Israelek laguntza humanitariorako beste bi sarbide jarriko ditu Gazan

Gazan guztira dauden zazpi pasabideetatik lau egongo dira zabalik, Ashdodekoa eta Erezkoa zabaldu ostean. Laguntza humanitarioa zuzenean eman ahalko dute zerrenda iparraldean. WCKren aurkako erasoa dela eta, neurriak hartu ditu Israelek.

Rafahko pasabidea, Gazaren eta Egiptoren arteko mugan, herenegun. STR / EFE
Rafahko pasabidea, Gazaren eta Egiptoren arteko mugan, herenegun. STR / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 5a
12:15
Entzun

Israelek bonbardaketak eta lurreko operazioak egiten ditu Gazan, eta gosea ere arma gisa erabiltzea leporatu diote hainbatetan. Zerrendan sartzen den laguntza humanitarioa ez dela nahikoa esan zuen, esaterako, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek martxoan. Elikagaiak zerrendan sartzea ahalbidetzea eskatu izan diote Israeli, behin eta berriz. Eta, gaur, urratsa egin du. Gazan sartzen den laguntza humanitarioa handitzeko «berehalako neurriak» hartuko ditu Israelek. Hala adierazi du lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoak, ohar bidez. Erabakia gaueko ordu txikietan hartu du Israelgo gerra kabineteak.

Hiru ardatz ditu Tel Aviven erabakiak. Batetik, orain arte itxiak mantendu dituen bi sarbide irekiko ditu. Neurri horri esker, Gazak dituen zazpi sarbideetatik lau zabalik egongo dira. Orain arte bi pasabide soilik zeuden irekita: Rafahkoa (Egiptoren eta Gazaren artean dago) eta Kerem Shalomekoa (Israelek zerrenda hegoaldearekin duen mugetako bat). Bestetik, Kerem Shalom pasabidetik igarotzen den laguntza handituko da. Azken sarbide horretatik bidaltzen du laguntza Jordaniak, eta, iragarri duen neurriaren bidez, Ammanek laguntza handitzeari bide emango dio Tel Avivek.

Itsasoz zein lurrez laguntza areagotzea eragingo dute «behin-behinean» zabalduko dituzten bi pasabide berriak. Ashdodeko portua irekiko du berriz Tel Avivek, Israelgo hegoaldean. Horrek, martxoaren 12an Open Arms eta WCK World Central Kitchen GKE gobernuz kanpoko erakundeek zabaldu zuten itsaso bideko korridore humanitarioaren ereduari jarraituko dio. Baina, zeresanik handien eman duen erabakia beste sarbidearena izan da: Erezko pasabidea (Israelen eta Gazaren artean). Pauso horrek garrantzi berezia du Gaza iparraldera zuzenean sartu ahalko delako laguntza. NBE Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 18an ohartarazi zuen gosetea iristear zela gune horretara, eta azken hilabetean egoerak txarrera egin duela salatu dute erakunde askok. Are gehiago, NBEren azken datuen arabera, zerrenda iparraldean 300.000 lagun inguru daude goseak jota.

Bidenen deia

EB Europako Batasunak, Australiak, Japoniak, Hegoafrikak, Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta nazioarteko beste zenbait eragilek eskatu izan diote azken sei hilabeteotan Israeli Gazaren aurkako erasoak eteteko —bihar beteko da urte erdi Hamasek Israelen aurka eraso egin eta Tel Avivek zerrendaren aurkako setioa hasi zuela—. Urriaren 7ko erasotik 33.000 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan. Lehen neurri garrantzitsuak, ordea, AEB Ameriketako Estatu Batuek haien gatazkarekiko politika ñabartu ostean heldu da.

Atzo mintzatu ziren Netanyahu eta AEBetako presidente Joe Biden. Bidenek ohartarazpena egin zion Netanyahuri: Gazarentzat laguntza humanitarioa ahalbidetzeko «urratsak berehala» hartzearen eta zibilen zein laguntza hori banatzen dutenen segurtasuna ziurtatzearen araberakoak izango dira AEBen politikak. Deia bukatu eta gutxira hala jakinarazi zuen Adrienne Watson AEBetako presidentearen bozeramaileak. Are gehiago, Israelek Bidenek eskatutako neurriak «ordu gutxi barru hartzea» nahi zutela jakinarazi zuen Etxe Zuriko beste bozeramaile batek, John Kirbyk.

%62

Gazan hondatutako etxeen portzentajea. UNRWA Palestinar Iheslarientzako NBE Nazio Batuen Erakundearen Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, azken sei hilabeteetako Israelen erasoen ondorioz, Gazako etxeen %62 suntsituta edo hondatuta daude.

Eskatu eta egin. Dei horren eta Netanyahuren goizeko jakinarazpenaren artean ez dira hamabi ordu ere pasatu. AEBen laguntza oso garrantzitsua da Israelentzat. Gerra hasi zenetik, Bidenen gobernuak laguntza militarreko bi diru sail eman dizkio Tel Avivi —larrialdi bat dela argudiatuta, ez du Kongresuaren oniritzia behar izan—. Are gehiago, WCKren aurka egindako erasoaren egunean, astelehenean, Bidenek beste sail bat onartu zuen. Eraso hartan zazpi boluntario hil zituen Israelek. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eraso hartaz mintzatu zen atzo, Bruselan, NATOko kideek egindako bileran: «WCKen aurka egindakoa ez da mota horretako lehen erasoa, baina azkena izan behar da. Gazan ikusten ditugun emaitzak gutxiegi eta negargarriak dira».

Israelek gaur jakinarazi du WCKren aurkako erasoa dela eta neurriak hartu dituela armadan: bi ofizial kargutik kendu ditu eta beste hiru zigortu ditu. Israelgo armadak egindako ikerketak ondorioztatu du bost militar horiek «gaizki ekin zutela informazio kritikoarekin» eta armadak ezarritako «gatazketarako arauak urratu zituztela». Armadaren oharraren arabera, erasoa baimendu zutenak «ziur zeuden armak zituen Hamasen auto bati eraso egin ziotela».

Laguntza banatu

Zerrendan sartzen den laguntza gutxi dela salatu izan dute askotan. Podemoseko eurodiputatu Idoia Villanuevak, esaterako, martxo hasieran salatu zuen, berripaper honetan, momentu hartan 600 kamioi inguru zirela beharrezkoak egunero, eta «bost» sartzen zirela bakarrik. NBEren datuen arabera, halere, gaur egun 159 kamioik igarotzen dute zerrendako muga egunero.

Estatu eta erakundeek laguntza kamioietan sarraraztea eta pasabide gehiago ahalbidetzea ez da nahikoa laguntza humanitarioa ziurtatzeko; produktu horiek gero banatu behar baitira. Lan hartaz arduratzen diren zenbait GKEk, baina, zerrendan egiten duten lana etetea erabaki dute WCKren aurkako erasoa dela eta. Azkena, Open Arms izan da. Atzo jakinarazi zuen misioa bertan behera utziko dutela. Itsasontzia Ziprera heldu bezain laster eman zuten erabakiaren berri, ohar bidez: «[WCKren autoen aurkako] Erasoak inflexio puntu mingarri bat eragin du Gazako krisi humanitarioa arintzeko gure ahaleginetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.