Israelgo lehen ministro izateko hautagai nagusiak

Hiru dira lehen ministroaren kargua lortzeko hautagai nagusiak: Benjamin Netanyahu, Gadi Eisenkot eta Naftali Bennett. Hirurek ukatzen dute Palestina existentzitzen dela.

Netanyahu eta Eisenkot Tel Aviveko eraikin batean jarritako pantaila bateko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE
Netanyahu eta Eisenkot Tel Aviveko eraikin batean jarritako pantaila bateko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 25a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte etzi Israelen, eta hiru dira lehen ministro bihurtzeko faboritoak: Benjamin Netanyahu egungo gobernuburua, Gadi Eisenkot Israelgo estatu indarren buru izandakoa, eta Naftali Bennett, 2022an Netanyahuren azken agintaldia hasi aurretik urtebetez lehen ministro izandakoa. Israelgo Keshet 12 telebista kateak argitaratu duen azken inkestaren arabera, 23 eserleku lortuko ditu Eisenkoten alderdiak (Yashar), Netanyahuk (Likud) baino hiru gehiago. Inkestetan iragarritakoa betetzen bada, zertxobait atzerago egongo da Bennetten alderdia (Elkarrekin). Gutxienez 61 eserleku behar dira Israelgo Knesseten Gehiengoa edukitzeko. Hortaz, bozak irabazten dituenak hainbat alderdirekin aliantzak egin beharko ditu lehen ministro izateko.

Benjamin Netanyahu

Jarrerarik ankerrenen segida

Benjamin Netanyahu lehen ministroa da Israelen politikagintzaren lehen lerroan denbora gehien daraman politikaria. 1993an iritsi zen Likud ultraeskuineko alderdiko buruzagitzara, eta, geroztik, alderdiaren irudi eta erreferentzia izan da. 1996an, Israelgo hauteskundeak irabazi zituen, eta orduan izendatu zuten Israelgo lehen ministro aurreneko aldiz. 2009tik 2021era eta 2022tik gaur arte ere lehen ministro izan da. Haren alderdikideentzat, sendotasuna, esperientzia eta erresistentziarako gaitasuna islatzen ditu. Oposizioaren ustez, berriz, konfrontazioak etengabe luzatzearen erantzulea da.

Benjamin Netanyahu Jerusalemen, urriaren 14an, agerraldi batean. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Jerusalemen, urriaren 14ko agerraldi batean. ABIR SULTAN / EFE

Haren agintaldietan nazionalismoa eta Israelen segurtasuna izan dira zutabe nagusiak. Israel «geroz eta handiagoa» izan dadila nahi du, eta nazioartean daukan posizioa mantendu edo hobetu —haren ustez, Israelgo Estatuaren biziraupena armadaren nagusitasunaren menpe dago—. Horretarako, aliantza estrategikoak egin izan ditu nazioarteko beste potentzia batzuekin; batez ere, AEBekin.

Nazioarteko politikan jarrera gogorra izan du beti. Horretarako, eraso andana egin ditu Palestinan, Iranen eta Libanon —74.000 lagun baino gehiago hil ditu Gazan 2023ko urriaz geroztik, eta 7.000 baino gehiago Iranen eta Libanon, AEBekin batera otsailean Irango erasoaldia abiatu zuenetik—. Palestinarako behin betiko konponbide bat lortzeari dagokionez, Israelek edukitako liderrik eszeptikoenetako bat izan da. Zisjordaniako kokalekuak ugaritzea eta hedatzea babestu izan du. Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua eman zuen 2024an, Gazan «gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak» egin izana egotzita.

Gadi Eisenkot

Israel bateratzea helburu

Gadi Eisenkot Israelgo armadako soldadua izan zen politikari ibilbidea abiatu aurretik. 2015etik 2019ra bitarte, Israelgo estatu indarren buru izan zen, eta 2023an sailik gabeko ministro izendatu zuen Netanyahuk, 2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoaren ostean larrialdi gobernua osatu baitzuten gobernuan zeudenek eta oposizioko alderdiek —Eisenkotek urtebete egin zuen karguan, dimisioa eman arte—. Iaz sortu zuen Yashar alderdi politikoa, eta bera da Netanyahuri lehen ministroaren kargua kentzeko hautagai nagusia. 

Gadi Eisenkot irailean, agerraldi batean, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Gadi Eisenkot irailean, agerraldi batean, Haifan. ABIR SULTAN / EFE

Eisenkotek balio nazionalistetan eta juduetan oinarritu nahi du Israelgo Estatua. Palestinari dagokionez, ukatu egiten du existitzen dela ere, eta, oro har, Israelek Gazan, Libanon eta Iranen egindako operazio militarrak babestu ditu. Hala ere, Gazan epe luzeko su etena ezartzearen aldekoa da —teorian, su etena indarrean dago iazko urritik, nahiz eta praktikan Israelek erasoak egiten jarraitzen duen—; baita Gazako zerrenda desmilitarizatzearen aldekoa ere. Netanyahuk, esaterako, esan izan du Eisenkoti entzun izan balio gaur egun Hamasek «lurraldea kontrolatuko» lukeela oraindik ere.

Dahieh doktrinaren sortzaileetako bat da Eisenkot. Estrategia militar horrek hiriak eta azpiegitura zibilak «modu masiboan» eta inolako bereizketarik gabe bonbardatzean datza. Helburua argia da: etsaia azkar garaitzea eta Israeli berriz erasotzeko asmoa kentzea.

Ultraortodoxoen auziari dagokionez, hainbatetan esan du behartu egingo dituela derrigorrezko soldadutza egitera —2024ra arte salbuetsita zeuden—, eta argi utzi du erabaki horrek ez duela atzera-bueltarik.

Naftali Bennett

Zentrorako eboluzioa

AEBetatik Israelera migratu zuen bikote baten semea da Naftali Bennett. Haifan jaio zen, eta, politikoki, Israelgo nazionalisten ideiak dauzka, baina, kulturalki, AEBetako kulturaren gertukoa da. Israelgo lehen ministro izan zen, baina urtebete eskas iraun zuen karguan, 2021eko ekainetik 2022ko ekainera.

Eskuinekoa eta elizkoia da eta, ikuspegi ekonomikoari dagokionez, liberala. Netanyahuren aurkari zuzenetako bat den arren, haren lerro berekoa da; izan ere, Palestinako estatuaren aurkakoa da Bennett ere, Israel «handi» baten aldekoa, eta uste du bi estatu izatea ez dela inoiz konponbidea izango. Alegia, lurralde okupatuak anexionatzearen aldekoa da —Zisjordaniako kokaleku juduak biltzen dituen kontseilua zuzendu zuen garai batean—, uste baitu gaur egungo mugak ez direla seguruak. Hala ere, ahaleginak egiten ari da sinetsarazteko Netanyahuk Israelentzat «lortu ez duena» lor dezakeela: «segurtasuna eta kohesio soziala».

Naftali Bennett besoak goran dituela, irailean, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Naftali Bennett besoak gora dituela, irailean, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE

Hala ere, apaldu egin du aurreko agintaldian izandako tonua. Palestinako gatazka kudeatzeko moduan jarri du arreta azkenaldian, behin betiko konponbidea aurkitzeko asmoz. Bilakaera horrek modua eman dio zentroko sektoreekin aliantzak egiteko, bereziki Yair Lapid oposizioko buruarekin. Horrela sortu zuten biek ala biek Elkarrekin alderdia, apirilean. Lapiden Yesh Atid alderdia eta Bennetten mugimendua elkartzearen emaitza da alderdi hori, eta zentroko eta eskuineko hautesleak biltzea du helburu.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA