Donald Trump AEBetako presidenteak Twitter bidez eman du bake akordioaren berri. «Aurrerapauso erraldoia gaurkoa! Gure bi adiskide handiren arteko bake akordio historikoa: Israel eta Arabiar Emirerri Batuak!», idatzi du.
Bi herrialdeen arteko akordioa baieztatu du Mohamed bin Zayed al-Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak. Hark azaldu duenez, Trumpek eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak akordioa lortu dute Israelek iragarria zuen anexio plana bertan behera uzteko. Bestalde, Arabiar Emirerri Batuek eta Israelek hitzartu dute aldebiko harreman bat ezartzeko modua emango duen bide orri bat negoziatzen hastea. Elkarrizketa horiek Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen arteko harremanak normalizatzeko balio beharko lukete.
Hiru herrialdeek adierazpen bateratu bat kaleratu dute. Nabarmendu dutenez, akordioa «aurrerapauso diplomatiko historikoa» da, eta «bakea sustatuko du Ekialde Hurbilean». Akordioa sinatu duten herrialdeen arabera, «bide berri bat» urratu dute, eta akordioak «eskualdearen potentzial erraldoia askatzeko» balioko du.
Israelgo ordezkaritza bat eta Arabiar Emirerri Batuetako bat bildu egingo dira «datozen asteetan», hainbat akordio sinatzeko. Horien artean, inbertsioei, turismoari, hegaldiei, segurtasunari, telekomunikazioei, teknologiari, energiari, osasunari, kulturari, ingurumenari eta harreman diplomatikoei dagozkien arloetakoak.
«Ekialde Hurbileko bi gizarterik dinamikoenen arteko loturak eskualdea eraldatuko du», sinatzaileen esanetan. Ekonomia hazkundea, garapen teknologikoa eta pertsonen arteko gertuko harremanak hauspotuko dituela adierazi dute.
Akordioaren ondorioz, Israelek uko egin dio Netanyahuk iragarri zuen anexio planari. Israelgo lehen ministroak zehaztu duenez, ordea, "behin-behinean" geratu da bertan behera egitasmoa. Plan horrek aurreikusten zuen Israelek Zisjordaniaren %40 ingururen gaineko subiranotasuna aldarrikatzea, eta eskualde horretan eraikitako legez kanpoko kokaguneak legeztatzea. Akordioaren sinatzaileek kaleratu duten oharrean zehaztu dutenez, AEBek Saudi Arabiaren babesarekin egin diote Israeli anexio plana bertan behera uzteko eskaria. Israelek onartu du orain herrialde arabiar eta musulmanekin harremanak sustatzera bideratzea indarrak.
AEBen «kiderik fidagarrienak eta gaitasun gehien dituztenak» hurbilduko ditu. Oharrak aurreratu du Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek AEBekin bat egingo dutela Ekialde Hurbilerako agenda estrategiko bat aurkezteko lanetan. Agenda horrek auzi diplomatikoak, ekonomikoak eta segurtasun arlokoak bilduko ditu.
Aldeek diote Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan «irtenbide justua, osoa eta egonkorra» lortzeko ahaleginetan jarraituko dutela.
Kritikak
PAE Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kide Hanan Ashrawik gaitzetsi egin du akordioa sare sozialetan: «Israel saritu egin dute okupazioa hasi zutenetik Palestinan legez kanpo egiten ari direna jendeaurrean bere gain ez hartzeagatik. Arabiar Emirerri Batuek publiko egin dituzte Israelekiko harreman normalizatuak izateko ahaleginak».
Arabiar Emirerri Batuak, Oman eta Bahreinek txalotu egin zuten Etxe Zuriak urtarrilean aurkeztutako «bake plana», Zisjordaniaren parte handi baten anexioa jasotzen zuena. Ez ziren horraino heldu Egipto, Qatar eta Saudi Arabia, nahiz eta aztertuko zutela aurreratu. Hala, soilik Iran eta Turkiak altxatu zuten ahotsa palestinarren alde. Ordea, palestinarren lurrak Israelen esku uzteko modua ematen zuen egitasmoa "behin-behinean" baztertuta, litekeena da aurrez zalantzak agertu zituzten estatuetako askok AEBen eta Arabiar Emirerri Batuen arteko hitzarmena babestea, batez ere modu horretan Teheranek eskualdean duen eragina murrizten badute.