Israelek eta AEBek gaitzetsi egin dute Palestina aitortzeko Frantziaren asmoa

Tel Avivek eta Washingtonek uste dute «ekintza arriskutsua» dela; Hamasek eta Al-Fatahk txalotu egin dute Parisen erabakia. Israelek esan du Jordaniari eta Arabiar Emirerri Batuei baimena emango diela Gazara laguntza humanitarioa airez emateko.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, Atenasen, gaur. ORESTIS PANAGIOTU / EFE
Palestinaren aldeko manifestazio bat, Atenasen, gaur. ORESTIS PANAGIOTU / EFE
maddi iztueta olano
2025eko uztailaren 25a
16:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurretiazko abisurik eman gabe, erabaki deigarri bat hartu du Frantziak: Palestinako Estatua aitortzea. Batzuk poztu egin dira erabakiaren berri izatean; beste batzuk, berriz, haserretu. Ofizialki, datorren irailean aitortuko du, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran. Emmanuel Macron presidenteak eman zuen horren berri atzo iluntzean, eta gaur goizean iritsi dira albistearen erreakzioak. AEBek eta Israelek uste dute Parisek «akats politiko eta etiko bat» egin duela, eta ohartarazi diote urrats horrek ez duela modurik emango «bakea erdiesteko»; are, Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek «Hamasen eta terrorismoaren alde» egitea egotzi dio Macroni.

Parisek duela zenbait hilabete ireki zion atea Palestinako Estatua aitortzeko aukerari. Halere, Frantziako Gobernuak ez du inoiz horretarako data zehatzik aipatu; haren arabera, «egoera eta garaia aproposak» zirenean hartuko zuten erabakia. Macronek atzo adierazi zuenez, orain da horretarako garaia: «Orain premiazkoa da Gazan gerra gelditzea eta populazio zibilari segurtasuna bermatzea». Dena den, Frantziako presidenteak bi baldintza jarri ditu asmoarekin aurrera jarraitzeko: Hamas desmilitarizatzea, eta Palestinako erakunde horrek eta gainontzekoek Israelgo Estatua guztiz onartzea.

Erabakiaren berri izan eta gutxira, Frantziaren jarrera txalotu zuen Hamasek, baina ez zuen ezer esan baldintza horien inguruan. Palestinako erakunde islamistaren aburuz, Parisen asmoa «aurrerapauso politiko bat» da, eta nazioarteko gainontzeko herrialdeei eskatu die jarrai diezaiotela Frantziaren ereduari, eta aitortu dezatela palestinarrek beren «sorterrira itzultzeko» eta «aberrian estatu independente bat eraikitzeko» duten eskubidea. «Okupazio sionistak Gazan genozidio bat egiten jarraitzen du, gosea arma gisa erabiliz; nazioartearen urrats hauek areagotu egiten dute haren aurkako presioa», gaineratu du oharrean. Al-Fatahk ere, Palestinako Aginte Nazionalaren buru den talde politikoak, txalotu egin du Frantziako Gobernuaren erabakia, iritzita «ekintza historiko bat» dela.

Nazioartean ez ezik, herrialdean bertan ere ika-mika eragin du Macronen jakinarazpenak. Gogor hitz egin du RN Batasun Nazionalak Asanblea Nazionalean duen taldeko buru Marine Le Penek, sare sozialen bidez: «Orain Palestinako Estatua aitortzea zera da, Hamasen agindupeko estatu bat aitortzea; eta, hortaz, estatu terrorista bat». Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek akusazio horiei erantzun die: «Hamasek beti egin dio uko bi estatuen konponbideari. Gure erabakiak esan nahi du, hain justu, Frantzia ez datorrela bat Hamasen ikuspegiarekin, eta bakea lehenesten du».

