Lagunduko diotela. Laburbilduz, hori esan diote G7koek Volodimir Zelenskiri. Munduko ekonomia nagusietako liderrak goi bilera bat egiten ari dira egunotan Evian-les-Bainsen (Frantzia), eta Ukrainako presidentearekin bildu dira gaur. Ordu eta laurden inguru iraun du bilerak, eta hartan hitz egindakoaren berri eduki duten iturriek nazioarteko hedabideei esan dietenez, «Ukrainarentzako eta Europarentzako segurtasuna» nola lortu, hori izan dute hizpide. Hau da, jada bazekiena esan diote Zelenskiri.
Errusiak Ukrainan egindako azken erasoaldiak gutxienez hamar pertsona hil eta ordu batzuetara eseri da Zelenski AEBetako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako, Japoniako, Kanadako eta EB Europako Batasuneko liderrekin. Ukrainako presidenteak aliatuei eskatzen die Errusia are estuago hartzeko zigor ekonomikoen bidez, eta laguntza militar handiagoa emateko; batez ere AEBei, Patriot aireko defentsa sistemak ekoizten baitituzte. Hain justu, horiek fabrikatzeko lizentzia eskatu dio Zelenskik Etxe Zuriko maizterrari, kazetariei jakinarazi dienez.
Horiek horrela, azken egunotan Europako liderrek esan dute goi bileraren helburuetako bat ondokoa dela: Donald Trump AEBetako presidenteak berriro agendan sartzea Ukrainako auzia nola jarri konponbidean. Atzo, Evian-les-Bainsera heldu zenean, kazetariei esan zien «beharbada» egin ahal izango zuela «zerbait» gatazkari irtenbide bat emateko, eta igandean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin zuela. Emmanuel Macron Frantziako presidente eta goi bilerako anfitrioiak uste du Europako potentziek ere parte hartu beharko luketela Errusiaren eta Ukrainaren arteko elkarrizketetan, halakorik izanez gero.
Errusiako legebiltzarrerako bozak, irailaren 20-an
Datorren irailaren 20an egingo dituzte Errusiako Legebiltzarrareko hauteskundeak. Hori jakinarazi du gaur Vladimir Putin presidenteak, dekretu baten bidez. Behe ganberako ordezkariak aukeratuko dituzte, eta boz horietan aurrenekoz parte hartu ahal izango dute Donetskeko, Luhanskeko, Khersongo eta Zaporizhiako herritarrek, hau da, 2022an Errusiak anexionatu zituen Ukrainako eskualdeetakoek. Errusiako Vtsiom etxeak egindako inkesta baten arabera, asko jaitsiko da herritarrek Errusia Batuari —Putinen alderdiari— emandako babesa: %49koa izan zen 2021eko bozetan, eta iragarri dute %30ekoa izango dela irailean egitekoak direnetan.
Trumpek ez du konpromisorik hartu, eta gaur zera esan die kazetariei, bilera amaitu ondoren: «Errusiak akordio bat egin beharko luke». Zelenskirekin bakarka ere hitz egin du azken orduetan. Ez du pistarik eman, ordea: «Errusiag7ko eta Ukrainako jende asko hil da. Aurreko hilabetean, 35.000 lagun. Soldaduak dira gehienak, jende gazte eta ederra. Han gertatzen ari dena erokeria bat da».
Ukrainako presidenteak atzo adierazi zuen prest dagoela egunotako batean Evian-les-Bainsen (Frantzia) Putinekin biltzeko. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur adierazi du, baina, Putin ez dutela gonbidatu goi bilera horretara, eta ez dagoela Moskuren eta Kieven arteko komunikazio bide zuzenik. Duela hilabete inguru, Zelenskik biltzea proposatu zion Putini, baina Kremlineko buruak esan zuen bilera hori egiteak ez zuela zentzurik akordio bat prest eduki ezean.
Bien bitartean, Ukrainako iturri militarrek jakinarazi dute gaur Moskuko findegi bati eraso egin diotela. Kremlinek ez du horri buruzko iruzkinik egin.