Italiako epaitegiek deportazioak bertan behera uzteko eskumena dutela ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak

Epaileek erabaki ahal izango dute Italiak migranteak Albaniako deportazio zentroetara bidal ditzakeen edo ez. Meloniren gobernuak ebazpena kritikatu du, migrazio politikak «edozein epaileren esku» uzten dituela argudiatuta.

Migranteak daramatzan Italiako armadaren ontzi bat, Albaniako portu batean, apirilean. MALTON DIBRA / EFE
Migranteak daramatzan Italiako armadaren ontzi bat, Albaniako portu batean, apirilean. MALTON DIBRA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 1a
16:48
Entzun 00:00:0000:00:00

EB Europako Batasuneko jurisdikzioak berriz ere kolokan jarri ditu migranteak deportatzeko Italiako Gobernuaren planak. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman die Italiako auzitegiei, eta ebatzi du epaileek eskumena dutela bertan behera uzteko gobernuak agindutako deportazioak. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren gobernuak migranteen jaioterria «segurua» den ala ez erabaki ahal duela aitortu du Luxenburgon egoitza duen epaitegiak; eta «segurua» bada gobernuak migrante horiek Albanian eraikitako deportazio eremuetara bidali ahalko dituela, handik jaioterrira bidaltzeko. Baina Italiako epaileek aukera izango dute herrialde horiek benetan «seguruak» diren gainbegiratzeko, eta deportazioak bertan behera uzteko.

Beraz, gaur aurkeztutako epaiak ez du asko aldatuko orain arteko egoera. Izan ere, Italiako zenbait epaitegik atzera bota izan dituzte Meloniren gobernuak orain arte Albaniara egindako migranteen bidalketak. EBko auzitegi horrek Italiako eta Albaniako migrazio akordioaren inguruan emandako ebazpen batek zehazten duenez, herrialde seguruetatik datozen migranteak soilik eraman ditzakete Albaniako zentroetara.

Gainera, epaileek ebatzi dute gobernu batek ezingo duela «herrialde seguru» izendatu biztanle guztiei «behar besteko babesa» ematen ez dien herrialde bat. Hau da, kolektibo jakin bat jazarria baldin badago, herrialde hori ezingo da sartu «herrialde seguruen» zerrendan.

Meloniren gobernuak EBko epaileen erabakia kritikatu du, migrazio politikak «edozein epaileren esku» uzten dituelako. Hala adierazi du gaur kaleratutako ohar batean: «Beste behin, jurisdikzio batek, oraingoan Europako batek, bereak ez diren eskumenak aldarrikatzen ditu, izatez erantzukizun politikoak baldin badira ere». Gobernuek migrazioa arautu eta kudeatzeko duten «esparru mugatua» are gehiago murrizten duela uste du Erromak. Eta «harrigarria» iruditzen zaio Luxenburgon egoitza duen auzitegiak ebazpen hori eman izana EBren Migrazio eta Asilo Ituna aplikatzen hasteko hamar hilabete falta direnean. Europarlamentuak iaz onartu zuen talde komunitarioko migrazio politikak gogortzeko itun hori, eta, jada indarren dago, baina hurrengo urteko ekainean hasiko dira neurri horiek ezartzen, bi urteko trantsizio aldiaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.