Donald Trump AEBetako presidenteak uste du Gazarako menia «gertu» dagoela. Hala adierazi zuen atzo Washingtonen emandako prentsaurreko batean: «Uste dut su etena lortuko dugula datorren astean». Baikor mintzatu zen atzo Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaile Majed al-Ansari ere: «Iranen eta Israelen arteko su etenarekin irekitako abagunea baliatu nahi dute bitartekariek», adierazi zion AFP berri agentziari; Hamasen eta Israelen artean bitartekari ari da Qatar. Ez Hamasek ez Israelek ez dute su etenik aipatu, ordea. Eta Tel Avivek zerrenda bonbardatzen jarraitu du. Gaur, gutxienez 58 pertsona hil dituzte, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez.
Israelgo soldaduek zerrendaren hegoaldean eta iparraldean egin dituzte erasoak gaur ere. Hogei pertsona hil dituzte hiriburuko Tuffah auzunean —tartean, bederatzi haur—, eta beste 23 Gaza hirian eta zerrendaren iparraldean egindako bonbardaketetan. Beste lau lagun hil dituzte Khan Yunisen egindako aire eraso batean, zerrendaren hegoaldean; eta beste sei palestinar tiroz hil dituzte are eta hegoalderago, Rafahn, laguntza banatzen duten gune batetik hurbil.
Hain justu, atzo, Israelgo Haaretz egunkariak kaleratu zuen Israelgo hainbat soldaduk aitortu zutela agindu izan dietela laguntza jasotzen ari ziren palestinarrei tiro egiteko. Gaur, zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko Israelen baimena duen erakunde bakarrak, hau da, GHF Gaza Humanitarian Foundationek ohar bat kaleratu du, eta hartan, adierazi du salaketa horiek «okerrak» direla. Are, gehitu du oraingoz ez dela ezbeharrik gertatu laguntza banatzen duten guneetan, ezta haien inguruan ere. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, maiatzaren amaieratik, hau da, GHF laguntza banatzen hasi zenetik, 549 palestinar hil dituzte giza laguntza jasotzeko guneetan.
Nazioarteko zuzenbidea
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Alemaniara bisitan joateko aukera dela eta, Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak Deutschlandfunk irrati katean adierazi du espero duela nazioarteko zuzenbidearekin probak egin beharrik ez izatea. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua eman zuen iazko azaroan, Gazan gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak egitea leporatuta. Alemania Hagako auzitegiko kide denez, Netanyahu atxilotu beharko luke. Halere, Friedrich Merz kantzilerrak esana du ez zaiola zentzuzkoa iruditzen Israelgo lehen ministroak modurik ez izatea Alemania bisitatzeko.