Global Sumud Flotillaren azken saiakera ere zapuztu du Israelgo armadak, eta ekintzaileak umiliatu dituzte. Israelek Gazan ezarritako setioa amaitzeko egitasmoaren azken ekinaldian, 50 ontzi inguru atera ziren iragan astean, Marmaris hiriko portutik (Turkia), baina guztiak atxiki dituzte aste honetan, astelehena eta atzo artean. Gaur iritsi dira Axdod hiriko portura (Israel) atxilo hartutako zenbait ekintzaile, eta Israelgo segurtasun indarrek tratu txarrak eman dizkiete. Guztira, flotillako 428 kide ditu gatibu Tel Avivek. Sei euskal herritar daude atxilotuen artean.
Flotillari lege laguntza ematen dion erakundeak, Adalah izenekoak —Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak—, jakinarazi du iritsiak direla Israelera gatibu hartutako lehen ekintzaileak. Atzo gauean jakinarazi zuen Israelgo Atzerri Ministerioak atxilo hartutako ekintzaile guztiak Israelera bidean zihoazela.
Apirilaren 15ean abiatu zen ontzidia Bartzelonako portutik, Gazako palestinarrei ezarritako blokeoa hausteko asmoz. Eta hilabete horren amaieran, Israelgo militarrek ontzidiko 22 itsasontzi atzeman zituzten Kreta uhartetik hurbil (Grezia). 175 kide inguru hartu zituzten gatibu, eta ia guztiak uharte horretatik jaioterrira deportatu zituzten. Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra, ordea, Israelgo kartzela batean eduki zituzten preso maiatzaren 10era arte. Halere, Global Sumud Flotillak beste saiakera bati ekin zion aurreko astean, eta orain ontzi horiek ere atzeman ditu Israelek, Zipretik hurbil, nazioarteko uretan.
Gainera, ekintzaileek salatu dute Israelgo soldaduak itsasontziei tiroka hasi zitzaizkiela atzemateko orduan. Ontzidiaren antolatzaileek sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusten da hori, baina flotillak jakinarazi zuen ez zutela inor zauritu. Astelehenean jakinarazi zuten Israelgo armada ontzidia «inguratzen» hasi zela, eta atzo atzeman zituzten azken itsasontziak.
Ben Gvirren «ongietorria»
Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak bideo bat kaleratu du gaur X sare sozialean, flotillako kideei iseka eginez. Atxilotuak Axdodeko portura iritsi direnean bertara joan da Ben Gvir. «Ongi etorri Israelera» esaten ageri da bideoan; bitartean, flotillako dozenaka ekintzaile lurrean makurtuta ageri dira, eskuak lotuta. Gainera, bideoan ikusten denez, poliziek bortizki tratatu dituzte ekintzaileak.
«Horrela hartzen ditugu terrorismoaren aldekoak», mezua idatzi du sare sozialetan. Israelgo Gobernuaren arabera, Gazako setioa hautsi nahi dutenak Hamas Palestinako talde islamistaren laguntzaileak dira.
ככה אנחנו מקבלים את תומכי הטרור
— איתמר בן גביר (@itamarbengvir) May 20, 2026
Welcome to Israel 🇮🇱 pic.twitter.com/7Hf8cAg7fC
Bestalde, lurreko konboi bat ere badoa Gazara bidean, baina orain ez atzera ez aurrera dago. Sirten (Libia) geldiarazi dituzte nazioarteko berrehun ekintzaile baino gehiago —tartean euskal herritar bat—. Libian bi gobernu daude gaur egun, eta, haietako batek igarotzen utzi bazien ere, bestearen kontrolpeko eremura iritsi direnean geldiarazi egin dituztela jakinarazi dute Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzako kideek.
Irakasleek Nafarroako gobernua interpelatu dute
Global Sumud Flotillan zihoazen ekintzaileetako bat, hain zuzen, Nafarroako Irakasleok Palestinarekin elkarteko kidea da. Elkarte horrek oharra atera du gaur, ontzidiari elkartasuna adierazteko eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko «ahal duen guztia» egin dezala solidarioen egoera konponbidean jartzeko: «Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatu nahi dugu, eta exijitzen diogu bere esku dagoen guztia egin dezala gure kideak eta sionismoak bahitutako gainerako solidarioak askatzeko».
Lehentasuna, «mendebaldeko pertsonei» laguntza emateaz gain, «modu erabat ankerrean preso dauden palestinarren egoera» konpontzea dela uste dute Irakasleok Palestinarekin elkartekoek, «asko inongo akusaziorik gabe baitaude preso». Hori dela eta, beste eskaera bat ere egin diote Maria Txibiteren gobernuari: «Harreman oro eten dezala Israelgo Estatuarekin, nazioarteko zuzenbideak eta, bereziki, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren irizpenek ezartzen dutenari jarraikiz».
Meloniren salaketa
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak Israelgo autoritateen «tratu txarrak» salatu ditu, eta egoera «onartezina» dela ziurtatu du, flotillako atxilotuek jasan duten tratuari erreferentzia eginez. «Ben Gvir Israelgo ministroaren irudiak onartezinak dira. Onartezina da manifestari horiek, tartean Italiako herritar askok, horrelako tratua jasatea», idatzi du sare sozialetan.
Meloniren arabera, «beharrezko urrats guztiak» egiten ari dira Italiako ekintzaile guztiak aska ditzaten, eta barkamena eskatzea exijitu dio Israeli. Jakinarazi du Italiako Atzerri Ministroak Israelgo enbaxadoreari egin diola dei gertatu denari buruzko «argibide formalak» eskatzeko.