Jacques Chirac Frantziako presidente ohia epaituko dute, bera bertan egon gabe

Funtsen bidegabeko erabilera eta konfiantza abusua egozten diote, baina ez da agertuko, osasun arazoengatik

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren kontrako epaiketa hasi zen atzo, baina akusatu nagusia ez zen epailearen aurrera agertu. Duela hogei urte eginiko diru funtsen bidegabeko erabileragatik eta konfiantza abusuagatik epaitu behar dute Chirac, baina politikari ohiak bere osasun egoeraren gaineko txostena bidali zion Dominique Pauthe epaileari iragan ostiralean, epaiketan parte hartzeko gai ez dela argudiatuz. Epaileak onartu du eskaria, eta abokatuek egingo dute presidente ohiaren defentsa, baina epaiketa egin egingo da, nahiz eta Chirac bertan ez egon.

Anosagnosia batek eragindako memoria galtzea duela dio txostenak, hau da, gaixotasun neurologikoak murriztu egin dizkiola buruko ahalmenak. Egoera hori dela eta, bi aukera zituen Parisko Auzitegi Korrekzionalak: Chiracen eskaria onartu eta presidente ohiaren agerraldirik gabe epaiketarekin jarraitzea edo epaiketa atzeratu eta haren osasunaren gaineko adituen beste txostenbat egitea. Epaiketarekin jarraitzea erabaki du epaileak azkenean.

Chiracen nahia

«Begi bistakoa da Chirac bertan egon gabe eginiko epaiketak interesa galtzen duela, baina presidente ohiak berak ere horrela nahi duenez, ez daukat auzitegiaren erabakia onartzea baino», esan du Georges Kiejman-ek, Chiracen abokatuetako batek. Orain, abokatuek bere gain hartuko dute presidente ohiaren ordezkaritza eta defentsa haren kontrako epaiketan.

Frantziako klase politikoak ez du zalantzarik presidente ohiaren osasun egoeraren inguruan, udako hilabeteetan bere hainbat argazki argitaratu baitituzte Frantziako komunikabideetan, eta irudietan nabari da haren osasunak txarrera egin duela. «Hala ere, guretzat epaiketa egitea da garrantzitsuena», esan du Benoit Hamon-ek, PS Frantziako Alderdi Sozialistako bozeramaileak.

Bestalde, Jean François Cope UMP Herri Mugimenduaren Batasuneko idazkari nagusiak France Inter irratian adierazi duenez, Chiracek berak epaiketak aurrera jarrai dezan nahi zuen, nahiz eta geroago «osasun arrazoiak direla eta, epaiketan parte hartzeko prest ez dagoela esan».

Dena dela, iragan ostiralean, presidente ohiak Pauthe epaileari bere osasun egoeraren inguruko txostena bidali zionean, epaiketa atzeratuko zen beldurra hedatu zen. Izan ere, iragan martxoan, esaterako, atzeratu egin zuten Chiracen kontrako epaiketa, defentsak aurkeztutako inkonstituzionaltasun errekurtsoagatik.

Parisko alkate izan zenean—1977tik 1995era— egin zituen presidente ohiak ustezko bi delituak. 78 urte ditu orain, eta epaileak erruduntzat joz gero, 150.000 euroko isuna eta hamar urterainoko kartzela zigorra jaso dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.