Israelentzat Hamaseko komandante bat hiltzea nahikoa arrazoi da ospitale bat suntsitzeko. Gaur goizaldean Nasser ospitalea bonbardatu du Tel Avivek, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. Gutxienez sei pertsona hil ditu, eta beste 30 baino gehiago zauritu, tartean, erietxeko langileak. Armadak, erasoa justifikatzeko, esan du Hamas talde islamistako brigada bateko burua, Muhhamad abu Ismail, izan duela jomugan. Ospitaleak eman du hildakoen berri eta horien artean ez dago Abu Ismailik; bai, ordea, hamahiru urteko mutiko bat eta mediku bat.
Israelek droneekin egin dio eraso Nasser ospitaleko kirurgia esparruari, eta zerbitzuz kanpo utzi du. Ospitaleko zuzendari Ahmed al-Farrak salatu du gaurko erasoak are eta egoera zailagoan utzi dutela zerrendako osasun sistema.
Tel Aviven arabera, Hamaseko buruzagi hori eta beste zenbait kide izan dituzte jomugan, gainera, armadak zabaldutako ohar baten arabera, talde armatuak ospitalean armak gordetzen zituen. Ez dute, baina, hori erakusten duen frogarik aurkeztu. Gainera, zibilei ahalik eta kalte gutxien egiteko neurriak hartu dituela ziurtatu du armadak. Al-Farrak, ostera, Efe berri agentziari emandako elkarrizketa batean argitu du ospitaleko langileek ez dutela ohartarazpenik jaso erasoa baino lehen. Eta, une horretan, erietxean zortziehun paziente baino gehiago zeuden.
«Artatuak izaten ari diren pazienteak eta lan humanitarioa zein profesionala egiten ari diren langileak dauden zentro bati eraso egitea osasun sistemaren aurkako eraso larri bat da, baita nazioarteko zuzenbidearen urraketa argi bat ere», salatu du Gazako Osasun Ministerioak, ohar batean. Al-Farrak gehitu du 2023ko urritik zazpigarren aldia dela Nasser ospitaleari eraso egiten diotena.
Gainera, ospitaleko zuzendariak ohartarazi du, gaurko erasoak eragindako kalteak lehendik egindakoei gehituta, osasun langileek are eta zailagoa izango dutela aurrerantzean gaixoak artatzea. Hori gutxi ez eta negua iristear da, eta Gazako biztanleen %65 inguru desplazatuta daude, kanpalekuetan bizitzen —OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, 1,4 milioi gazatar inguru—. Azken egunetan izandako uholdeek, esaterako, kalte larriak eragin dituzte zerrendan.
Kontuan hartu behar da «su etena» indarrean dela Gazan. Duela urtebete pasa, 2025eko urriaren 10ean, onartu zuen Tel Avivek menia, baina ordutik Israelek 1.600 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan, eta 6.000 zauritu.