Haserre batek ekarri du krisia; izan ere, haserre daude lehen ministroa eta haren aliatu historikoa, Gianfranco Fini, urteetan Italiako eskuinaren liderra izandakoa, 1994. urte urrun hartan Silvio Berlusconi enpresaria politikan sartu zenean haren autotik atera zen lehendabizikoa. Legealdi honetan, Fini Parlamentuko presidentea da, eta gero eta gehiago aldendu da Askatasunaren Herriaren jarreratik (PDL) -Berlusconik eta Finik sortu zuten PDL, baten Forza Italia eta bestearen Aliantza Nazionala baturik-. «Ez da ulertzekoa», bota du Marcok; ingeniaria da, 32 urtekoa. «Garai nahasia da hau. Egunkarietan diote Berlusconirenak egin duela, baina jende guztiak daki, gertatuak gertatu, hark bilduko lukeela botorik gehien».
Finik alde egin izanak -edo, batzuen arabera, bota izanak- zerikusia du askok, baita Italiatik kanpo ere, Berlusconiren inguruan dituzten kezkekin. Politikan hasi zenetik, Italiako gobernuburuari ezin konta ahala akusazio egin dizkiote, ustelkeriarekin hasi eta mafiarekiko zeharkako harremanekin bukatu, eta, haietatik onik ateratzeko, bere gobernuek prestaturiko legeez baliatu da -ad personam legeez-. Horietako azkena ahoa tapatzeko legea da, egunotan ganberetan eztabaidatua, epaileek eta kazetariek lanerako telefono entzuketarik egin ez dezaten sortua.
Eskandaluak
Azkenaldian, Berlusconik sexu eskandaluak ere izan ditu, tartean adingabeko bat zela, hainbesteraino non emaztearengandik banandu egin baita, eta oraintsu, gainera, ustezko P3ri buruzko ikerketa izan da: P2 logia masonikoaren gaur egungo bertsioa da P3; 1980ko urteetan, P2 logian elkar hartuta aritu ziren hainbat epaile, zerbitzu sekretu, kazetari, enpresaburu eta politikari, azpiko lanak eginez desoreka politikoa sortu eta, hartara, zeharka boterea nahi bezala erabiltzeko.
Finik dimisioa emateko eskatu die ikerketan nahasitako parlamentari guztiei, eta horrek ekarri du Berlusconirekin ezin konpondua, presidentea tematuta baitago beretarrak azken bururaino defendatzen. Egiaz, Finiren eta Berlusconiren aliantzaren bukaera aspaldi hasi zen; adituen arabera, Fini aspaldi konturatu zen etika politikoari eginiko umilazioak asaldagarri iruditzen hasiak zitzaizkiela bere alderdiko hautesle moderatuei ere: boto-emaile horiek sekula ez lukete ezkerraren alde bozkatuko, baina galdua dute Berlusconiren eta ingurukoenganako konfiantza. Finik Fli Etorkizuna eta Askatasuna alderdi berria sortu eta segituan eginiko lehen inkestetan, PDLren alde botoa emandakoen laurdenek, hau da, boto-emaileen %10ek, orain nahiago dute Fini. Horregatik, agian, azken horrek zentroko aliantza bat osatzea proposatu zion atzo Berlusconiri, bozak aurreratzea saihestu ahal izateko. Onartuz gero, Lega Nord eskuin-muturra galtzen aterako litzateke, bozak orain eginez gero, diputatu gehiago iragartzen baitizkiote inkestek.
Aliantza posibleen inguruko jakin-min handia dago bazterretan, eta politikarien telefonoak borborrean ari dira. «Udazkenean hauteskundeak badaude, ez da izango Berlusconiren kontrako oposizio seriorik», kexatu da Marzio; 60 urte ditu, eta PD Alderdi Demokratikoa oposizioko alderdirik handieneko kidea da. «Zentro-ezkerrekoek elkarren kontra borroketan segitzen dute; bistan da ez dagoela ez proiektu baturik eta ez denentzako liderrik». Gutxienez, liderraren kontua konpondu beharko litzateke primarioetan; hautagaien artean daude, Pierluigi Bersani PDko idazkaria, Luca Cordero di Montezemolo enpresaburua, eta Puglia eskualdeko gobernadore komunista, Nichi Vendola: bere karismari esker, Vendolak bereganatu egin ditu Pugliako hautesle tradizioz moderatuak.
