AEBetako helikoptero bat eraistea leporatu dio Trumpek Irani, eta iragarri du «erantzun» egingo duela

Gerra helikopteroan zihoazen bi pertsonak onik atera dira. Teheranek eta Washingtonek negoziatzen segitzen dutela esan eta ordu batzuk geroago eman du presidenteak gertakariaren berri.

Pertsona bat Nabatiehen (Libano), apirilaren 18an. WAEL HAMZEH / EFE
Pertsona bat Nabatiehen (Libano), apirilaren 18an. WAEL HAMZEH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 9a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Irani egotzi dio atzo gauean AEBetako gerra helikoptero bat eraitsi izana. The New York Times kazetak zabaldu duenez, Ormuzko itsasarte inguruan patruilatzen ari zen helikopteroa, eta onik irten dira bertan zihoazen bi pertsonak. Baina Truth Social bere sare sozialean idatzitako txio batean, Trumpek adierazi du Iranek ondorioak izango dituela: «Eraso horri erantzutea da AEBen betebeharra». Orain, ikusteko dago Trumpek iragarritako erantzuna zer-nolakoa izango den, eta Teheranek zer egingo duen horren ostean. 

AEBetako armadak, X sare sozialean idatzitako mezu batean, baieztatu du atzo iluntzean Apache motako helikoptero militar bat erori zela «Omango kostatik gertu», eta tripulazioko bi kideak onik erreskatatu zituztela. Ez du esan, ordea, Iranek bota zuenik, ezta baieztatu ere eraso bat jasan zuenik. Zer gertatu den ikertzen ari direla, horixe baino ez dute adierazi. 

Trump akordio bat lortzeko ideia elikatzen ari zen azken bi asteetan. NBAko finaletako New York Knicks-San Antonio Spurs partida ikusten aritu zen atzo New Yorken —goizaldea Euskal Herrian—, Madison Square Gardenen bildutakoek txistu jo zioten, eta kazetariei esan zien ondoren Iranekin «oso akordio ona, indartsua» lortzea «oso gertu» dutela. Ez da, dena den, hori esaten duen aurrenekoa aldia. Erasorik ez egitearen alde mintzatu zen, eta adierazi horrek eragina izan dezakeela Ormuzko itsasartean. «Bonbardatzen baditugu —nahiko bagenu, erraz egin ahal izango genuke hori—, eta bizpahiru aste pasatuko bagenitu bonbardatzen, ez genieke ezer utziko, baina itsasartea itxita egongo litzateke hainbat hilabetez». Iranek itsasartea blokeatuta dauka otsailaren 28tik, Israelek eta AEBek erasoaldia hasi zutenetik; eta kontra egiteko neurri gisa, AEBek blokeatuta dauzkate Irango portuak. 

AEBetako gerra helikopteroa erori ostean, ordea, airean dago Trumpek akordio bat lortu nahian jarraitzen duen edo ez. Azken egunetan, negoziatzen aritu dira, erasoak eraso. Helikopteroaren gertakariaren aurretik egindako adierazpen batzuetan, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari iraunkor Amir Saeid Iravanik adierazi du aldeek jarraitzen dutela «iritziak trukatzen», Pakistan bitartekari dela. Hori kaleratu du Tasnim Irango berri agentziak. Antzera mintzatu da JD Vance AEBetako presidenteordea, Fox News telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, eta gaineratu du «Israel ados egon ala ez» hitz egiten jarraituko dutela, irudituta hori dela AEBentzako onena. Haren esanetan, Etxe Zuriaren estrategia da «gatazkako arriskuak gutxitzea». Adierazpen horiek ere Trumpek «erasoaren» berri eman baino lehen egin ditu.

Israelentzat, tregoarik ez

Israel ez da tregoak errespetatzen ari, eta Pentagonoak jakinarazi du Israel ari dela Iranen eta AEBen arteko zeharkako negoziazioak zelatatzen, eta espioitza lan hori «maila kritiko batera» heldu dela. Horren berri ematen dute txosten batzuek, AEBetako NBC telebista kateak iturri ofizialak aipatuz asteburuan kaleratu zuenez.

