Frantziako hego-ekialdean, Avignon hiritik 28 kilometrora dagoen Marcouleko biltegi nuklearrean, labe batek eztanda egin zuen atzo eguerdian, eta langile bat hil zen. Beste lau langile ere zauritu ziren leherketaren ondorioz, eta horietako bat larri dago. Agintariek, biltegiaren inguruan neurketak egin ostean, baieztatu dute isuri erradioaktiborik ez dela egon. Egoera kontrolpean dagoela jakinarazi dute, baina, istripuak larritasuna sortu du herritarren artean.
Herenegun, hain justu, sei hilabete bete ziren Japonian inoizko krisi nuklearrik larrienetarikoa eragin zuen lurrikara gertatu zenetik. Bederatzi graduko lurrikarak sortutako tsunamien ondorioz, Fukushimako zentral nuklearrean erreaktoreen kontrola galdu zuten, eta material erradioaktiboa isuri zen. Fukushimakoa, 1986an Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearrean gertatu zen istripuaren pare jarri zuen Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak, eta INES istripu nuklearren nazioarteko eskalan mailarik altueneko istripua zela ebatzi zuten.
Japonian, istripua gertatu zenetik sei hilabetera Fukushimako erreaktoreak baretzea eta isuri larriren bat gertatzeko arriskua nabarmen txikitzea lortu badute ere, oraindik 80.000 familia daude etxera itzuli ezinik erradioaktibitatea dela eta.
Gertakari hark energia nuklearraren segurtasunaren inguruko eztabaida piztu zuen, bai Japonian, eta baita herrialdeko mugetatik at ere. Frantzia izan da, hain justu, nuklearren alde irmoen agertu den herrialdeetako bat. Europako hainbat herrialdek plan nuklearrak bertan behera uzteko erabakia hartu dute, baina Nicolas Sarkozy Frantziako lehen ministroak ez du pausorik eman energia nuklearrarekiko dependentzia gutxitzeko. Atzoko gertakariak, baina, frantziarren artean energia mota horren aurkako jarrera handitzea ekar dezake, ekologisten ustez.
Marcouleko zentraleko bi labeetako baten leherketa zerk eragin duen ez dute oraindik argitu. Eztandaren ondotik poliziek eta suhiltzaileek biltegi nuklearra inguratu zuten, eta bertako 3.500 langileak bertan itxi zituzten istripuaren arriskua neurtzen zuten bitartean. 15:00ak inguruan, arriskurik ez zela baieztatu ostean, biltegitik irteten utzi zieten. Izan ere, Frantziako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak, leherketa gertatu eta ordu eta erdi beranduago ziurtatu zuen ez zela isuri erradioaktiborik gertatu. Frantziako Ingurugiro ministroak ere hala baieztatu zuen geroago. Inguruko herritarrentzat, nahiz ingurumenarentzat arriskurik ez dagoela adierazi dute agintariek.
Gertakariak sortutako larritasuna dela eta, Thierry Charles Segurtasun Nuklearrerako eta Erradioaktibitatearen Babeserako Institutuko segurtasun zuzendariak istripuak biltegiari soilik eragin diola adierazi du. «Ez dago larritzeko arrazoirik», gaineratu du, eta leherketa izan duen labea geldiarazi dutela eta hozten ari dela.
Frantziako beste zentral nuklearretatik datorren material erradioaktiboa tratatzen dute Marcouleko biltegian, berrerabiltzeko edo gorde ahal izateko.Frantziako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak argitu du leherketa izan duen labea erradioaktibitate maila «txikia» edo «oso txikia» duten metalezko hondakin erradioaktiboak urtzeko erabiltzen dela.
Ekologistek «gardentasuna» eskatu dute, eta «informaziorik ez ezkutatzeko». Greenpeace talde ekologistak, bestalde, gertakaria «kezkagarria» dela adierazi du, Marcouleko biltegian «material erradioaktibo arriskutsua dagoelako».
1956an eraiki zuten Marcouleko biltegia. Bertan, bonba atomikoa eraikitzeko militarrek egindako esperimentuen hondakin nuklearrak daudela jakinarazi du Greenpeacek.
Energia nuklearra, ezbaian
Fukushimako mamuak energia nuklearren aurkako jarrera indartu du herritarrengan. Gertakari hark, hain justu, Europako energia politikak zalantzan jartzea eragin zuen.
Alemanian, esaterako, Angela Merkel kantzilerrak martxan jarri du 2022an zentral nuklear guztiak ixteko plana. Planaren aurkariek «oportunismoa» egotzi diote kantzilerrari. Izan ere, Fukushimaren leherketaren ondotik hartutako erabakia izan da. Horrez gain, Berdeek 2022a baino lehen ere itxi nahi dituzte zentralak, eta hauteskundeen ostean gobernuan sartzen badira hala egingo dutela agindu dute.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak ere aldatu behar izan du energia politika herritarren eskariz. Izan ere, 2020rako lau zentral nuklear eraikitzeko asmoa zuen. Erreferendum bidez, baina, ezezkoa eman diote herritarrek Berlusconiri.
Suitzak, 2019a eta 2034a bitartean banaka-banaka gaur egun martxan dituen bost erreaktore nuklearrak ixteko erabakia hartu zuen iragan maiatzean. Energia iturri berriztagarrien aldeko apustua egingo dute.
Bitartean, Frantziak eta Erresuma Batuak energia nuklearraren alde egin dute. Baina Frantziako ekologistek uste dute Marcouleko biltegian gertatu den leherketak energia nuklearraren eztabaida berpiztuko duela, eta datorren urtean egingo dituzten hauteskundeetan zentral nuklearrekiko jarrerak eragina izango duela diote. Izan ere, 58 erreaktore ditu Frantziak.
Frantzia. Istripua biltegi nuklear batean
Isuri erradioaktiboaren arriskua ukatu dute Frantziako agintariek
Langile bat hil da, Frantzia hego-ekialdean dagoen Marcouleko biltegi nuklearreko labe batek eztanda eginda; beste lau zauritu diraEnergia nuklearraren etorkizuna ezbaian jarriko du gertakariak, ekologisten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu