Palestina

Israelen erasoaldiak palestinarren azpiegiturak suntsitzea helburu izan duela dio NBEko agentzia batek

UNRWA Errefuxiatu Palestinarrak laguntzeko Nazio Batuen agentziak Gazan duen buruaren esanetan, "etorkizuneko estatu palestinarraren azpiegiturak erabat" birrindu nahi izan ditu Isralek asteotan, eta horregatik erantzukizunak eskatu behar direla nabarmendu du gaur. Inkesten arabera, oposizioko Likud eskuineko alderdia doa Gobernuko Kadima eta Alderdi Laboristaren aurretik, otsaileko hauteskundeetara begira.

2009ko urtarrilaren 23a
20:05
Entzun
UNRWA Errefuxiatu Palestinarrak laguntzeko Nazio Batuen agentziak Gazan duen arduradun Jong Gingek gaur salatu du Israelgo armadak hiru astez Gazako eskualdearen kontra airez, lurrez zein itsasoz egin duen erasoal, eraikin eta azpiegiturak suntsitzeaz gain, 1.300dik gora hildako (erdiak zibilak, tartean ume eta zaharrak), 5.500 zauritu eta milaka lagun etxerik gabe geratzea eragin dute armadaren bonbardaketek. Horregatik guziagatik erantzukizunak eskatu behar direla nabarmendu du NBEko ordezkariak.

Honen azalpenen arabera, Gazan erabat suntsitu eta hondakin bihurututako eraikinen artean hainbat ministerio, industria, eskola eta mezkita daude. "Bonbardaketen jomuga zuzena izan dira, haiek desagerrarazteko".

Bonbardaketa horiek zuritzeko Tel Aviveko agintariek emandako azalpenen arabera, eskola, ministerio eta industriagune horiek "terrorismoaren azpiegiturak" ziren, eta azalpen horrekin ez dagoela ados nabarmendu du Gingek.

Iragan igandetik su-etena indarrean dagoen arren, atzo Israelgo armadak gutxienez zortzi zibil palestinar zauritu zituen Gaza hiri ondoko Shati errefuxiatu gunean.

"Orain herritarrak laguntzen buru-belarri ari gara, suntsitzeari eta etxe edota senideak galtzearen minari aurre egin diezaioten. Gazako populazioa oraindik shock egoeran dago, buru egoera larrian", azaldu du UNRWAko ordezkariak.

Zehaztu duenez, aurrera begira ezinbesteko bi baldintza bermatu behar dira: Israelek Gazako sarbide guziak erabat irekitzea, "leheneratze ekonomikoa egin ahal izateko modu bakarra baita", eta gertatutakoagatik erantzukizunak zehaztea, "jendeak legearen inperioarekiko konfiantza berreskuratzeko beharra baitu".

Erantzukizun horiek bai Tel Aviveko gobernuari bai Gazan nagusi den Hamasen gobernuari (2006ko bozetan alderdirik bozkatuena izan zen hala Gazan nola Zisjordanian) eskatu behar zaizkiola nabarmendu du. Azken horren adar armatuak, Izzeddin al Kassem Brigadek eta erresistentziako beste talde palestinar batzuek jaurtitako koheteek hiru zibil israeldar hil dituzte Israelek Gazaren kontra hiru asteko erasoaldia egin duen bitartean. Horrez gain, ekintzaile palestinarrek 10 soldadu israeldar hil dituzte Gazako borroketan.

Gingen ustetan, soilik bake iraunkorra ekarriko duen negoziazio prozesu batekin eragotzi ahal izango da Gazako erasoaldia eta antzeko gertaera latzak berriz gertatzea.

Kexu agertu da Tel Aviveko agintariek NBEri ez diotelako oraindik inolako kalte-ordainik eskaini, bere egoitza eta eskolak bonbardatu eta suntsitu dituen arren. NBEren eskola batean babes hartutako 40 bat zibil bonbaz hil zituen Israelgo armadak hilaren hasieran. Lehenago beren etxebizitzetatik alde egiteko esan zien, esku orrien eta telefono deien bidez zabaldutako oharretan. Ustez toki segurua izango zen lekuan bonbardatu zituen gero. Israel NBEko estatu kidea izan arren, askotan jo izan du NBEren egoitzen kontra, bai Palestinan bai Libanon.

Erasoaldia eta hauteskunde inkestak

Israelgo armada Barack Obamak AEBetako presidentetza kargua hartzeko bezperan erretiratu zen Gazatik, hilaren 19an, askok aurreikusi bezala. Askorentzat, otsailean Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeetarako puntuak irabazteko saioa egin du Tel Aviveko gobernuan den Kadima zentro-eskuineko alderdiak.

Halere, gaur komunikabide israeldar batzuek zabaldu dutenaren arabera, Binyamin Netanyahu lehen ministro ohiaren Likud eskuineko alderdia doa aurretik inkestetan. Maariv egunkari israeldarrak dioenez, Likudek 28 eserleku lortuko ditu Knesseten, Kadimak 24, Alderdi Laboristak 16 eta Shas sefardien alderdi erlijiosoak bederatzi. Gainerakoen datuak ez dituzte aipatu, ezta Israelgo palestinarren hiru alderdienak ere. Berriki Israelgo Justiziak debekatu egin die hiru alderdi palestinarri (egun 7 diputatu dituzte horietako bik; eta beste hiru Hadasah alderdi komunista ohiak, judu eta arabiarrez osatutako zerrenda mistoak dituena).

Gazako erasoaldiko bultzatzaile nagusiak Kadimako bi buru, Israelgo lehen ministro Ehud Olmert eta Atzerri ministro (eta Kadimako egungo buru) Tzipi Livni, eta Alderdi Laboristako buru eta lehen ministro ohi Ehud Barak Defentsa ministroa dira. Laboristak Kadimarekin eta alderdi erlijioso batekin daude koalizio gobernuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.