Israelek janaria jaso zain zeuden 27 pertsona hil ditu Gazan

Dozenaka lagun zauritu dituzte; zerrenda hegoaldeko Al-Mawasi herrian izan da erasoa. Gazako Gobernuak Tel Avivi leporatu dio «goseak jotako herritarrak erakartzea», eta gero horiei «nahita» tiro egitea.

Ehunka palestinar laguntza humanitarioa jasotzeko gune batean, Gaza erdialdean, joan den astean. HAITHAM IMAD / EFE
Ehunka palestinar laguntza humanitarioa jasotzeko gune batean, Gaza erdialdean, joan den astean. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko ekainaren 3a
09:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Hirugarren egunez segidan, Israelgo armadak laguntza humanitarioaren bila joandako ehunka gazatarren aurka egin du. Gazako Osasun Ministerioak ohar bidez salatu duenez, Israelek gutxienez 27 pertsona hil ditu gaur goizaldean, eta 90 baino gehiago zauritu. Iturri horren arabera, erasoa zerrenda hegoaldeko Al-Mawasi herrian izan da: ehunka gazatar bildu dira janaria banatzekoak ziren gune batean, harik eta Israelgo soldaduak tiroka hasi diren arte. 

Israelgo armada erasoa justifikatzen saiatu da. Komunikatu baten bidez adierazi du eremu horretan zeuden hainbat palestinar «modu susmagarrian» hasi direla soldaduak zeuden eremurantz ibiltzen, eta soldaduek «mehatxu» horri erantzun diotela.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, baina, gaurko gertakaria zera da, Israelgo armadak palestinarren aurka egindako «beste masakre bat». Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak baieztatu egin du Gazako Osasun Ministerioak salatutakoa, ohar baten bidez: «Gaur goizean goiz, beste gertakari baten berri izan dugu: 184 zauritu iritsi dira Gurutze Gorriaren kanpaina ospitalera». Erakunde horrek gaineratu du litekeena dela hildako gehiago izatea.

Egun, GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundeak —AEBetako militar ohiek osatzen dute, eta talde mertzenarioen babesa du— soilik du baimena zerrendan laguntza banatzeko. Eta, hain justu, haien banaketa guneetako batean izan da erasoa. Hamasek gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta ohar bidez, GHFri leporatu dio laguntza humanitarioa erabiltzea Gazako biztanleak desplazatzeko. «Goseak joak daudela janari bila ari diren herritarren aurka egiteak agerian uzten du etsai faxistaren egiazko aurpegia, hiltzeko arma gisa erabiltzen baititu gosea eta bonbak», gehitu du erakunde islamistak. 

Herenegun antzeko eraso bat izan zen zerrenda hegoaldeko Rafah hirian. Laguntza humanitarioa banatzekoak ziren eremu batean elkartu ziren ehunka palestinar, eta Israelgo Armadak jende olde baten aurka egin zuen eraso, tankeak baliatuz; 31 palestinar hil zituzten, eta 150 zauritu, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Gune horretan bertan, atzo beste hiru lagun hil eta 30 baino gehiago zauritu zituzten. Gazako Gobernuak zabaldutako komunikatu baten arabera, GHF aurreko astelehenean laguntza banatzen hasi zenetik, laguntza bila joandako 102 palestinar hil dituzte. Hamasen menpe dagoen gobernuak Tel Avivi leporatu dio «goseak jotako herritarrak erakartzea», eta gero horiei «nahita» tiro egitea.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresek atzo eskatu zuen sor dadila gertakari horien inguruko ikerketa batzorde independente bat, eta «ahalik eta lasterren» abiaraz dezatela ikerketa lana. «Onartezina da palestinarrek bizia arriskuan jarri behar izatea janari apur bat lortu ahal izateko», gaineratu zuen.

Negoziazioak etenda

Israelek segitzen du modu batera edo bestera gazatarren aurka egiten; bien bitartean, ez aurrera eta ez atzera daude bake akordio bat erdiesteko negoziazioak. Hala jakinarazi dio EFE berri agentziari gaur eguerdian Hamaseko iturri ofizial batek. Horren arabera, bi aldeak «oso aldenduta» daude; halere, ez du erabat baztertu menia bat adosteko aukera.

Palestinako erakunde islamista prest agertu zen larunbatean AEBek egindako su-eten proposamena onartzeko, baina hainbat baldintza gehitu zizkion. Proposamenak hirurogei eguneko menia hartzen du aintzat, baita hamar gatibu askatzea eta hemezortzi bahituren gorpuak entregatzea ere. Hamasen arabera, meniak beste hiru helburu ere izan behar lituzke: su eten iraunkorra lortzea, Israelgo tropak zerrendatik ateratzea, eta laguntza humanitarioaren sarbidea bermatzea.

HUTHIEK TEL AVIVEKO AIREPORTUARI ERASO DIOTE

Yemengo matxino huthiek beren gain hartu dute gaur goizaldean Tel Aviveko Ben Gurion aireportuaren aurka egindako eraso bat. Matxinoen bozeramaile militar Yahya Sareak jakinarazi duenez, misil balistiko bat jaurti dute gauerdian, eta erasoaren «helburuak» bete egin dituzte. Oharrean zehaztu du lau milioi «sionistak» aterpeetan babes hartu behar izan dutela, eta behin-behinean eten egin behar izan dutela aireportuko trafikoa. Huthiek erasoaren berri eman baino lehen, Israelgo armadak jakinarazi du Yemendik jaurtitako misil bat identifikatua zutela eta eraitsi ere egin dutela. 

Horrekin lotuta, Human Rights Watch erakundeak Israeli eta matxino huthiei egotzi die «gerra krimenak» egitea, elkarren aireportuei eraso egiteagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.