Gaur-gaurkoz, NBEko kide diren 148 estatuk aitortzen dute Palestinako Estatua. EB Europako Batasunari dagokionez, ekialdekoak dira aitortza hori egin duten herrialde gehienak; Mendebaldekoen artean, Espainiak, Suediak, Norvegiak eta Irlandako Errepublikak besterik ez dute hori egin. Eta Frantziak pausoa eman ondoren, ez du irudi epe laburrean zerrenda hori luzatuko denik. Alemaniako Gobernuak esan du, adibidez, oraingoz ez duela Palestina estatutzat aitortzeko asmorik; halere, iradoki du prest egongo litzatekeela horretarako, «bi estatuen konponbidea indarrean jartzeko prozesu baten amaieran». Aintzat hartzekoa da Frantzia izango dela Palestinako Estatua aitortuko duen G7 taldeko aurreneko kidea.

Hain justu, nazioarteko hainbat estatu konponbide hori erdiesteko bide orriaz hitz egitekoak dira datorren astelehenetik asteazkenera, New Yorken, horretarako propio antolatu duten Goi Mailako Nazioarteko Konferentzian; Espainiak proposatu zuen bilkura hori egiteko, 2023ko urrian. Horrekin lotuta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gogorarazi du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, Errusiak «beti» babestu duela bi estatuen konponbidea; Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik, berriz, adierazi du «arazoa konpontzeko» ezinbestekoa dela Palestinak Israelgo Estatua aitortzea.

Akusazioak eta «oztopoak»

Gazarako hirugarren menia bat adosteko proposamen bat dute esku artean bitartekariek eta bi aldeek; nolanahi ere, ez du irudi Israelek eta Hamasek beren arteko desadostasunak bazter utzi dituztenik. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoak atzo jaso zuen bitartekariek egindako proposamenari Hamasek emandako erantzuna; bada, gaur, Netanyahuk esan du Hamas «oztopo bat» dela bahituak askatzea ahalbidetuko lukeen akordio bat erdiesteko, eta negoziazioak blokeatzen aritzea leporatu dio. Israelgo lehen ministroak hitz horiek esan eta gutxira, AEBetako presidente Donald Trumpek gauza bera adierazi du. Etxe Zurian prentsari egindako adierazpenetan, nabarmendu du Hamasek ez duela su eten bat adostu nahi. 

Negoziatzaileek hirurogei eguneko menia bat proposatu dute, eta asmoa litzateke denbora horretan bi aldeek tregoa iraunkor bat negoziatzea. Bi hilabete horietan, Hamasek aske utziko lituzke bahituta dauzkan hamar israeldar, eta hamalau gatiburen gorpuak entregatuko lituzke; bestalde, Israelek Gazaren %24-48 kontrolatu nahiko luke, hortaz, ez legoke prest tropak hainbat eremutatik ateratzeko.

22 hilabete igaro dira Israelek Gazaren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik, eta zerrendako egoera muturrekoa da. Han dauden palestinarrek ez dute kasik laguntza humanitariorik jaso azken hilabeteetan, Israelek bi hilabetez blokeatuta izan baitzuen, eta orain GHF Gaza Humanitarian Foundation taldeak soilik bideratzen du. Laguntza jasotzeko guneetan, baina, milatik gora gazatar hil dituzte talde horretako kideek. Israelek gero eta presio handiagoa du zerrendako egoera humanitarioa hobetzeko, eta, Mendebaldearen errietaren ondoren, gaur esan du baimena emango diela Jordaniari eta Arabiar Emirerri Batuei laguntza banatu dezaten; hori bai, airez. Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dute laguntza horrela banatzeak palestinarrak zauritu ditzakeela.

Nazioarteko zigor auzitegiak salaketa bat aurkeztu du hungariaren aurka

Nazioarteko Zigor Auzitegiak salaketa bat aurkeztu du Hungariako Gobernuaren aurka, pasa den apirilean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ez atxilotzeagatik. Egoitza Hagan (Herbehereak) duen organismo horrek iazko azaroan eman zuen Netanyahu atxilotzeko agindua, «gerra krimenak» egitea egotzita, eta Erromako Estatutuaren kide diren herrialdeek agindu hori betetzeko betebeharra dute. Hungaria estatutu horretako kide den arren, ez zuen Netanyahu atxilotu herrialdean izan zenean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.