Israelek Gaza hirian eraso egin du, eta Libano hegoaldea ebakuatzeko agindu

Armadak drone baten bidez egin du erasoa, eta esan du Hamaseko goi kargudun bat hil duela. UNRWAk Gaza hirian bizirik irauten ari direnen egoera salatu du.

Israelek eraso egin dion autoa, suntsituta. MOHAMMED SABER/EFE
Israelek eraso egin dion autoa, suntsituta. MOHAMMED SABER / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 13a
17:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuen eskutik, urrian, Gazarako bake akordioa sinatu bazen ere, Israelen erasoek ez dute etenik Gazan. Gaur izan da azkena: Israelgo armadak drone baten bidez egin du eraso Gaza hirian, eta adierazi du Hamaseko goi kargudun bat hil duela. Ez dago argi zenbat pertsona hil diren, baina albiste agentzia guztiak bat datoz hildakoak eta zaurituak eragin dituela. Horrez gain, Israelek ohartarazi du «Libano hegoaldean berehalako eraso bat» egingo duela.

Israelgo armadak berak eman du Gaza hiriaren iparraldean egindakoaren berri. Ohar baten bidez azaldu duenaren arabera, helburu argi bat zeukan: «gakoa» izan daitekeen Hamaseko kide bat hiltzea. «Armadak eta Barne Inteligentzia Agentziak Hamaseko funtsezko terrorista bati egin diote eraso Gaza hirian. Azken hilabeteetan, terrorista hori lanean ari zen Hamasen ahala indartu eta armak ekoizteko», azaldu du testuan.

Raed Saad da Israelek ustez hil duen Hamaseko kide hori —erakunde islamistako goi kargudun bat da Saad—. Israelgo armadaren irratiak ohartarazi duenez, Israelgo indarrak bi aldiz ahalegindu dira Saad hiltzen azkeneko bi asteetan, baina, azken unean, «atzera egin» zuten. Gerra hasi zenetik haren aurkako zenbait eraso ere egin dituztela adierazi du irratiak, baina denetatik atera zen onik.

Hala ere, gaur ez dute palestinar bakar bat hil eraso horretan. Hildakoen inguruko datuak nahasgarriak dira, baina, Palestinako Quds albiste sarearen arabera, erasoan lau lagun hil ditu Israelek. Gazan bertan dauden kazetariek, berriz, ospitaleetako datu ofizialak eman dituzte, eta adierazi hiru pertsona hil dituztela. Wafa albiste agentziak, berriz, ez du argitu erasoan zenbat lagun hil edo zauritu diren, baina zehaztu du auto baten aurkakoa izan dela. Al-Jazeera kateak, berriz, adierazi du bost palestinar hil dituztela . 

51

Gazako su etena adostu zutenetik Israelek zenbat egunetan eraso dion Gazari Urriaren 10ean adostu zuten Gazako su etena AEBetako presidente Donald Trumpek eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. 64 egun igaro dira su etena indarrean jarri zenetik, eta, guztira, 51 egunetan egin dio eraso Israelek Gazari. 

Osasun Ministerioaren arabera, erasoaldi horietan guztietan 386 pertsona hil ditu israelek, eta 1.018 zauritu.

 

Horrez gain, Israelgo armadak ohartarazi du Libanoko hego-mendebaldean dagoen Yanuh hiriaren aurkako eraso bat egingo duela «berehalakoan», Hezbollahren egiturak suntsitzeko asmoz. Hori dela eta, eremua husteko agindua eman du. Teorian, iaztik indarrean da su etena Libano hegoaldean, baina Israelek, Gazan bezala, hainbatetan urratu izan du.

Denboraleak gogor jo du

Byron izeneko ekaitzak are gehiago larritu du, azken orduetan, Gazako herritarren egoera. Iturri ofizialen arabera, hainbat eraikin erorarazi ditu denboraleak, eta milaka kanpadenda txikitu. Azken orduetan eguraldiak hobera egin du, eta ez du euririk egin. Hala ere, arropa, kanpadendak, mantak eta babesteko balio dezakeen beste hainbat material erabat busti ditu euriak.

Gazako Zerrendako Hedabideen Bulegoak adierazi duenez, hamahiru eraikin erori dira azken orduetan ekaitzaren ondorioz —aurrez bonbardatutako beste hainbat ere erortzeko zorian daude—, eta 11 pertsona erreskatatu dituzte hondakinen artetik. Bestalde, 27.000 kanpadenda suntsitu ditu ekaitzak, eta, guztira, 53.000 kanpadendak izan dute kalteren bat edo beste. Guztira 1,5 milioi pertsona ari dira irauten kanpadendetan edo hala moduz egindako txaboletan, eta 250.000 gazatar ingururengan eragin zuzena izan du denboraleak.

Hori dela eta, UNRWAk Gazako herritarren egoera salatu du, eta Israelek laguntza humanitarioa ez iristeko jarritako mugak gaitzetsi ditu. «UNRWAk Gazan dituen taldeek lanean dihardute posible duten leku guztietan herritarrei laguntzeko. Ura ponpatzen, zaborra kaleetatik kentzen, arreta medikoa eskaintzen eta oihalak, arropa eta mantak banatzen ari dira», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.