Israelgo Fiskaltzak kontuak eskatu nahi dizkio Benjamin Netanyahu lehen ministroari, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalerako ministroa ez kargugabetzeagatik. Hain zuzen ere, Gali Baharav-Miara fiskalak eskari bat egin dio Israelgo Auzitegi Gorenari, epaileek lehen ministroari azalpenak eman ditzala exijitu diezaion. 69 orrialdeko txosten batean, salatu du Ben Gvir haren karguaz «abusatzen» ari dela Israelgo Poliziarengan «bidegabeki eragiteko», eta Netanyahuri «isilik» egotea leporatu dio. Nabarmendu du Polizia «apolitikoa» edukitzea lehen ministroaren ardura dela, baita «esku hartze desegokia» eragoztea ere.
Horiek horrela, fiskaltzak adierazi du «azpiegitura faktiko guztia» azter dezala Gorenak, bai Segurtasun Nazionalerako ministroaren izendapenaren aurrekoa eta bai ondorengoa. Ben Gvirren «delituak, izaera gogaikagarria eta adierazpen arrazistak» kontuan har ditzala eskatu du.
Botere Judua eskuin muturreko alderdikoa da Ben Gvir, eta duela hiru hartu zuen ministro kargua. Kolono juduen aldeko jarrera erakutsi izan du, eta aintzat hartzekoa da 2007an zigortu egin zutela arrazismoa bultzatzeagatik eta «erakunde terrorista» baten kide izateagatik.