Izan ere, Israeli berdin zaio. Nahiz eta su eten bat ezarrita dagoen Libanon, nahiz eta Trumpek berak atzo bertan eskatu zion erasorik ez egiteko ez han, ez Iranen, Libano airez erasotzen segitzen du. Hala, gutxienez zortzi pertsona hil ditu eta 29 zauritu gaur Libano hegoaldean, hainbat bonbardaketatan. Erasoa justifikatzeko esandakoa betikoa izan da: Hezbollah milizia xiitako kide «terroristak» zituela helburu. 

Aurrena, hegoaldeko hiri nagusi Tiroko zenbait eremu ebakuatzeko agindu du gaur goizean komunikatu baten bidez, eta ohartarazi horien kontra ekiteko asmoa zuela. Ondoren heldu da erasoa. Libanoko berri agentzia nazionalaren arabera, Tiro inguruko eremu batzuk jo dituzte bonbardaketek, baita Nabatieh barrutikoak ere. Martxo hasieran Libanoren kontrako operazioa areagotu zuenetik, Beiruten esanetan 3.000 pertsona inguru hil ditu Tel Avivek Libanon; gehienak hegoaldean.

Eta, hain zuzen, Ekialde Hurbileko egoera areago gaiztotu eta ordu batzuetara egin dute eraso. Atzo goizaldean elkar bonbardatu zuten Israelek eta Iranek. Joan den apirilaren 8an Iranerako su etena ezarri zutenetik elkarri egindako lehendabiziko erasoak izan ziren. Israelek Beirut jo zuen igandean —egun batzuk lehenago, Libanorako ezarritako tregoa luzatzea adostu zuten Israelek eta Libanok—. Hiriburuaren aurka jotzea zeharkatu ezinezko marra gorri bat da Iranentzat, eta, orduan, Israeli airez eraso egin zion. Ondoren, atzo goizaldean, Tel Avivek Irango hainbat gune bonbardatu zituen, eta Teheranek erantzun —Hezbollah gaur eskerrak eman dizkio mezu batean, «libanoarren erresistentzia babesteagatik»—.

Trumpek eskatu zien eguerdian erasoak «berehala» eteteko, eta arratsaldean jakinarazi zuten bi aldeek eten egin zituztela. Horren harira, Irango hedabideek gaur adierazi dute atzoko bonbardaketetan Irango armadako bi kide hil zituztela. 

Tel avivek kolonoen ekintzak laguntzen dituela esan du NBE-k

Israelgo agintariek laguntzen dituzte kolonoek Zisjordania okupatuan palestinarren kontra egindako ekintzak. Hori ondorioztatu dute NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatuta Palestinarako Nazioarteko Batzorde Independenteak egindako txostenean. Gaur kaleratu dute, eta horretan jaso dute, esaterako, Tel Avivek kolonoak babesten dituela, eta baliabide militarrak ematen dizkiela. «Kolonoen kontrako indarkeriak funtzionatzen du Israelgo Estatuaren politika ezartzeko baliabide gisa», azpimarratu dute.
Emandako datuen arabera, iaz zazpi palestinar hil eta 832 zauritu zituzten kolonoek; 2024an halako bi baino gehiago, alegia. «Eta joera horrek gorantz jarraitzen du, aurten egunero gertatzen ari baitira erasoak». Nabarmendu dute, gainera, adingabeen aurkako erasoak ere egin dituztela kolonoek. Behin txostena argitaratuta, horri buruz eztabaidatuko dute datorren astean, NBEren Giza Eskubideen Batzordean. Kontuan hartu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2024ko uztailean ebatzi zuela okupazioa legez kanpokoa dela.
Txostenean azpimarratu dute, bide batez, Gazako palestinarrek Israelen «basakeriak» ez ezik «Hamasen gobernua» ere nozitzen dutela, «beldurrean oinarritua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA