Israelgo armadak beste 51 gazatar hil ditu, eta gosez ere gero eta gehiago ari dira hiltzen

2023ko urritik, zerrendan jada 150 pertsona baino gehiago hil dira goseak jota. Trumpen arabera, Hamas errenditzea da «krisi humanitarioa» amaitzeko modurik bizkorrena.

Gazako zenbait herritar Israelgo armadak hildako palestinar baten gorpua garraiatzen, gaur, Gaza hiritik hurbil. MOHAMMED SABER / EFE
Gazako zenbait herritar Israelgo armadak hildako palestinar baten gorpua garraiatzen, gaur, Gaza hiritik hurbil. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 31
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek bonbak jaurtita hiltzen ditu gazatarrak; baita laguntza humanitarioa jasotzera joaten direnean tiro eginda ere; eta gosez ere bai. 2023ko urriaren 7an erasoaldia hasi zuenetik, 154 pertsona hil dira Gazan goseak jota. Al-Jazeera hedabideak gaur eman du datu hori zerrendako osasun iturriak aipatuz, eta, gaineratu duenez, zer janik ez zutelako hil diren horietatik 89 adingabeak ziren. Bestalde, gaurko erasoetan gutxienez 51 pertsona hil ditu Israelgo armadak; horietatik 23, laguntza humanitarioa jasotzera joan direnean. Are gordinagoa da arratsaldean Gazako Osasun Ministerioak emandako azken 24 orduetako datua: 111 hildako, horietatik 95 laguntza jasotzen ari zirenak.

Nazioartea Israeli gero eta presio handiagoa egiten ari zaio su eten bat onar dezan. Gaur, Portugalgo lehen ministro Luis Montenegroren bulegoak iragarri du legebiltzarrean bozkatuko dutela Palestinako estatua aitortu ala ez; baiezkoak irabaziz gero, herrialdeko presidenteak oniritzia eman beharko lioke neurriak aurrera egin dezan. Irailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusia egingo dute New Yorken (AEB), eta, asteon, hainbat estatuk iragarri dute Palestinako estatua aitortuko dutela bilkura horretan. Kanadak atzo jakinarazi zuen hala egingo duela; hori bai, baldin eta PAN Palestinako Agintaritza Nazionalak «erreforma demokratikoak» egiten baditu. Hain justu, gaur, AEBetako Estatu Idazkaritzak iragarri du zigorrak ezarriko dizkietela PANeko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kideei, «terrorismoa babesteagatik».

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak herenegun iragarri zuen irailean Palestina estatu moduan aitortuko duela Israelek ez badu su etenik onartzen, eta ez badio uko egiten Zisjordania anexionatzeari. Frantziak, bestalde, ez du baldintzarik jarri, eta NBEren aurrean Palestina estatu gisa aitortuko duela jakinarazi zuen aurreko astean.

Frantziako Atzerri ministro Jean Noel Barrotek gaur salatu du GHF Gaza Humanitarian Foundationen laguntza banatzeko sistema «eskandalu bat» dela, eta exijitu du bertan behera uzteko erakundearen jarduna: «Laguntzaren banaketa militarizatua sarraskia eragiten ari da», adierazi du Zipreko Atzerri ministroarekin batzartu ostean emandako prentsaurrekoan. GHF maiatz amaieratik zerrendan janaria banatzeko Israelen baimena duen talde bakarra da; AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak ere salatu du erakunde horren jarduna: «GHFren banaketa planak gosete masiboa bultzatzen du», adierazi zuen NBEren agentzia horrek herenegun kaleratutako txosten batean.

Gainera, IPCk nabarmendu zuen «inoizko goseterik larriena» gertatzen ari dela Gazan, eta ohartarazi zerrendan gero eta jende gehiago ari dela hiltzen «gosetearen, malnutrizioaren eta gaixotasunen ondorioz». Zerrendatik kanpo ere Tel Avivek eraso egin dio palestinarren elikadura subiranotasunari. Gaur, Hebron inguruan (Zisjordania) UAWC Palestinako Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasuna erakundearen hazi banku bat suntsitu dute militar israeldarrek.

Donald Trump AEBetako presidenteak ere asteon aipatu du lehen aldiz zerrendako irudiek iradokitzen diotela Gazako haurrak gosez daudela. Halere, Etxe Zuriko maizterraren ustez, Gazako «krisi humanitarioa» amaitzeko modu azkarrena Hamasek amore ematea eta bahitu guztiak askatzea litzateke. NBEren agentziak, bestalde, ohartarazi zuen «berehalako tregoa iraunkor bat» onartzea litzatekeela egoerari aurre egiteko aukera bakarra.

Alemaniak oraingoz ez

Steve Witkoff Trumpen Ekialde Hurbilerako mandatari berezia Israelera heldu da gaur. Benjamin Netayahuren bulegoak jakinarazi duenez, Israelgo lehen ministroa eta Witkoff bilduta egon dira, baina ez dute beste xehetasunik eman. Bihar, Witkoff Gazara joatekoa dela jakinarazi du Etxe Zuriak.

Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephul ere iritsi da Israelera. Berlinek oraingoz ez du Palestina estatu gisa aitortuko Frantziak egin asmo duten moduan. Atzerri Ministerioak ohar batean azaldu du «bi estatuen konponbidea» dela bi aldeei «bakea, segurtasuna eta zilegitasuna» eskain diezaiekeen soluzio bakarra. Horretarako, negoziatzeko garaia dela uste du Alemaniak, eta ziurtatu du prozesu horren amaieran aitortuko duela Palestina estatu gisa.

Sei ume gazatar iritsi dira Euskal Herrira, arta bila

Gazan Israelen erasoek zauritutako sei adingabe Euskal Herriko hiru ospitaletara iritsi dira gaur, arta medikua jasotzeko. Arratsaldean iritsi dira Espainiako Armadaren Zaragozako aire basera, eta hiru Gurutzetako Ospitalera (Bizkaia), bi Donostiako Ospitalera eta bat Nafarroako Ospitalera bidali dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.