Beste batzuek -PDko buruzagiek, esaterako- Berlusconiren kontrako aliantza bat osatzea proposatu dute: zentro-ezkerra, Demokrazia Kristauaren oinordekoak (Pierferdinando Casiniren UDC, botoen %7) eta Finiren alderdi berria, Fli. Seguruenik, ez dago gai bakar bat ikuspegi horiek guztiak batzen dituenik; beraz, hala eta guztiz ere elkartzea proposatu izanak argi eta garbi erakusten du zein kezkaturik dauden italiar asko, gobernua dela eta.
Konfiantza mozioa
Baina, paradoxaz, litekeena da hori guztia nahikoa ez izatea. Berlusconiren PDL eta Lega Nord alderdi gazteak dira, I. Errepublikako historia politikoarekin batere zerikusirik gabeak, eta badakite beste inoren beharrik gabe ere oso hurbil izan dezaketela gehiengoa. Hain zuzen, Berlusconik konfiantza mozio bat prestatu du irailerako bere gobernuarentzat, eta gehiengorik ez badu, dimisioa emango du. Egun nahasi hauetan, Berlusconi eta Umberto Bossi, Lega Nordeko liderra, irrikan daude hauteskundeak aurreratzeko; izan ere, paretik kendu nahi dute beren aliatu izandako bat, Diputatuen Ganberako presidentea, orain deserosoa baitzaie, eta ez dute inola ere trantsizio gobernurik osatu nahi, arriskua bailegoke hauteskundeen aurretik hauteskunde legea aldatzekoa, demokraziaren kontrakotzat jotzen du-eta makina batek.
Eta tarte honetan, Fini politikatik botatzen saiatzen ari dira, bide guztietatik: Berlusconiren alderdiarekin hautsi eta segituan, eskandalu bat atera da argitara, Montecarlon ustez saldutako etxe baten inguruan; etxea alderdiarena zen, eta Finiren koinatuari saldu bide diote, merkatuko prezioan baino askoz ere merkeago. Egia izan zein ez -eta horrelako gauzak nahiko normalak dira Italiako politikan-, deigarria da noiz egin den akusazioa: hain zuzen, Fini eskuineko politikari eta zintzotasunaren ikur gisa agertzen zenean. «Italia ez dago pozik», dio titulu batean Famiglia Cristiana-k, astekari katoliko nagusiak. Tangentopoliz geroztik (1992), sekula ikusi gabea zen halako eskandalu eta akusazio mordoa lider politikoen artean. «Parlamentuko nahas-mahasak baino beldur handiagoa ematen dit P3k. 1980ko urteak pasatu dituenak badaki horrelako gauzek eragin handiagoa dutela gure bizimoduan, gobernua aldatzeakbaino», esan du Mirtak; erizaina da, eta 50 urte ditu. «Nora goaz?».
%50
Inkestak. Aste honetan egindako azken inkestek Silvio Berlusconi lehen ministroaren alde egiten dute. Horien arabera, hauteskundeak berehala egingo balira, Askatasunaren Herria gobernuburuaren alderdiarentzat eta Lega Nord aliatuarentzat izango lirateke botoen %50.Manifestazioen gaineko zerga jarri asmo dute Erroman
Erromako alkate Gianni Alemannok, Askatasunen Herria Silvio Berlusconi lehen ministroaren alderdikoa bera ere, hiriburuan manifestazioen gaineko zerga bat ezartzea proposatu du. Alemannoren iritziz, «ez da zuzena» manifestazioen ondorioak herritarrek soilik ordaindu behar izatea.Silvio Berlusconi
Il Cavaliere
Estatua bere beste enpresa bat balitz bezala zuzentzea leporatzen diote askok Silvio Berlusconi lehen ministroari (Milan, 1936). Hark, ordea, badaki egiten duena egiten duela herriak berriz aukeratuko duela. Hirugarren agintaldia du honakoa, eta politikagintzan egin dituen urteetan eskuinaren ikur bilakatu da, bai Italian eta bai Europa osoan. Herrialdeko pertsona aberatsena ere bada, eta hareak dira Italiako zazpi telebista kateetatik hiru. Horrek, baina, ez dio lagundu bere kontrako ustelkeria salaketak isiltzen. Dena den, orain arte ez dute lortu gobernuburua auzipetzea. Berlusconik bost seme-alaba ditu eta banandua dago.Marco Revelli.Soziologo eta historialaria
'Berlusconismoari' buruzko liburu bat argitaratu berri duenirakasle honek ez du zalantzarik egiten esaterakoan hautesleak berriro bereganatzeko aukera galdu duela Italiako ezkerrak.
