Ez da kasualitatea Gaza hiria bere gain hartzeko plana urritik aurrera abiatzea, Israelgo armadak urriaren 7ra arteko epea emango baitie han dauden palestinarrei alde egin dezaten. Alegia, erasoaldia hasi eta bi urtera. Epemuga horretarako bi hilabete geratzen diren arren, Israelgo armadak jada abiatu du eremu hori okupatzeko operazioa: Effie Defrin bozeramaileak gaur jakinarazi duenez, Israelgo tropek dagoeneko inguratuta daukate Gaza hiria, eta hasi dira aurreneko ofentsibak prestatzen.
Atzo gauetik dago indarrean lurralde hori okupatzeko plana, orduan eman baitzuen baiezkoa Israel Katz Defentsa ministroak, armadako buru Eyal Zamirrek-eta okupazioaren xehetasunak aurkeztu ondoren. Dozenaka mila erreserbistari deituko diete luze gabe, eta Gaza hiriko iheslari guztiak zerrendaren hegoaldean nola ezarri aztertzen ari dira.
Israelgo armadako iturrien arabera, 60.000 erreserbistak bi aste igaro baino lehen aurkeztu beharko dute. Dagoeneko beste hainbestek jarduten dute Gazako setioan, eta haiei beste hilabete inguru luzatuko diete zerbitzua. Plana abiatzen dutenerako, hortaz, 130.000 erreserbista arituko dira. Deitu dituzten erreserbista guztiak, ordea, ez dituzte frontera bidaliko; batzuek, esaterako, okupazioan parte hartuko duten soldaduak ordezkatuko dituzte. Gehientsuenak urrirako hasiko dira lanean, eta gainontzeko erreserbistak azaro edo abendu aldean eta otsailean edo martxoan bidaliko dituzte, oldeka. Planaren arabera, hasieran Gaza hiria inguratuko dute, «Hamasen azpiegiturak» dauden guneetara heldu ahal izateko.
Milioi bat palestinar daude oraindik Gaza hirian, eta, behin zerrendaren hegoaldean kokatuta, laguntza humanitarioa banatzeko azpiegiturak ezarriko dituzte, armadaren arabera; besteak beste, kanpadendak-eta sartzen lagako dute, desplazatzera behartuko dituztenek aterpe har dezaten. GHF Gazako Fundazio Humanitarioa mertzenarioen erakundeak kudeatzen du laguntzaren banaketa zerrendan, eta armadak iragarri du beste banaketa gune batzuk ezarriko dituela; gaur-gaurkoz hiruzpalau ditu martxan, eta, maiatzaren amaieran beharrean hasi zenetik, laguntza jasotzeko itxaroten ari ziren 2.000 gazatar baino gehiago hil dira Israelen erasoetan, Gazako Osasun Ministerioak gaur ohar bidez jakinarazi duenez.
Behin-behineko bi ospitale ere ezarriko omen ditu armadak, eta Gaza hegoaldeko Al-Fukhari herriko Europar Ospitalea ere berriro irekitzeko asmoa du —maiatzeko bonbardaketa baten ondorioz, zerbitzuz kanpo geratu zen; Israelek argudiatu zuen Hamaseko buruetako bat zegoela ezkutatuta eraikinaren lurpeko tuneletan—. The Times of Israel egunkariak Defentsa Ministerioko iturri bat aipatuz kaleratu duenez, gobernua NBE Nazio Batuen Erakundearekin eta beste zenbaitekin harremanetan jarri da zabalduko dituzten ospitaleetarako langileak biltzeko, eta «erantzun ona» jaso du. Gainera, aztertzen ari dira bestelako osasun instalazio batzuk sortzea.
Bien bitartean, Israelgo Gobernua Gazarako su etena aztertzen ari da, Hamasek asteon ontzat eman eta gero —proposamen horren arabera, hirurogei egunez etengo lituzkete erasoak, eta Hamasek hamar gatibu askatuko lituzke, hemezortziren gorpua entregatzeaz gain; trukean, Israelek zenbait preso palestinar askatu beharko lituzke—. Ez dirudi, ordea, Israel prest dagoenik hari baiezkoa emateko, batez ere Gaza hiria bere gain hartzeko plana aurrera doan honetan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak herenegun esan zuen erakunde islamistak «presiopean» dagoelako onartu duela menia proposamena. Ostirala baino lehen emango dute erabakiaren berri. Israelgo armadaren arabera, Hamasek 50 gatibu ditu oraindik, erdiak baino gehiago hilda. Menia onartzeko baldintzetako bat da, hain zuzen, horiek guztiak aldi berean itzultzea Tel Avivi.
Plana abian jartzeko hilabete pasatxo falta izanagatik, Israelgo armadak Jabalia hiria husteko agindua eman du gaur —Gaza hiria baino iparralderaxeago dago—. Oharrean, azaldu du «zibilei kalte egiteko arriskua arintzeko» eman dutela agindua, eta hegoalderantz joateko baimena eman dietela, «seguru egon daitezen».
Bitartean, gaur gutxienez 35 gazatar hil ditu Israelgo armadak erasoaldietan; tartean, laguntza jasotzeko itxaroten ari ziren hamar lagun. Al-Jazeera hedabideak eman du horren berri. Bestalde, armadak jakinarazi du beste hamar palestinar hil dituela zerrenda hegoaldeko Khan Yunis hirian; «aurrez aurreko eraso batean» izan da, ohar batean adierazi duenez.
Zisjordaniako okupazioa
Gaza hiria okupatzeko plana ontzen ari den honetan, Israelgo Gobernuak ontzat jo du Zisjordaniako hainbat lurralde okupatzeko egitasmoa. Finantza ministro Bezalel Smotrichek eman du horren berri, ohar baten bidez: «Erabaki honek behin betiko baztertuko du bi estatuen ideia zoroa, eta Israelgo Estatuaren bihotzean egoteko aukera emango dio herri juduari». Irudi bat ere zabaldu du: Smotrich bera ageri da, mapa bat eskuetan duela, eta, mapa horretan, okupatu asmo duten lurraldea dago irudikatuta.Â
Hain justu, asmoa da Jerusalem ekialdearen inguruko lurraldeetan juduen kokagune gehiago eraikitzea. Egitasmo hori gauzatuz gero, Zisjordaniako palestinarrek zailtasun gehiago izango dituzte Jerusalemera sartzeko, eta oztopo bat izango da hori etorkizunean Palestinako Estatua eraikitzeko.Â
GAZARA LAGUNTZA BIDALTZEKO ITSASOKO KORRIDOREA IREKI DUTE
Zipreko Atzerri Ministerioak asteon jakinarazi du berriro bidaliko dutela laguntza humanitarioa Gazara, itsasotik. Itsasontziak Israelgo Asdod hiriko porturantz abiatuko dira, eta laguntza kamioi bidez helduko da handik zerrendaraino. Dagoeneko harantz abiatua da 1.200 tona janari daraman itsasontzi bat. Segurtasun kontrolak Limasolgo portuan egingo dira, Zipren, eta ez da bestelakorik egin beharko behin Asdodera heldu ostean, ministerioaren arabera. Iazko apirilean itxi zuten itsasoko korridorea, Zipretik ateratako laguntza deskargatzen ari ziren zazpi lagun Israelen eraso batean hil eta gero.