Israelgo Gobernuak onartu egin du AEBen eta Iranen arteko menia, baina esan du akordioak ez duela eraginik izango Libanon. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak jakinarazi du hori lehendabizi, eta berretsi egin du gero Israelgo armadak: «Libanoko operazioa martxan dago; su etena ez da aplikatuko Libanon».
Israelgo armadak adierazi du gatazka hasi zenetik egindako eraso olderik handiena egin duela gaur Libanon, eta zehaztu Hezbollahren ehun azpiegitura bonbardatu dituela hamar minutuan, 160 lehergailu jaurtiz. Libanoko osasun iturrien arabera 250 pertsona baino gehiago hil dira bonbardaketetan, eta mila inguru zauritu. Bonbetako asko eremu zibiletan jaurti dituzte, Israelen esanetan, han daudelako «Hezbollahren azpiegiturak».Â
Beiruteko bazter auzoak, Libano hegoaldeko Sidon hiria eta Bekaa harana bonbardatu dituzte. Erasoak «gerra krimenak» izan direla salatu du parlamentuko bozeramaile Nabih Berrik. Iranek, berriz, ohartarazi du Israelek Libanoren aurkako erasoak eten ezean itxi egingo duela Ormuzko itsasartea.Â
Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak Telegramen idatzi du, eta adierazi AEBek aukeratu egin behar dutela Israelen bidezko etengabeko gerra baten eta su etenaren artean. «Ezinezkoa da biak aldi berean izatea», argitu du.
Guztira Libanoko 1,2 milioi herritarrek egin dute alde etxetik Israelen erasoen harira, martxo hasieratik. Libanoko armadak ohar bat igorri du gaur, eta Libano hegoaldeko herritarrei eskatu die ez itzultzeko etxera oraindik: «Armadako agintariek herritarrei eskatzen diete hegoaldeko herrietarako eta hirietarako itzulera atzeratzeko eta Israelgo okupazio indarrek aurrera egin duten eremuetara ez hurbiltzeko, beren segurtasunarengatik».
Azken asteetan aurrera egin dute Israelgo indarrek Libanon; joan den astean jakinarazi zuen Israelgo Gobernuak Libano hegoaldea anexionatzeko asmoa duela. Litani ibaitik hegoaldera dagoen lurraldea bereganatzea jarri zuen Israelek helburu gisa, Hezbollahk han jarduten duela argudiatuta.
Hezbollahk erasoak eten ditu
Hezbollahk ez du erasorik egin tregoaz geroztik, eta baikor agertu da: «Garaipen historiko baten atarian gaude». Komunikatu bat igorri du talde xiitak, eta «pazientzia» eskatu die libanoarrei: «Herritarrei eskatzen diegu ez itzultzeko beren herrietara Libanon su etena ofizialki iragarri aurretik. [...] Jainkoak nahi badu, laster itzuliko dira, garaile direlarik; harro».
Ohar horren aurretik, Joseph Aun Libanoko presidenteak adierazi du Libanoko agintariak lanean ari direla AEBen eta Iranen arteko su etenak Libanori ere eragin diezaion. 01:00ean erregistratu du Israelek Libanotik egindako azken erasoa.
Hezbollahko kide batek, Ibrahim Mussawik, Libanoko telebista nazionalean nabarmendu du Iranek Israeli eraso egingo diola Libanon bonbardaketek etenik ez badute. Argudiatu du meniak Libano ere biltzen duela; «[Iran eta Libano] ez dira su etenarekin konprometituko Israelek hura errespetatzen ez badu», esan du. Geroago, Hezbollahk ohar bat zabaldu du Telegramen, eta adierazi Israelek gaur egindako sarraskiak agerian uzten duela, orain arteko eraso guztietan bezala, Libanok «okupazioari aurre egiteko eta erasoari erantzuteko eskubidea» daukala.
Baina mehatxuari mehatxu eginez erantzun dio Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak, eta Naim Qassem Hezbollahko liderrari mintzatu zaio: «Naim Qassemi ohartarazten diogu Hezbollahk oso garesti ordainduko duela Iranen izenean Israeli eraso egiten badio. Naim Qassem berari ere helduko zaio bere txanda».