Israelek Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko bi langile hil ditu Gazan

Erakundeak salatu du haien aurkako eraso bat izan dela, eta kontuak eman ditzatela eskatu du. Israelgo armadak argudiatu du hildakoak Hamaseko kideak zirela.

MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Khan Junis esparruan daukan gune bat, Gazako zerrendako hegoaldean, 2024an. MOHAMMED SABER / EFE
MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Khan Junis esparruan daukan klinika bat, Gazako zerrendako hegoaldean, 2024an. MOHAMMED SABER / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 28a
16:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko (GKE) bi boluntario hil ditu bart Gazan. Erakundeak eman du albistearen berri gaur goizaldean, sare sozialetan, eta armadak baieztatu egin du gerora. Israelen arabera, bi boluntario horiek Hamaseko kideak ziren. 

«Suminduta gaude gure bi kide hil direlako Israelek Gazako gure klinika baten aurka egindako eraso batean. MSFren aurka zuzenean egindako eraso bat izan da». Hitz horiekin eman du gertaeraren berri erakundeak. Azaldu dutenez, hildakoak klinikako segurtasun zaindariak ziren, eta salatu dute instalazioak «argi eta garbi seinaleztatuta» zeudela MSFren irudiarekin, eta bere garaian kokapena jakinarazi ziotela Israelgo armadari.

Hori dela eta, GKEak «kontuak eman ditzatela» exijitu du, eta gogorarazi du MSFko hamazazpi langile hil dituela, guztira, Israelgo armadak.

Armadak, berriz, ordu batzuk geroago zabaldu duen ohar batean nabarmendu du hildakoetako bat Hamaseko «beso armatu baten zelula bateko komandantea» zela. «Terroristak aire bidezko operazio batekin desagerrarazi dituzte, mehatxua indargabetzeko asmoz», idatzi du armadak oharrean. Baina ez du frogarik erakutsi hildakoak Hamaseko kideak zirela erakusteko.

Ez da Israelek azken orduetan Gazan egin duen azken erasoa. Gaur goizean beste pertsona bat hil du bonbardaketa batean. Al Xaifa hiriko erietxearen arabera, armadak eskuko telefonoen eta beste gailu elektroniko batzuen bateriak kargatzeko prestatuta zegoen kanpin denda bat bonbardatu du Gaza erdigunean. Barruan zegoen gizon bat hil dute eraso horretan, eta beste hiru lagun ere zauritu dituzte; horietako batzuk larri, gainera.

Atzo beste bost lagun hil zituen gutxienez Israelgo armadak, bi erasotan. Aurrenekoan, Tel Avivek Rafah ingurua bonbardatu zuen, eta hiru lagun hil ziren eraso horretan. Beste bi lagun ere zauritu zituzten. Gaza iparraldean dagoen Jabaliako errefuxiatuen gunean ere egin zuen eraso Israelek. Droneak erabili zituzten eraso hori egiteko, eta gutxienez bi lagun hil zituzten.

Hamasen arabera, gainera, beste eraso bat ere egin zuen Israelek. Gazako Al Rimal auzoko eraikin bat bonbardatu zuen armadak, eta, haien hitzetan, Tel Aviven helburua Jalil Al Haya Hamaseko liderraren semea hiltzea zen. Hortaz, guztira zortzi lagun hil ditu Israelek Gazan azken 24 orduetan.

Duela urtebete pasatxo sartu zen indarrean su etena zerrendan, urriaren 10ean, baina Israelek ia egunero urratzen du itun hori, erasoak egiten jarraitzen baitu. Horrela, Hamasen aurkako erasoak direla argudiatuta, zibilak hiltzen jarraitzen du Tel Avivek.

Gazako zerrendako Osasun Ministerioaren datuak argiak dira: gutxienez, 1.705 pertsona hil ditu Israelek Gazan su etena adostu zutenetik. Eta, guztira, 74.772 pertsona baino gehiago hil ditu Israelgo armadak Gaza,n 2023ko urriaren 7an abiatutako erasoaldiaz geroztik.

EISENKOTEK ESAN DU GOBERNUA OSATUKO DUELA

 

Gadi Eisenkot Yashar alderdiko buruak ohar baten bidez jakinarazi du gobernua osatzeko asmoa duela zortzi egunen buruan. Isaac Herzog Israelgo presidenteak hari eman zion herrialdeko gobernua osatzeko ardura, eta 28 eguneko epea zeukan horretarako. Zortzi egun gelditzen dira epea amaitzeko, eta Eisenkotek gobernua osatzeko konpromisoa hartu du.

Nabarmendu du lanean ari dela gobernua osatu ahal izateko, baina salatu du aurkariek nahiago dutela herrialdea beste hauteskunde batzuetara eramatea. «Eta hori oso arriskutsua da», gaineratu du. Hala ere, Benjamin Netanyahu jarduneko presidenteari eskua luzatu dio «herrialdearen norabidea aldatzeko prest» badago.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA