Istiluak Bangladeshen, gobernuburua erorarazi zuen protesten liderra hil ondoren

Gutxienez laurehun pertsona atxilotu dituzte, eta Dhaka hiriburuan estatu indarrak hedatu. Manifestariek India jo dute hilketaren erantzuletzat, eta behin-behineko gobernuak babestu egin du uste hori.

Manifestari batzuk gaur Dhakan, Bangladeshen. MONIRUL ALAM / EFE
Manifestari batzuk gaur Dhakan, Bangladeshen. MONIRUL ALAM / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 19a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bangladeshen ez da giro. Iazko udan aurreko gobernua erorarazteko egindako protesten liderretako baten heriotzak istiluak pitzarazi ditu herrialdeko hainbat tokitan, eta Poliziak gutxienez laurehun pertsona atxilotu ditu azken orduetan. Estatu indarrak hedatu dituzte Dhaka hiriburuan, eta nahiz eta behin-behineko gobernuburu Muhammad Yunusek manifestariei eskatu dien «moderazioz» jokatzeko, nabarmendu du, aldi berean, «sabotaje ekintza bat» dela gertatutakoa, eta hauteskundeetan eragitea duela helburu. Otsailaren 12an dira bozak egitekoak.

Ez du zuzenean inor aipatu, baina, telebistan emandako hitzaldi batean, «konspiratzaileen sare bat» egin du Sharif Osman Hadiren hilketaren erantzule. Hildako ekintzailearen jarraitzaileek India dute jopuntuan. Herrialde horretako lurrek inguratzen dute Bangladesh, eta azken urtean gaiztotu egin dira Indiako eta Bangladeshko agintarien arteko harremanak. Hain zuzen, Sheikh Hasina lehen ministro ohia Indiara erbesteratu zen iaz.

Moto batetik tiro egin zioten Hadiri abenduaren 12an, Dhakan. Hango ospitale batean pasatu zituen erasoaren ondorengo lehen orduak, baina Singapurrera eraman zuten gero. Han hil da. 32 urte zituen, eta bozetara aurkeztekoa zen. Iritsi da haren gorpua Bangladeshera, eta jarraitzaileek agindu dute protestan jarraituko dutela argitu arte zer gertatu den. Gobernuak ikerketa bat abiatu du.

36.000

Eurotan, zenbateko ordainsaria hitzeman duten egileei buruzko informazioa emategatik. Dhakako Poliziak gaur jakinarazi duenez, bost milioi takako ordainsaria —36.000 euro inguru— emango dute Sharif Osman Hadiren hilketa argitzeko informazio lagungarriaren truke.

Hadi buru zuen Iraultzarako Plataforma mugimenduak New Delhiren aurkako mezuak zabaldu ohi ditu, eta «Indiaren hegemonia» salatu. Hain zuzen, Yunusek berak ere bere egin du mezu hori, Hadi «hegemoniaren kontrako martiritzat» jo baitu. Horiek horrela, Indiak itxi egin ditu Bangladeshen dituen egoitza diplomatikoak. 

Bangladeshek New Delhin duen ordezkaritza diplomatikoak ahaleginak egin ditu urak baretzeko. Ohar batean azpimarratu du  Bangladeshen gertatzen ari den horri «gertutik erreparatzen» ari zaiola India, baina ez duela esku hartuko. «Gertatzen ari denak analisi sakon bat eskatzen du».

Egunkariak jopuntuan

Biztanle gehien dituzten herrialdeen artean zortzigarrena da Bangladesh —177 milioi biztanle ditu—, eta gehienak (%83) musulmanak dira. Bada, gaurko istiluetan, gutxiengo hinduko pertsona bat kolpeka hil dute herrialdearen iparraldean. Gobernuak gertatutakoa gaitzetsi du ohar batean, eta Iraultzarako Plataformak jarraitzaileei eskatu die «indarkeria alboratzeko».

Hadiren hil delako albistea zabaldu ondoren, manifestari batzuek Prothom Alo eta The Daily Star egunkariak jarri dituzte jopuntuan, eta bi hedabide horien Dhakako egoitzetan sartzen ahalegindu. Egozten diete Indiaren interesak defendatzea, Bangladeshen subiranotasunaren kaltetan. The Daily Star-ek —herrialdean ingelesez kaleratzen duten egunkari nagusiak— ohar baten bidez jakinarazi du gaurko osatzen ari ziren paperezko edizioa ezin izan dutela argitaratu, protestariek sute bat piztu eta suak inprentako ekipoa txikitu baitu. Hedabide horretako langileak onik atera dira. 

Agertoki horretan egitekoak hauteskundeak otsailean. Duela urtebete pasa, Yunus 2006ko Ekonomiako Nobel saridunak gobernua behin-behinean gidatzeko ardura hartu zuenean, «demokrazia berrezartzea» agindu zuen. Izan ere, haren aurrekoari, Hasinari (2009-2024), autoritarioa izatea egozten zioten kontrakoek. Bangladeshko Krimenen Nazioarteko Auzitegiak heriotza zigorra ezarri zion azaroan, 2024ko eta 2025eko protestetan estatu indarrek eragindako 1.400 heriotza ingururen erantzule izateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.