Israelek gutxienez hamabi pertsona hil ditu Libanon

Bi adingabe eta bi osasun langile daude hildakoen artean. «Ez ikusiarena» egitea egotzi die Iranek NBEri eta Europako herrialdeei.

Erreskate taldeak gaur Libanon, Israelen erasoaldiaren ondorioz hildako baten gorpua eramaten. EFE
Erreskate taldeak gaur Libanon, Israelen erasoaldiaren ondorioz hildako baten gorpua eramaten. EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 7a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaharrak berri Libanon ere. Israelek herrialdearen hegoaldea bonbardatu du gaur goizaldean, eta, erasoaldi horretan, gutxienez 11 pertsona hil ditu eta hamabost zauritu. Horren berri eman du Libanoko NNA berri agentziak. Beste herri batean egindako eraso batean mediku bat hil dutela ere kaleratu du. Bide batez, Iranek salatu du Israel inpunitatez jokatzen ari dela oraindik ere, «AEBen erabateko babesarekin».

Nabatieh barrutiko Kfar Rumman herriko etxebizitza bloke bat eta ibilgailu bat jo dituzte Israelen aire erasoek. NNAren arabera, hildakoen artean bi adingabe eta bi osasun langile daude. Kontuan hartu behar da Israelek herri horretako beste eraikin bat suntsitu duela ordu batzuk lehenago —eraso horren ondorioz ez da biktimarik izan—.

Eraso hori justifikatzeko, Tel Avivek adierazi zuen eraikina Hezbollah milizia xiitako milizianoen babesleku bat zela. Hildakoak eragin dituen erasoaldiari dagokionez, Israelgo armadak ohar batean esan du Hezbollahk lehergaiak zituen droneak jaurti zituelako bonbardatu dutela leku hori.

Kontuak kontu, Libanon ere ezarrita dauden su etenak urratu eta urratu ari da oraindik Israel, Gazan egin bezala. AEBek hauspotuta, Tel Avivek eta Hezbollahk bi menia adostu dituzte azkeneko hiru hilabeteetan. Dena den, Israelek ez ditu errespetatzen, eta, Libanoko Gobernuak eskatu arren atera ditzala tropak herrialdearen hegoaldetik —mugakideak dira—, Israelek horri muzin egiten dio, argudiatuta Hezbollah armagabetu arte Israel iparraldeko herritarrak arriskuan daudela. Israelek 600 kilometro koadro dauzka okupatuta, Libanoren %6 inguru.

Tregoak ezarrita egonagatik, bi herrialdeetako gobernuek negoziatzen segitu dute, AEBek bultzatuta. Hori bai, duela hilabete bildu ziren bi aldeak azkeneko aldiz, Erroman, eta ordutik ez dira berriro batzartu. Aurrez sinatutakoa aintzat hartuta, Israel tropak atera behar zituen pixkanaka Libano hegoaldetik, eta Libanoko armadak ordezkatuko zituen gero. Gainera, mekanismo bat ezarri asmo zuten ziurtatzeko Hezbollahk ez duela eremu hori hartzen.

Baina interpreta daiteke adostutakoa paper errea zela hasieratik. Izan ere, Israelek esan du ez dela eremu horietatik aterako harik eta Hezbollah guztiz armagabetu arte; eta milizia xiitak esana dauka ez duela halakorik egingo.

Katzen mehatxua

Horiek horrela, Libanoren subiranotasuna urratzea egotzi dio Iranek Israeli. «Gisa horretako ekintzek erakusten dute erresistentzia ezinbestekoa dela, Israelek ez baitu mugarik», salatu du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baghaeik, agerraldi batean. Bide batez, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Europako herrialdeen jokabidea salatu du, uste baitu «ez ikusiarena» egiten ari direla.

Bestalde, Israelgo estatu indarrek palestinar bat hil dute gaur Zisjordanian, leporatuta kolonoentzako kokagune batean kolono bat sastakatzea. Armadak Telegram sare sozialean esan duenez, susmagarria ibilgailu batean zihoala topatu dute, eta tiroz hil. Horren harira, hain zuzen, Israel Katz Defentsa ministroak PAN Palestinako Aginte Nazionala mehatxatu du ohar batean. Izan ere, adierazi duenez, «gerra handi bat» hasteko agindua emango du PANen «segurtasun gorputzek» eraso bat eginez gero kolonoei, eta PANeko buruzagiak beraiek lirateke helburu.

Israelek, hori bai, palestinarrak hiltzen jarraitzen du, eta gaur beste hiru hil ditu Gazan, hango osasun iturriek jakinarazi dutenez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA