Gazarako hiru aldeko akordioa ez aurrera eta ez atzera dago. Israelgo Gobernuak zalantza asko ditu Donald Trump AEBetako presidentearen batzordeak iragarritako akordioarekin, eta ez du gaur egun Gazan daukan boterea galdu nahi. Gaur, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi utzi du desadostasunak daudela bi aldeen artean, eta nabarmendu du Gazan edozein urrats egin baino lehen Hamas armagabetu beharra dagoela.
«Hamas eta Gazako beste talde armatu guztiak armagabetzeko akordio historiko bat lortu du Bake Batzordeak». Hitz horiek erabili zituen Trumpek iragan astean Hamas milizia palestinarraren «erabateko armagabetzea» iragartzeko. Hamasek baieztatu egin zuen albistea, baina baldintzak jarri zizkion akordioari. Haiek armak uzteko, aurrez Israelgo armadak Gazatik alde egin beharko du, zerrendarako igarobideak ireki, eta erasoak eten. «Israelek ez badu akordioa betetzen, guk ere ez dugu beteko», ohartarazi zuten.
Gaur, bost egun geroago, Netanyahuk azaldu du «desadostasunak» dituztela Trumpek eta berak Gazarako planaren gainean, eta ez dituela ezkutatu nahi. «Gaza berreraikitzeko fasera igaro baino lehen Hamas armagabetu beharra dago, eta Gazako zerrenda desmilitarizatu», adierazi du gaur. Atzo Nickolay Mladenov Trumpen Bakearen Batzordearen ordezkariarekin bildu ostean egin du adierazpen hori Israelgo liderrak.
Izan ere, Israelek esan izan du bere tropak Lerro horia deituriko eremuan geldituko direla gehienez ere —Israelgo armadak Gazako zerrendan marraztu eta kontrolatzen duen eremua banatzen duen marra lausoa da—, baina ez direla bertatik aterako.
Hamasek, berriz, atzo gauean esan zuen Bake Batzordearen informazio argiaren eta ofizialaren zain daudela, baina konpromisoa berretsi zuen aurrez adostutako puntuen gainean.
Trumpen Bake Batzordeak atzo ohar bidez adierazi zuen Israelgo armada «erabat» erretiratuko dela Gazako zerrendatik, baina horretarako Hamas erabat armagabetu behar dela. Zehaztu zuten talde islamistak konpromiso hori hartu zuela, eta ohartarazi arma txikiak eta handiak utzi beharko dituztela, baita lur azpian dauzkan tunelak ere.
Gainera, oharrean nabarmentzen da Trumpen Bake Batzordeak eta Israelgo Gobernuak «ikuskera bera» daukatela, baita helburu bera ere: «Zerrenda erabat armagabetzea, eta erregimen armatu batetik gobernantza zibil batera trantsizioa egitea».
Erasoak Gazan
Oharrean harreman ona daukatela erakusten duten arren, Trumpek askotan erakutsi du edozein akordio paper erre bilaka dezakeela. Netanyahuren hitzek ez dute akordiorik erakusten, eta Mladenovek, esaterako, kargua hartu zion herenegun Israeli, X sare sozialean, azken egunetan zerrendan eraso egiten eta jendea hiltzen jarraitzeagatik.
Israelek, baina, eraso egiten segitzen du. Adibidez, bi lagun hil zituen atzo Gazan aire bidezko eraso batean. Eta Gazako Osasun Ministerioak larunbatean salatu zuen sendagaiak gordetzen zituzten hainbat biltegi suntsitu zituela Israelek. Hori dela eta, OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek gaur X sare sozialean adierazi duenez, su etena indarrean dagoen arren, segurtasun gabeziak bere hartan daude Gazan, eta eskatu du ospitaleak eta sendagaiak gordetzen dituzten biltegiak errespetatzeko.

Gainera, behin abuztuan sartuta, iturri ofizialek jakinarazi dute uztaila izan dela urteko hilabeterik lazgarriena Gazan. Izan ere, Israelek 150 lagun baino gehiago hil ditu bertan. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohar bat zabaldu du gaur, eta «zibilen hilketa guztiak» kondenatzen dituela adierazi du. Era berean, OMEk bezalaxe, NBEk ere salatu du ezin dela inoiz erasorik egin osasun arretarekin lotura daukaten eraikinetan edo instalazioetan.
Horregatik, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak gaur ohar batean salatu duenez, Israelek ez du «bakea helburu gisa» hartzen, «genozidioa gauzatzeko oztopo gisa» baizik. Asteburuko erasoak hartu ditu adibidetzat PANek: «Negoziazioetan, Israelek argi erakusten du ez daukala borondate politikorik, eta ez duela akordioa errespetatu beharreko konpromisotzat hartzen».
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, iazko urriaren 11z geroztik 1.252 lagun hil ditu Israelek Gazan, eta 4.120 lagun zauritu. Guztira, 2023ko urrian Palestinako inbasioa areagotu zuenetik 73.377 lagun hil ditu Israelgo armadak Gazan, eta 174.230 pertsona zauritu.
Horrekin lotuta, gaur ere erasoak egin dituzte Israelgo Kolonoek Zisjordanian. Bertako herritarren zenbait auto kiskali dituzte, eta kalteak eragin dituzte Talfit eta Jalud herrixketan.
LIBERIAKO BANDERA ZEUKAN ONTZI BAT JO DUTE ORMUZEN
Reuters AEBetako albiste agentziak gaur zabaldu duenez, jaurtigai batek Ormuzen zegoen ontzi bat jo du gaur. Eraso dioten ontziak Liberiako bandera zeukan, eta Omango kostaldetik gertu zegoela jo dute. Oraingoz ez dute zehaztu nork bota duen jaurtigaia.
Ormuzko pasabideari dagokionez, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak CNBC telebista katean gaur adierazi du litekeena dela Washingtonek eta Iranek bertako itsasbidea zabaltzeko ituna egitea, «gaur edo bihar». Gogorarazi behar da Donald Trump AEBetako presidenteak Iranen aurkako erasoak geldiarazi dituela asteburuan, Ormuzko auziari konponbidea jartzeko asmoz.Teheran Omanekin ari da negoziatzen Ormuzko pasabidearen gainean. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak igandean adierazi zuen negoziazioa «azken fasean» zegoela, baina nabarmendu zuen AEBak ez zirela negoziazio horren parte.