Joan den apirilaren amaieran Global Sumud Flotillako zenbait ontzi atzemanagatik ere, Gazako blokeoa hausteko misioak ez du atzera egin; dena den, Israelgo armada ontzidia «inguratzen» hasi dela ohartarazi du flotillak gaur goizean, eta dagoeneko hamabi itsasontzi geldiarazi dituzte, misioaren webgunearen arabera. Flotillaren bideo bidezko zuzeneko emisioan ikusi da soldaduek nola abordatu dituzten ontziak. Al-Jaazera hedabidearen arabera, ehun bat ekintzaile atxilotu dituzte; Israelgo hedabideek kaleratu dute Ashdod hiriko portura (Israel) eramango dituztela. 55 bat itsasontzi Marmaris hiriko portutik (Turkia) abiatu ziren duela lau egun, eta Zipretik 150 kilometrora atzeman ditu armadak.
Flotillaren Euskal Herriko adarrak jakinarazi du, ohar bidez, sei euskal herritar doazela misioan. Mobilizatzera ditu gaurko, 18:00etarako, atxilotutako ekintzaileak «berehala» aska ditzatela exijitzeko.
«Setio militar hau legez kanpoko beste eraso bat da», salatu du flotillak sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eta zehaztu du Zipreko itsas bilaketa eta salbamendu eremuan atzeman dituztela: «Israelgo erregimenak beste behin utzi du agerian nazioarteko itsas legedia mespretxatzen duela sistematikoki».
Zisjordaniako palestinarrei heriotza zigorra ezartzeko aukera izango du israelek gaurtik aurrera
Zisjordaniako palestinarrei heriotza zigorra ezartzeko askatasuna izango du aurrerantzean Tel Avivek, hilketa baten ondorioz «terrorismoagatik» kondenatzen badituzte. Gaur jarri da neurria indarrean, eta Hamasek salatu du nazioarteko lege eta arau guztiak urratzen dituela erabaki horrek. «Erabakia kriminala eta koldarra da. Palestinako herriak ez du etsiko, eta bere borroka legitimoa egiten eta bere lurren eta leku sakratuak defendatzen jarraituko du», adierazi du talde islamistak ohar batean.
Aurrez, Israelgo Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du: bira «berehala» emateko agindu dio flotillari, eta ohartarazi ez duela «probokaziorik» onartuko. Misioan «Turkiako bi talde biolento» doazela esan du. Iragarria zuen, duela bi aste pasa bezala, prestatzen ari zela ontzidia oztopatzeko.
Izan ere, Israelgo armadak 22 itsasontzi atzeman zituen apirilaren amaieran, Greziako Kreta irlatik ehun bat kilometrora, nazioarteko uretan ordu hartan ere, eta 175 bat ekintzaile hartu zituen gatibu. Ia guztiak irla horretara eraman zituzten, aberriratu zitzaten, bi izan ezik: Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra. Hamar egunez eduki zituzten atxilotuta, eta Israelen eduki zituzten preso. Maiatzaren 10ean askatu eta deportatu zituzten.
Misioa joan zen apirilaren 15ean abiatu zen Bartzelonatik, eta beste ontzi batzuk batu zitzaizkion Italian, Grezian eta Turkian egindako geldialdietan. Bostehun ekintzaile inguru doaz ontzidian.