UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egindako eskaera batetik dator Nazio Batuen Erakundeak argitaratu berri duen txostena. Israelek legez kanpo prestatutako kokaguneekin lotutako enpresen zerrenda bat eskatu zuen hark 2016an, lehen aldiz. Orain, ikerketa luze baten ostean, Israelgo eta nazioarteko 112 enpresaren zerrenda bat kaleratu du NBEk. Izen ezagunak daude tartean; besteak beste, Airbnb, Expedia, TripAdvisor eta Motorola.
Tel Aviven esanetan, «amore emate lotsagarria» da txostena. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren iritziz, erakunde «lerratua eta eraginik gabekoa» da NBEko Giza Eskubideen Batzordea. «Giza eskubideez kezkatu beharrean, Israelen izen ona zikintzeko lanetan ari dira». Ondorioz, iragarri du eten egingo dituztela NBEko giza eskubideen batzordearekin dituzten harremanak.
Txostenean, nabarmendu dute enpresa horien lanak «giza eskubideen inguruko kezka» eragiten duela, nahiz eta aitortu auziaren inguruan eztabaida handia dagoela. Airbnb-k, esaterako, iazko apirilean iragarri zuen nazioarteko giza eskubideen erakundeei emango zizkiela Zisjordaniako kokaguneekin lotuta lortutako irabaziak.
Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro Riyad al-Malikirentzat, baina, ez da nahikoa Airbnb-ren gisako enpresek irabaziak bestelako erakundeei ematea, eta eskatu du «berehala» eten ditzatela kokaguneekiko harremanak. Urrunago joan da Mohammed Shtayyeh lehen ministroa, eta iragarri du auzitegietan salatuko dituztela enpresak, eta «kalte-ordainak» eskatuko dizkietela.
600.000 israeldar eta 2,9 milioi palestinar inguru bizi dira Zisjordaniako kokaguneetan eta Jerusalem ekialdean. Nazioarteko legediak legez kanpokotzat jotzen dituen arren, Israelek halakoak egiten jarraitu du.