Israeli «merkataritza abantailak» kentzea proposatu du Europako Batzordeak

«Muturreko» ministroei, kolono «biolentoei» eta Hamasi zigorrak ezartzea ere mahai gainean jarri du batzordeak. Maros Sefcovic Merkataritza komisarioaren ustez, neurria «egokia eta proportzionala» da.

Kaja Kallas EBko diplomaziaburua eta Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa proposamenaren berri ematen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Kaja Kallas EBko diplomaziaburua eta Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa proposamenaren berri ematen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko irailaren 17a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek Gaza hiriaren aurka lurreko erasoaldia hasi eta biharamunean, Europako Batzordeak proposatu du partzialki bertan behera uztea Israelekin duen merkataritza akordioa. Eskaera bera egin zuen gaur astebete Ursula von der Leyen batzordeko presidenteak, eta komisarioen taldeak gaur berretsi du. Kaleratu duen oharraren arabera, Europako Batzordeak proposatu du albo batera uzteko Israelek dituen «abantaila komertzialak», eteteko talde komunitarioak estatu horri ematen dizkion laguntza ekonomikoak, eta zigorrak ezartzeko «muturreko» ministroei, kolono «biolentoei» eta Hamas Gazako talde islamistari. Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak gaur agerraldi batean adierazi duenez, neurri horien asmoa ez da Israel zigortzea, Gazako egoera humanitarioa hobetzea baizik. Orain, estatu kideek eman beharko diote oniritzia proposamenari.

Irlandak, Espainiak, Danimarkak, Suediak eta Herbehereek eskatu izan diote batzordeari aztertzeko EBren eta Israelen arteko merkataritza akordioa. Itun horren oinarrietako bat da Israelgo Gobernuak giza eskubideak errespetatzea, eta komisarioen taldeak ondorioztatu du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren administrazioa ez dela ari baldintza hori betetzen. Kaleratu duten oharraren arabera, Tel Aviv giza eskubideak urratzen ari dela erakusten dute Gazako egoera humanitarioak, zerrendako erasoaldiaren gogortzeak eta Zisjordanian kolonia gehiago eraikitzeko planek.

Kallasek azaldu duenez, proposamen horrekin batzordeak «presio gehiago» egin nahi dio Israelgo Gobernuari; eta gehitu du orain estatu kideek Europar Kontseiluan eztabaidatuko dutela merkataritza akordioa bertan behera utzi ala ez: «zaila izango da, badakigu zein diren [estatu kideen] ildoak». Alemaniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak, esaterako, kezka agertu dute akordioa eteteari buruz. 27 kideetatik behintzat hamabostek babestu beharko lituzkete neurriak, eta, aldi berean, baiezkoa emango luketen kide horiek gutxienez EBko biztanleen %65 eduki beharko lukete.

Akordioa bertan behera utzita, Israelgo produktuek ez dute lehentasunik izango talde komunitarioko merkatuan sartzeko. Hau da, EBk merkataritza askeko akordiorik ez duten herrialdeei aplikatzen dien zerga portzentaje bera ezarriko die Israelgo produktuei. Hala zehaztu du Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak proposamena aurkezterakoan. Gainera, adierazi du neurria «egokia eta proportzionala» dela. Ez da iritzi berekoa Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroa: proposamenak aurrera ez egitea espero duela adierazi du, sare sozialetan. Eta ohartarazi du Israelen aurkako neurriak onartuz gero, erantzuna izango dutela.

Akordioa 2000. urtekoa da, eta ahalbidetu du bi aldeen arteko salerosketak 42.600 bilioiraino iristea. Israelen bazkide komertzial nagusia da EB: iaz egindako merkataritza trukeen herena talde komunitarioko estatuekin egin zituen. Kontrara, EBko truke komertzialetan Israelek ez du horrenbesteko pisua —%0,8—, eta EBren bazkide komertzial nagusien artean 31.a da.

Atzo, lehen aldiz NBEren batzorde batek esan zuen Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan. Adierazpen horiek baina ez diote atzera eginarazi Netanyahuri. Atzotik are eta gogorrago ari da Israelgo armada Gaza hirian. Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, hiriko ospitale pediatriko bakarra bonbardatu zuen atzo. Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez, gaur gutxienez 51 pertsona hil ditu Tel Avivek Gazan, horietatik 38 Gaza hirian. Guztira, 2023ko urriaren 7tik, 65.000 palestinar baino gehiago hil ditu zerrendan.

Ihes egiteko, bi egun

Bien bitartean, gazatarrak zerrendaren hegoaldean pilatzeko urratsak ematen ari da Israel, baina, era berean, Gazan gune segururik ez dagoela erakusten jarraitzen du. Gaza hiriaren aurkako erasoaldia gogortu ostean, Israelgo armadak gaur iragarri du zerrendako hiri populatueneko biztanleei 48 ordu emango dizkiela hegoaldera ihes egiteko. Tel Avivek «gune humanitario» deritzenetara joateko eskatu die palestinarrei, baina gune horiek bonbardatzen jarraitzen du. Gaur bertan, gune horietako bat, Al-Mawasi errefuxiatuen kanpalekuan, gutxienez bost pertsona hil ditu, Al-Jazeera hedabideak Al-Nasser erietxeko iturriak aipatuz kaleratu duenez.

(ID_15326589) FOTODELDÍA PALESTINA ISRAEL CONFLICTO
Kea gaur Gaza iparraldean, Israelen bonbardaketa baten ostean. ABIR SULTAN / EFE


Israelgo Segurtasun Kabineteak abuztuaren hasieran eman zion oniritzia Gaza hiria okupatzeko planari, eta armada atzo hasi zen hiri horri lurrez eraso egiten. Tel Avivek dio Gaza hiria dela Hamasen gotorleku nagusia, eta 2.000-3.000 miliziano islamista daudela han. Zerrendako biztanleen ia erdia bizi zen hiri horretan abuztu amaieran, NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, milioi bat inguru —Gazan 2,1 milioi pertsona daude guztira—. Israelgo armadak, ordea, adierazi du azken asteetan 350.000 palestinar baino gehiagok alde egin dute handik.

Geratzen diren herritarrak ere kanporatu nahi ditu Israelek, eta, horretarako, pasabide bat 48 orduz irekita mantenduko dutela jakinarazi du gaur armadako bozeramaile batek, sare sozialetan. Gaza iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen Salah al-Din errepidea ostiralera arte erabili ahal izango dute hiritik hegoaldera ihes egin nahi dutenek. Han, baina, egoera ez da guztiz bestelakoa. Tel Avivek desplazatuentzako zenbait «gune humanitario» izendatu ditu, «seguruak» direla esan du, eta Gaza hiriko biztanleei horietara lekualdatzeko eskatu die. Eremu horiek, baina, hiria bezalaxe txikituta daude, baita gainezka ere, eta Israelek horietan ere eraso egiten jarraitzen du.

7

Israelgo armadak zenbat palestinar atxilotu dituen Nablusen. Zisjordanian ere jarraitzen du operazioak egiten Israelgo armadak. Wafa berri agentzia palestinarraren arabera, gaur zazpi pertsona atxilotu dituzte Nablus hirian egindako sarekada batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.