Gorabeheraz beteriko ehun egun

Ekialde Hurbileko azken gatazkak ehun egun bete ditu. Irango eta Libanonoko meniak indarrean badaude ere, erasoak ez dituzte gelditu, eta negoziazioak motelduta daude.

Mojtaba Khamenei Irango lider goren berriaren aldeko elkarretaratze bat, ostegunean, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Mojtaba Khamenei Irango lider goren berriaren aldeko elkarretaratze bat, ostegunean, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 8a
18:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehun egun pasatu dira otsailaren 28an Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoaldia hasi, eta Ali Khamenei lider gorena hil zutenetik. Lehen egunetako bonbardaketa ugarien ostean, erasoak motelduz joan dira, eta, apirilaren 8an su etena ezarri zenetik, aldizkako erasoak egin dituzte. Gatazka, baina, eskualdean zehar zabaldu da, Hezbollah miliziaren eta Tel Aviven arteko erasoak gogortu egin ziren martxoaren hasieran, eta Israelgo armadak Libano hegoaldeko parte handi bat okupatu du. Otsailaren 28tik, Iranen ia 3.500 lagun hil dituzte guztira, eta Libanon 3.600 baino gehiago.

Irani buruzko negoziazioak

Esperantza piztu zuen Islamabadeko bilkurak: apirilaren 11n, Irango eta AEBetako ordezkariak aurrez aurre batzartu ziren Pakistango hiriburuan. Orduz geroztik, baina, ez dira berriz elkartu. Iranen programa nuklearra bertan behera uztea da Etxe Zuriaren eskakizun nagusia. Washington, gainera, ez dago prest Teheranen eskaerak onartzeko. Besteak beste, Iranek nahi du Ormuzko itsasartearen gaineko kontrola aitortzea, zigorrak kentzea, eta Israelek Libanoren aurkako erasoak etetea. Pakistanek bitartekari lanetan jarraitzen du, baina aldeek ez dute lortu elkarrengana hurbiltzea.

Libanori buruzko elkarrizketak

Irango erasoaldiari erantzunez, Hezbollahk Israeli eraso egin zion martxoaren 2an; ordutik, Tel Aviv Libano hegoaldea suntsitzen aritu da. AEBak bitartekari aritu dira gatazka horretan, eta, apirilaren 14an, Libanoko eta Israelgo ordezkariak Washingtonen bildu ziren —bi herrialde horiek 30 urte baino gehiago zeramatzaten elkarrekin aurrez aurre bildu gabe—. Ordutik, beste hiru bilera sorta egin dituzte: apirilaren 23an, maiatzaren 14an eta 15ean, eta azkena, berriz, joan den astean.

Negoziazio horietan, adostu zuten erasoak etetea, baina gatazkaren parte den aldeetako batek, Hezbollahk, ez du parte hartu elkarrizketa horietan. Azken bilkura sortaren ostean, Tel Avivek esan zuen ez zuela eraso gehiagorik egingo baldin eta milizia xiitak menia errespetatzen bazuen. Ordu gutxiren buruan, baina, Libano hegoaldeko hainbat gune bonbardatu zituen Israelek. Eta Hezbollahk, menia onartu ez, eta libanoarrentzako «umiliaziotzat» jo zituen Beiruten eta Tel Aviven elkarrizketak.

Urratutako su etenak

AEBen eta Iranen arteko su etena apirilaren 8an sartu zen indarrean; hasieran, bi asterako. Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, Teheranek onartu zuen Ormuz irekitzea, eta AEBek erasoak etengo zituzten. Aldeek adostu zuten hitz egiteko baliatuko zutela hamabost eguneko tarte hori. Hiru egun geroago bildu ziren Islamabaden, baina ordutik ez dira berriz elkartu.

Halere, Trumpek berak apirilaren 23an jakinarazi zuen menia luzatu zutela, epemugarik zehaztu gabe. Menia onartu zutenetik, erasoak nabarmen murriztu dituzte, baina erabat eten ez: AEBetako armadak hainbat bonbardaketa egin ditu Irango azpiegitura militarren aurka eta Iranera bidean zihoazen itsasontzien aurka. Eta Teheranek , berriz, AEBek eskualdean dituzten base militarrak izan ditu jomugan, baita Persiar golkoko hainbat herrialde ere.

Apirilaren 8an onartutako tregoak zalantzak sortu zituen onartu eta berehala. Izan ere, Israelek ez zuen gelditu Libanoren aurkako oldarraldia. Pakistanek —bitartekari ari denak— ziurtatu zuen meniak eskualde osoari eragiten ziola; hori zen, gainera, Iranen eskakizunetako bat. Kontua argitu gabe egon zen astebetez baino gehiagoz, eta, Beiruteko eta Tel Aviveko ordezkariak Washingtonen bildu ostean, Trumpek iragarri zuen Libanorako menia bat adostu zutela; apirilaren 16an izan zen hori. Tregoa hori luzatzen aritu dira, baina Israelek behin eta berriz urratu du, eta Hezbollahk onartu ere ez du egin.

Ormuzko blokeoa

Iranek eta AEBek eztabaidagai izan dute Ormuzko pasabidea negoziazioetan. Iranek itsasarte hori blokeatu zuen Israelek eta AEBek oldarraldia hasi ostean. Munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru igarotzen zen pasabide horretatik, baina, azken hilabeteetan, ohi baino nabarmen gutxiago dira handik pasatzen diren itsasontziak. Gainera, Teheranen erabaki horri erantzunez, AEBetako armadak blokeoa ezarri zien Irango portuei; itsasontziei ez diete uzten Iranen porturatzen, ezta Irandik ateratzen ere.

Apirilaren 17an, Trumpek iragarri ostean Libanorako menia adostu zutela, Iranek bertan behera utzi zuen blokeoa. Pasabideak, baina, ordu gutxi batzuk baino ez zituen egin irekita: AEBek ez zutenez bertan behera utzi Irango portuei ezarritako blokeoa, Teheranek berriz itxi zuen Ormuz. Gaur-gaurkoz, pasabide horrek itxita dirau, Israel Libano bonbardatzen ari da oraindik ere, negoziazioak erabat motelduta daude, eta berriz ere hainbat eraso egin dituzte Iranen eta Israelen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA