionalak jaso duenez, esan du «infernuko ateak irekiko» direla Israelen.
Tel Aviven esanetan, 100 drone inguru jaurti ditu goizean Teheranek Israelerantz, eta, Reuters berri agentziak jaso duenez, Israelgo iturri militarrek esan dute eguerdian horietako «asko» erorarazi dituztela, eta bertan behera utzi dutela herritarrei aterpe hartzeko emandako agindua. Iran bonbardatu ondoren, Netanyahuk nabarmendu du gerra ez dela «doan». Nazioarteak Israelen erasoa gaitzetsi du, eta AEBek azpimarratu dute beren oniritzirik gabe hartu duela erabakia. Hori bai, Donald Trump Etxe Zuriko maizterraren arabera, Israelek era «are bortitzagoan» eraso egingo dio Irani, errepublika islamiarrak ez badu akordio nuklear berri bat sinatzen; hain zuzen, AEBekin ari da hori negoziatzen. «Uste dut erasoa bikaina izan dela. Aukera bat eman genien, eta ez zuten aprobetxatu. Kolpea gogorra izan da, oso gogorra», nabarmendu du Trumpek, ABC News telebista kateko saio batean.
Netanyahuk, ostera, azpimarratu du behar beste luzatuko dutela operazio militarra, eta arratsaldean hainbat eztanda entzun dira Teheranen eta inguruko hirietan, IRNAk kaleratu duenez. Iluntzean egin duen agerraldian, Netanyahuk esan du eraso «gehiago» egongo direla. Gainera, erantsi du Iran ez dela «inoiz hain ahul egon», eta «irandarrek erregimenaren kontra altxatzeko aukera» dutela.
Israelgo armadaren arabera, erasoa «zehatza eta prebentiboa» izan da, eta «kalitate handiko inteligentzian» oinarritu du. Hura justifikatzeko, armadako iturriek ohar baten bidez esan dute urteak daramatzatela Iranen programa nuklearra aztertzen; azaldu dutenez, bonba nuklear bat garatu ahal izateko «urrats garrantzitsuak» egin ditu Iranek, eta horrek bultzatuta egin diote eraso. Hamabost bonba nuklear egiteko materiala luke Iranek, iturri horien arabera. Eyal Zamir Israelgo armadaren buruak bideo batean esan du «inoiz ez bezalako kanpaina militar historiko bat» dela: «Ezinbesteko operazioa izan da, suntsitu nahi gaituen etsai baten mehatxua eragozteko. Iritsi da garaia, eta atzera-bueltarik gabeko puntu batean gaude. Ezin dugu itxaron».
Netanyahuren hitzetan, «Iranen mehatxuaren» ondorioz «Israelen iraupena» dago jokoan, eta, horrenbestez, berak aipatutako mehatxuak baliogabetu arte erasoaldiarekin jarraitzeko prest agertu da. Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da Israelek eskualde osoan dauzkala fronte militarrak irekita. Batetik, Gazan sarraskia egiten ari da, eta azkeneko urte eta erdian 54.000 pertsona baino gehiago hil ditu han. Bestetik, ez du Libanorekin aurreko azaroan sinatutako su etena errespetatzen, eta tarteka iparraldeko bizilagunari eraso egiten dio. Eta, azkenik, Siria ere jomugan du, eta hango zati bat okupatua dauka —Golango gainak—.
IAEAren ohartarazpena
Iran osoan egin du eraso Israelek. Leherketak izan dira, esaterako, Teheranen eta Natanzeko azpiegitura nuklearrean —herrialdeko handiena da—. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu egin du instalazio horren kontra eraso egin dutela, baina lasaitasun mezu bat plazaratu du sare sozialetan: erasoa gorabehera, ez da igo zentral nuklearraren erradiazio maila. Isfahaneko azpiegitura nuklearrari ere eraso egin diola jakinarazi du Israelgo armadak, eta Fordowekoan pare bat eztanda entzun dira arratsaldean, hedabideen arabera. Hori bai, barne bilera batean, NBEren agentzia horren zuzendari Rafael Grossik ohartarazi du Israelen erasoak «segurtasun nuklearrari» eragiten diola. Gainera, zera esan du, NBEren hainbat ebazpenek zehazten dutenez, helburu bakezaleak dituen instalazio nuklear bati eraso egiteak erakundearen gutuna urratzea dakarrela. Hain zuzen, erantzuteko zilegitasuna justifikatzeko orduan, Araqchi Atzerri ministroak NBEren gutuna izan du hizpide, sare sozialetan: «NBEren gutunaren 51. artikuluaren arabera, Iranek eskubidea du eraso horri erantzuteko, eta Irango indar armatuek ez dute zalantzarik egingo nazioa bere botere guztia erabiliz eta egoki ikusten duten moduan defendatzeko».
%50Iranek zenbat areagotu duen uranio aberastuaren ekoizpena azken hiru hilabeteetan.IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren azken txostenaren arabera, aurtengo otsailetik maiatzera Iranek %50 areagotu du uranio aberastuaren ekoizpena. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek berak atzo nabarmendu zuen Teheran ez dela ari betetzen akordio nuklearrerako hartutako konpromisoak.
Herrialdeko hainbat puntu jo ditu Israelen erasoak. Iran hegoaldeko hiri handiena bonbardatu du, Xiraz, baita ipar-mendebaldeko gune nagusia ere, Tabriz. Eta Israelen ekintzaren ondoren, Jordaniak, Irakek eta Libanok aire espazio itxi dute, behin-behinean. Egiptokoa, berriz, irekia dago.

Hain justu, Iran eta AEBak Irango akordio nuklearra berriro negoziatzen hasi diren honetan egin du eraso Israelek. Apirilaren 12an ekin zioten, eta igande honetan hitzordua dute Omanen, bitartekari ari den herrialdean. Hain justu, Omango Atzerri Ministerioak egotzi dio Israeli «nahita» oztopatu nahi izatea elkarrizketa horiek. «Prozesu diplomatiko baten kontra ari da, eta gatazka eragiten», leporatu dio Tel Avivi, ohar batean.
Atzo, Washingtonek ohartarazi zuen bazitekeela Israelen eraso bat iristea Irango helburu militarren eta nuklearren aurka. Heldu da, bai, eta Iranek AEBak egin ditu horren erantzule. «Erregimen sionistaren bortizkeriazko ekintza hauek ezin izango ziren egin AEBen baimenik gabe». Marco Rubio Estatu idazkariak, ordea, ukatu egin du, eta adierazi Israelen erabakia «aldebakarrekoa» izan dela, eta beren helburua zera dela, eskualdean zabalduta dauden AEBetako tropak babestea.
Nazioarteak, oro har, Israelen erasoa kritikatu du, eta gatazka ez areagotzeko eskatu die bi aldeei. Arabiar Ligaren esanetan, «egoera deskontrolatzea» eragotzi behar da. Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen buruaren iritziz, «arriskutsua» da egoera, eta «behar-beharrezkoa da irtenbide diplomatiko bat bilatzea». Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganenentzat «probokazio nabarmen bat» da erasoa, eta salatu du Israelek nazioarteko zuzenbidea urratu duela berriro. Txinako Atzerri Ministerioa «oso kezkatuta» dago gertatu denak izan ditzakeen ondorioekin, eta, Errusiako Atzerri Ministerioaren ustez, «onartezina» da Israelen jarrera. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gatazka ez estutzeko esan die bi aldeei, baina Israelek «bere izatea» defendatzeko duen eskubidea nabarmendu du. Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere antzera mintzatu da.