Eyal Zamir Israelgo armadako burua izan zen lehenetarikoa Gaza osoa okupatzeko planaren kontra agertzen. Gaur, ordea, baiezkoa eman dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren asmoari. Israelgo armadak ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi du Zamirrek, kritikak kritika, men egin diela lehen ministroaren erranei.Â
Joan den astean eman zuen Netanyahuk Gazako setioan jarraitzeko hurrengo urratsen berri. Plan berri bat sortu zuen horretarako: Gazako eremu osoa okupatzea. Hark hala azalduta, Israelen asmoa ez da Gaza gobernatzea, baizik eta «Hamas guztiz suntsitzea eta bahitu guztiak askatzea».Â
Berehala egin zuen nazioarteak plan horren kontra; besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak. Israelgo armadak ere ezezkoa eman zion lehen ministroari, baina hark aitzinera jarraitu zuen, eta zerrenda bere gain hartzeko pausoak iragarri zituen. Zamirrek erran zuen Hamasen esku dauden Israelgo bahituak «arriskuan» jarriko dituela Israelek, haiek dauden eremuei ere erasoko liekeelako Gaza okupatu ahal izateko. Alabaina, Netanyahu «prest» agertu zen hori egiteko, eraso egin ezean bahituak «gosez hilko» liratekeelako.Â
Zamir, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroa eta Netanyahu hiru bat orduz bildu ziren joan den astean, eta armadak «erabateko ezezkoa» emanda atera ziren handik. «Bahituei kalte egiteko beldurra» erakutsi zuen Zamirrek, baina gaur ez du halakorik adierazi. Armadaren baiezkoa lortuta, Netanyahuk zabalik dauzka Gaza okupatzeko ateak. Zamirrek berak bileran erran duenez, «hobetu eta egokitu» egin behar dituzte armadaren kokalekua eta erasotzeko estrategia. Lehen ministroak aurreikusitakoaren arabera, urrian abiatuko dute plan berria.Â
Gaza hirian milioi bat palestinar bizi dira, eta haientzako arriskua areagotu eginen dute Israelgo lehen ministroaren hurrengo urratsek. Atzo, nazioarteak are gehiago salatu zuen Netanyahuren plana: 24 Atzerri ministrok salatu zuten Israel Gazan egiten ari den setioa, eta herrialdeari aurpegiratu zioten «inoiz ikusi ez den zerbait» egiten ari dela. Salatu zuten ministroen artean dira, erraterako, Erresuma Batukoa, Frantziakoa, Japoniakoa, Australiakoa eta Kanadakoa.
Setioa areagotuko dela dirudien honetan, Egiptoko agintariak Hamaseko ordezkaritza batekin bildu dira gaur, Kairon. «Gerra gelditzeko modu bat» bilatu nahi dute, Teher al-Nunu Hamaseko bozeramaileak jakinarazi duenez. Gaurko bilera antolatu zutenean, ordea, Netanyahuren plan berria ez zegoen onartuta, eta litekeena da armadak hartutako azken erabakiak Egiptoren eta Hamasen bilera baldintzatu izana. Al-Nunuren erranetan, «laguntza humanitarioa sartzeko eta sufrimendua bukatzeko» modu bat lortzea da asmoa. «Negoziazioa da gerrari amaiera emateko modu bakarra, eta prest gaude gatazkaren amaiera bermatuko duen edozein ideiaz eztabaidatzeko».
EFE berri agentziak iturri ofizialak aipatuz argitaratu duenez, Hamas «malgu» azaldu da bileran, eta Gazan indar arabiar eta internazional bat egotea onartu du, baldin eta horrek gerrari amaiera ematen badio. «Egiptoko agintariek ulertzen dute Hamasek erresistentzia egin nahi izatea eta gogor segitu nahi izatea», eta akordio bat negoziatzen aritu dira, «zerrendan sartuko diren indarren misioari buruz eta erresistentzia ekintzei buruz». Su etenera begira, ez dute Israelgo armadarren aurkako erasorik abiatu nahi.
Fase bakarra
Netanyahuk, ordea, su etenaren negoziazio horri dagokionez, adierazi du bide bakarra dagoela su etena lortzeko eta gerra bukatzeko: bahituak askatzea. Ez du faseka banatuko den su etenik nahi; alegia, «bahitu guztiak fase bakarrean» eskuratu nahi ditu, «bizirik daudenak eta hilik daudenak». Hala erran zion atzo i24 News hedabideari. 50 bahitu inguru dauzka Hamasek; erdiak baino gehiago, hilik.Â
«Ahalegindu ginen fasez fase jarduten, era guztietako saiakerak egin genituen, baina engainatu bertzerik ez gaituzte egin», erran zuen Netanyahuk. Horrenbertzez, ez du tropak erretiratzeko bertze negoziaziorik onartuko. «Hamas errenditzen denean eta bahitu guztiak askatzen dituenean bukatuko da gerra».Â
«Israel handia» eraikitzeko bidean da herrialdea, i24 News telebistan kontatu zuenez. Plan horrek, palestinarren lurraldeak hartzeaz gain, Egiptoko, Jordaniako, Siriako eta Libanoko parte batzuk ere hartuko lituzke. «Idatzita dago Jerusalemen etorkizuna Damaskora zabaltzea dela», erran zuen.Â
Bide batez, Cogat Israelgo erakunde militarrak jakinarazi duenez, atzo 320 kamioi sartu ziren Gazan laguntza humanitarioa zeramatela. Maiatz bukaeratik GHF Gazako Fundazio Humanitarioa arduratzen da Gazan giza laguntza banatzeaz, eta, uztail amaieratik, ehun kamioiri ere ez diete sartzen uzten egunean. Osasun langileek eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu dutenez, egunean 500 kamioi inguru behar lituzkete bizirik iraun ahal izateko.Â
Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 55 palestinar hil ditu gaur Israelek; gerra hasi zenetik, 61.722.Â
ISRALEGO ARMADAK PALESTINAR BAT HIL DU ZISJORDANIAN
35 urteko palestinar bat hil du gaur Israelgo soldadu batek Zisjordania iparraldean, Nablus hiritik gertu, Duma herrixkan. Wafa berri agentzia palestinarrak jakinarazi duenez, tiroz egin diote eraso; hilabete honetako bigarren aldia da kolonoek palestinar bat hiltzen dutena Zisjordanian. Eremu bertsuan hil zuten bertze palestinarra ere, 24 urtekoa.
Israelgo armadak, ordea, han ziren palestinarrei egotzi die erasoaren ardura. Salatu du harriak jaurtitzen hasi zirela, eta, «erantzun» gisa, tiro egin zuela soldaduak.
2023ko urriaren 7an hasitako gerran, Gaza ez da Israel erasotzen ari zaion eremu bakarra. Aitzitik, Zisjordanian ere mila palestinar baino gehiago hil dituzte Israelgo soldaduek eta kolonoek setioa hasi zenetik. Urtarriletik hona, berriz, 179 palestinar hil dituzte, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera. Maiatz bukaeran, gainera, Israelek bertze 22 kolonia legeztatu zituen herrialde horretan.
Duma herrixka inguruko eremua israeldarrek kontrolatzen dute militarki eta administratiboki, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak «legez kanpokotzat» jotzen du hori. Iazko udan, erraterako, Israeli eskatu zion kokagune guztiak desagertzeko eta kolono guztiak Palestinako lurretatik ateratzeko. Oraingoz, Israelek entzungor egin du.