Itsasoa beti ez da urdin kolorekoa, belztu egiten da zerua estalita badago, eta ezinezkoa da ur masa erraldoiaren azpian zer dagoen asmatzea. Gora eta behera eta ezker-eskuin mugitzen da, eta olatuen joan-etorri etengabean, ontziak ez du horien kulunkari eustea beste aukerarik. Arratsaldeko zazpiak dira, eta Bilbon hiru eguneko geldialdia egin ostean, berriro ere itsasoratu da Kate-Tenacity ontzia. Bristoldik (Ingalaterra) irten zen abuztuaren 17an, eta hainbat portu ezagutu ditu Euskal Herrira iritsi baino lehen: Kinsale (Irlanda) eta Brest (Bretainia), esaterako. Eskifaiako kideak harrituta daude Bilbon jasotako elkartasunarekin, bertako herritarren energia «berezia» dela diote, orain arte ikusi gabekoa, eta bultzada hori baliatuta ailegatu asmo dute hurrengo geltokira: Vigora (Galizia). Hala egingo dute bidea, portuz portu eta hiriz hiri, helburua bete arte: Gazara iristea eta Israelek ezarritako blokeoa haustea.
Luzea da portutik irten eta itsasoratu aurretik egin beharreko lanen zerrenda, baina bada bat bereziki garrantzitsua: eror daitezkeen objektu guztiak jaso eta lotzea. Horretan ari dira eskifaiako hainbat kide, eta, aldizka-aldizka, zorabioaren aurkako pilulak hartzeko gogoratzen diote elkarri.
Euria ari du, haizea kontra dago, eta Bizkaiko kostaldetik urrundu ahala, marea gero eta biziagoa da. Badaezpada eskuetan kubo bat izateko gomendatu diete haiekin itsasoratu diren bi kazetariei; bi metroko olatuak daude. Sukaldariak prestatutako barazki zopa zenbait edalontzitan banatzen ari da Elizabeth Murray ontziko kidea; Askatasunaren Flotillan parte hartzen duen hirugarren aldia da: «Munduaren jabeak direla uste dutenek sinetsarazi nahi digute ezin dugula ezer egin, baina ezer ez egitea ez da aukera bat».
Koalizioa sortu zuten urte berean, 2010ean, antolatu zuten aurreneko itsas bidaia: sei ontzi abiatu ziren Turkiatik, Gazara iristeko asmoz; horietako bat, 'Mavi Marvara', atzeman egin zuen Israelgo armadak, eta ontzian zihoazen hamar kide hil zituen
Askatasunaren Flotillaren Koalizioa nazioarteko elkarte bat da, eta 2010ean sortu zuten. Dozena bat herrialdetako Palestinaren aldeko taldeek osatzen dute, hala nola Australiako Free Gaza-k, Irlandako Gaza Freedom Flotilla Cobh-k, Norvegiako eta Suediako Ship to Gaza-k eta Espainiako Rumbo a Gaza-k. Azken horren barruan saretzen da Euskal Herriko mugimendua. Inurri lana egiten dute, boluntarioki eta eskura dituzten baliabide eskasak probestuz, elkartasun ekitaldietan saldutako produktuen eta dohaintzen bidez finantzatzen baitituzte misioak. Koalizioa sortu zuten urte berean, 2010ean, antolatu zuten aurreneko itsas bidaia: sei ontzi abiatu ziren Turkiatik, Gazara iristeko asmoz; horietako bat, Mavi Marvara, atzeman egin zuen Israelgo armadak, eta ontzian zihoazen hamar kide hil eta 50 pertsona baino gehiago zauritu zituen.
Ez zuten etsi, ordea. Askatasunaren Flotilla berriro ere itsasoratu zen hurrengo urteetan: 2011n; 2015ean; 2016an —misio horretan emakumeek soilik hartu zuten parte—; 2018an; 2023an eta 2024an —Europa iparraldeko eta Erresuma Batuko portuetan egin zituzten geldialdiak—; 2024ko udaberrian —Istanbuldik ateratzekoak ziren hiru ontzi, baina Turkiako Gobernuak bertan behera utzi zuen portutik irteteko baimena, eta ezin izan zuten misioarekin jarraitu—; 2025eko ekainean, uztailean, irailean eta urrian; eta 2026ko maiatzean —azken misio horiek Global Sumud Flotillarekin elkarlanean antolatu dituzte—. Ondo bidean, Kate urri erdialdean da Gazara iristekoa, aurretik Sizilian (Italia) azken geldialdia eginda.
