Urte askotan ituna negoziatzen eta hura ontzen aritu ostean, gaur sartu da indarrean Nazioen Jurisdikzioaren Kanpoko Eremuetako Itsas Aniztasun Biologikoaren Kontserbaziorako eta Erabilera Jasangarrirako Akordioa, Ozeanoei buruzko Itun Globala ere esaten zaiona. Itsas zuzenbideak arautzen ez dituen itsas eremuetan babes neurriak ezartzea du helburu, batez ere bertako ekosistemak zaintzeko.
Hogei urtez aritu dira herrialdeak ituna negoziatzen, eta 2025eko irailean lortu zuten araudia onartua izateko gutxieneko aldeko boto kopurua: Nazio Batuen Erakundeko 60 kide. Orain 81 baino gehiago dira itunaren alde egin duten herrialdeak. Itunaren bidez, ozeanoetako ekosistemak babesteko neurriak hartu ahal izango dira, eta aurreikusten da arrantza, itsaspeko meatzaritza eta halako sektoreei eragingo diela.
Itsasoak rol garrantzitsua du klima aldaketari aurre egiteko orduan, besteak beste karbono asko xurgatzen baitu. Hala ere, ahalmen hori galtzen ari da gutxinaka, eta egoera horri buelta emateko, herrialde batzuek gehiago babestu nahi dute itsasoa. Hori dela eta, 2030erako munduko ozeanoen %30 babesteko konpromisoa hartu zuten herrialdeek 2022an egindako Biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Konferentzian, Montrealen (Kanada). Gaur egun kalkulatzen da itsas zabalaren %1 baino gutxiago dagoela babestuta.
Behin ituna onartuta, urtebete baino gutxiago dute herrialdeek goi bilera bat antolatzeko (COP), eta bertan barne araudiak eta erakundeak sortu beharko dituzte.
Interes ezberdinak
Seo Birdlife, Greenpeace, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa eta halako nazioarteko elkarteek uste dute mugarri bat izango dela itsasoa gehiago babesteko. Orain arte, herrialdeen jurisdikzioa soilik kostaldetik 200 milia nautikora iristen da, baina, itun berriaren bitartez, itsas zabalean babes politikak aplikatzeko eskubidea izango dute herrialdeek. Hala ere, ikusteko dago nola uztartuko diren halako politikak bultzatu nahi dituzten herrialdeen interesak eta itsasoan jarduera ekonomikoak bultzatu nahi dituztenenak, NBEko kide diren herrialdeen erdiek baino gutxiagok sinatu baitute ituna; besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, India eta Argentina kanpoan geratu dira.
Nahiz eta itun hori indarrean sartu, alor batzuetan babes eta portaera arauak lehenagotik baziren itsas zabalean, beste nazioarteko itunek arautua. Esaterako, itsaspeko meatzaritza oraindik debekatuta dago, eta ikerketarako lizentziak baino ez dira banatu orain arte. Hala ere, enpresa eta herrialde askok interesa dute debeku hori amaiarazi eta itsaspea esplotatzen hasteko, teknologia berrien ekoizpenerako funtsezko diren mineral asko baitaude ozeano batzuetako eremu jakin batzuetan. Hala ere, beste batzuk kontra daude, eta azken urteetan handitzen ari da bi aldeen arteko tentsioa nazioarteko konferentzietan.