Konfinamenduan hiru aste eman ondotik, hemezortzi urtetik beherako haur eta nerabeak etxetik ateratzeko baimena eman du Italiako Gobernuak. Baldintza batzuk bete beharko dira, ordea, etxetik ateratzeko orduan: adingabeek banaka atera beharko dute etxetik, betiere heldu batek lagunduta eta «jarduera motorrak» egiteko. Kanpoan daudelarik, gainera, ezingo dira etxe ingurutik urrundu, ez eta kirol ariketarik egin ere. Anai-arreba bat baino gehiago dauden familien kasuan, heldu batekin atera daitezke senide denak kalera.
Euskal Herrian, haurren egoera desberdina da Iparraldean eta Hegoaldean. Konfinamendua hasi zenetik, haurrak etxetik ez ateratzeko agindua ezarria dago Hegoaldean. Iparraldean, aldiz, egunean ordubetez atera daiteke paseatzera, etxe inguruan betiere, eta heldu batek lagunduta.
Haur, gazte zein helduak itxialdian dauden garai honetan, familian oreka lortzeko ahaleginetan daude guraso asko. Oreka hori lortzeko bidean errutinak ezartzea eta arauekin «malgu» jokatzea aholkatzen dute adituek. Adinaren arabera itxialdiak duen eragina ezberdina dela diote, eta komenigarria dela tresnak eskaintzea egunerokoari heltzeko.
Konfinamenduak haurrengan duen eragina ikerketagai
Konfinamenduak haurrengan duen eragina aztertzen hasiak dira aditu andana, tartean baita euskal ikerlari batzuk ere. EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle talde bat konfinamenduak haurrengan duen eragina ikertzen hasi da. Eskuorri bat sortu dute haur zein helduek batera betetzeko. Eskuorria hemen eskuratu daiteke.