Etxe Zuritik Flotillara
2018ko eta 2024ko flotilletan egon zen Murray, eta ongi ezagutzen du Gaza. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko langilea izan zen 27 urtez; zehazki, Ekialde Hurbilerako AEBetako informazio zerbitzuko batzordeko zuzendariordea. Jordaniara bidali zuten 1989an, eta han bizi izan zen bi urtez. «Neure kabuz ikasi nuen arabiera, AEBetako Gobernuak esaten zidan ez zela beharrezkoa, hitz egingo zutela ingelesez nirekin, baina, tokian tokiko herritarrekin hitz egiteko, ezinbestekoa da haien hizkuntza ikastea», kontatu du. 2010ean hartu zuen erretiroa, eta hainbat auziren aldeko militantzian murgilduta egon da ordutik, nolabait, «zorretan» dagoela uste duelako. «Jordanian bizi nintzenean, nahi nuenean joan nintekeen Jerusalemera; nire lankide palestinarrek, ordea, ezin zuten».Â
«Munduaren jabeak direla uste dutenek sinetsarazi nahi digute ezin dugula ezer egin, baina ezer ez egitea ez da aukera bat»Â
ELIZABETH MURRAYÂ AEBetako Gobernuko langile ohia eta ekintzailea
Murrayk maiz bisitatu zuen zerrenda 1990 eta 1991 bitartean —lehenengo intifadan (1987-1993), hain justu—. Bestelako Gaza bat zen, «oparoa, ederra, alaia eta garbia», orain bihurtu dutenaren kontrakoa; esan duenez, handik iristen diren irudiak «sinesgaitzak» dira. «Lagun asko egin nituen garai hartan, eta ez dakit zer gertatu den haiekin, bizirik ala hilik dauden». Duela 30 urte egon zen han azkenekoz, 1996an, Palestinako presidentetzarako bozak lehenbizikoz egin zituzten urtean. Bidaia horiei esker jabetu zen AEBetan Palestinari buruz entzundakoa, irakurritakoa eta ikasitakoa «propaganda hutsa» zela.

Palestinaren aldeko militantzian aritu ez ezik, Murrayk aktiboki babestu ditu beste hainbat militantzia talde, hala nola AEBek Iraken, Afganistanen, Libian eta Sirian egindako esku hartzeen aurkakoak, Wikileakseko editore Julian Assangeren aldekoak —bisitatu egin zuen hura Londresen zegoenean—, eta arma nuklearren aurkakoak. AEBetako Gobernuari buruz galdetuta, irri txiki bat egin du erantzun baino lehen, eta argi adierazi demokratek eta errepublikanoek antzera jokatzen dutela Israeli dagokionez: «Batak esan egiten du, besteak ezkutatu». Haren arabera, Israelgo Gobernuari aurre egiteko modurik eraginkorrena harekin harreman ekonomiko oro apurtzea da, eta, batez ere, haren arma industria sustatzeari uztea. «Armagintzaren industriarik gabe, Israel oso herrialde ahula da».Â
Zisjordaniatik Hagara
Frank Romano abokatuak eta Parisko Sorbona Unibertsitateko irakasleak ere gertutik ezagutzen ditu Palestina eta palestinarrek pairatzen duten indarkeria. Hirugarrenez itsasoratu da hura ere, eta harro dio dagoeneko «itsas hankak» dituela, nahiz eta eskifaiako kideek algaraka kontatu Brestetik Bilborako ibilbidean ondoezik egon zela. «Ezin zuen burua altxatu ere egin», esan du ontziko kide Channon Lawrencek. Flotillan parte hartu aurretik, Zisjordaniako Al-Khan Ahmar herrian —bi kibbutzen artean dago— egon zen 2018an.Â
Astiro baina ozen hitz egiten du, eta hala kontatu du han bizitakoa: «Egun batean, kolonoak etorri ziren eraso egitera, bulldozer eta guzti. Bulldozerraren aurrean jarri nintzen, aurrera egin zezan eragozteko, eta preso eraman ninduten Al-Moscobiyah atxilotze zentrora». Gogoratzen du palestinarrak torturatzeko gela bat zutela bertan, eta, hainbat egun igarota, Ben-Gurion aireportura eraman zuten epaitegira eraman beharrean. «Dokumentu bat eman zidaten, hebreeraz, deportatzen nindutela onartzen nuela sinatzeko. Baina ni abokatua naiz, eta badakit ez dudala ulertzen ez dudan ezer sinatu beharrik».Â
«NBEk [Nazio Batuen Erakundea] ez du daukan boterea baliatzen; oso etsigarria da, ez baitauka botere zuzenik»Â
FRANK ROMANOÂ Abokatua eta Parisko Sorbona Unibertsitateko irakaslea
Hala, aginduari entzungor egin, eta Zisjordaniara itzuli zen, Ramallahra, eta hainbat hilabetez bizi izan zen hor. «Orduan eskatu zidan Abbasek [Mahmud, Palestinako Aginte Nazionaleko burua] haiek defendatzeko». Hark eskatu eta Romanok egin, Nazioarteko Zigor Auzitegira aurkezteko txosten bat ondu zuen, zeina 2019an aurkeztu zuen, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu gerra krimenengatik epaitzeko exijitzen zuena. 2024ko azaroaren 21ean iritsi zen atxilotze agindua. «NBEk [Nazio Batuen Erakundea] ez du daukan boterea baliatzen; oso etsigarria da, ez baitauka botere zuzenik». Eta gehitu du: «Netanyahuk horregatik nahi du beti gobernuan egon, botere judiziala kontrolatzeko eta ebazpenei izkin egiteko».
Lehorrean baino goizago ezkutatzen da argia itsas zabalean; kasik ezinezkoa da zerua non hasten eta non bukatzen den asmatzea. Ez dago lotara joateko ordu zehatzik; nork bere erara antolatzen du afalosteko tartea: batzuek esna egon behar dute derrigor, kapitainaren lana zenbait orduz ordezkatzeko, ontzigaina zaintzeko edo motorra lanean dabilela ziurtatzeko; lanik ez dutenak, berriz, ezer egin gabeko egonaren asperduraz nekatzean erretiratu daitezke. Itsaso zakarrak luze iraungo du, eta indarrak gorde behar dira datozen egunetarako.