«Berlusconiri primeran etorri zaio krisia»
S. Corsi. ErromaMarco Revellik 63 urte ditu, eta Italiako soziologorik eta historialaririk ezagunenetako bat da. Soziologia irakasten du Turingo Unibertsitatean; hogei liburutik gora argitaratu ditu, dagoeneko, ekoizpen prozesuei eta ekonomia globalizazioari buruzkoak. Urte hauetan berlusconismo fenomenoa izan du aztergai, eta, besteak beste, honako liburu hau argitaratu du: Berlusconirik gabeko berlusconismoa (2006).
Gizarte zientzien ikuspegitik, zer deritzozu berlusconismoaren parabolari?
[Italiako lehen ministro Silvio] Berlusconiren kasuaz mintzatzeko, oso nekez balia daitezke gizarte zientzietako kategoriak; hobeto dagokio talde psikoanalisiaren alorrari. Jakinekoa da Berlusconiren izaera gaiztoa: haren bizioak, gizaki eta politikari gisa dagokion ustelkeria, dituen interes gatazkak... beste edozein herrialde modernotan, askoz gutxiago ere ezin onartuzkoa izango litzateke. Hala eta guztiz ere, ondotxo daki bozketa batean botorik gehien eskuratuko lukeela. Paradoxa horretaz gainera, bada beste osagai jakingarri bat ere: orain krisialdian badago, haren alderdiaren barne krisiaren ondorioz da; beste horrenbeste gertatu ohi da alderdi bakarreko erregimen gehienetan.
Eta Gianfranco Finik bere alderdia uzteak zer zentzu dauka Italiako politikaren jokalekuan?
Ez da ahanztekoa zer ibilbide izan duen politikan, neofaxismo italiarreko buruzagia izan baita urte askoan. Berlusconirekin hautsita, bere buruaren heriotza politikoa saihestu ahal izan du. Askoren iritzian, baliorik gabeko eginkizun instituzional bihurtu ohi da azkenerako Italiako Ganberako presidentetza; hala izan zitekeen, haren alderdia (Aliantza Nazionala) Berlusconik bereganatu eta gero, erosi egin baitzituen zuzendari gehienak. Politikan duen eskarmentua ederki etorri zaio, ordea, Ganberako presidentetza baliatu baitu eskuineko hautesleen artean Berlusconiri omena kendu ahal izateko. Hona hemen beste paradoxa bat: faxista izandako bat, Konstituzioaren bermatzaile bihurtuta; Konstituzioa, berez, dena delako faxismo motatatik babesteko egin zuten.
Ba al dute zerikusirik instituzioen krisi honek eta ekonomia krisiak?
Aspergarrien paradoxa: inolako zerikusirik ere ez. Aitzitik, nire ustez, Silvio Berlusconiri primeran etorri zaio ekonomia krisia, batetik, italiarren kontrakotzat jotzeko krisi kontuen berri ematera zetozenak; eta, bestetik, bere auzi judizialak ahantzarazteko. Hautesleak berriro bereganatzeko aukera ederra galdu du Italiako ezkerrak, eta zeharo afasiko geratu da ekonomia krisi honetan.
Zentro-ezkerra ezinago ahul omen dago: hauteskunderik izanez gero, besteak beste, Finiren eta ezker muturrekoaren artean aliantza bat egiteraino?
Izugarrizko antza du faxismoaren azkeneko urteetan gertatu zenarekin; ordu hartan, elkarren zeharo bestelako talde politikoak batu egin ziren, erregimen hura amaitzeko asmoz. Bestalde, nik neuk ez dut ikusten inolako ahalbiderik. Gaur-gaurkoz, ez dago Berlusconi mendean hartzeko gai den beste aliantzarik.
Iraganeko ilunguneei gagozkiola, zer iruditzen zaizu P3, Temble P2ren gaur egungo aldaera?
Bene-benetan hartu behar dira kontu hauek. Faxismotik hasi eta gaur egunera arte, botere jarraitasun bat dago ezkutuan, eta gure historian garrantzi handiegiadauka oraindik ere.