Israelek Yemengo hiru portu hutsarazteko agindu du

Tel Avivek hartu du erabakia, huthiek herrialdera misil bat jaurti dutela esan ondotik. Israelek Gaza bonbardatzen segitzen du, eta goizaldean gutxienez 80 pertsona hil ditu.

Matxino huthi batzuk Sanan, lehengo astean. YAHYA ARHAB / EFE
Matxino huthi batzuk Sanan, lehengo astean. YAHYA ARHAB / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 14a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Matxino huthiek, Erresistentziaren Ardatzeko kide gisa, Israelen kontra egiten dute. Tel Avivek gaur goizaldean jakinarazi duenez, Yemengo matxino talde horrek misil bat jaurti du Israelera, baina aireko defentsa sistemek erorarazi egin dute, eta ez du biktimarik eragin. Azken asteetan areagotu egin dira matxinoek eta Israelek elkarri egindako erasoak, eta Israelgo agintzaritza militarrak ohartarazpen bat egin du gaur: Yemengo hiru portu hutsarazteko; Hudaidakoa, As-Salifekoa, eta Ras Isakoa, hain zuzen. Ondoriozta daiteke, hortaz, Israel Yemeni eraso egitekoa dela, berriro.

Aurreko astean, esaterako, maiatzaren 6an, herrialde osoa bonbardatu zuen, eta gutxienez lau pertsona hil zituen, eta 39 zauritu. Israelgo armadak gaur ohar bidez adierazi duenez, huthiek portuak erabiltzen dituzte «jarduera terroristetarako», eta, horregatik ditu helburutzat. «Berriro abisatu arte, han daudenei handik alde egiteko eskatzen diegu, beren segurtasunagatik». Igandean ere portu horiek hutsarazteko agindu zuen Israelek, baina, matxinoen arabera, ez ditu horiek bonbardatu.

Huthiak Tel Aviveko Ben Gurion aireportuaren kontra egiten ahalegindu dira sarritan, eta maiatzaren 4an, 2023ko urriaz geroztik lehen aldiz, aireportuko instalazio bat jo zuen jaurtigailu batek, eta sei pertsona zauritu. Israeli airezko blokeoa ezartzeko asmoa agertu zuten matxinoek. Bi egun geroago, maiatzaren 6an, AEBek eta huthiek su eten bat iragarri zuten. Aurreko bi hilabeteetan, AEBek ia mila eraso egin zituzten Yemenen aurka, eta 250 hildako inguru eragin; Washingtonen esanetan, huthiek eraso egiten dietelako Itsaso Gorritik igarotzen diren zamaontziei. Matxinoek argitu zuten, ordea, menia horrek ez zuela barne hartzen Israeli eraso ez egitea.

Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du. Wafa Palestinako berri agentziaren eta Al Jazeera telebistaren arabera, gutxienez 80 pertsona hil ditu gauean eta goizaldean zerrendaren iparraldean egindako bonbardaketetan. Aintzat hartu behar da Gazako setioa handitzeko plan bat onartu zuela Israelek joan den astean. Gainera, Benjamin Netanyahu lehen ministroak atzo mehatxu egin zien gazatarrei, ohar batean: «Datozen egunetan bete-betean sartuko gara, eta operazioa bukatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.