Jair Bolsonarori etxeko atxiloaldia ezarri dio Brasilgo Auzitegi Gorenak

2023an estatu kolpe bat ematen saiatzea leporatuta ari dira epaitzen Brasilgo presidente ohia. Uztailaren 18an ezarritako neurri batzuk apurtzeagatik debekatu diote etxetik ateratzea.

Jair Bolsonaroren erretratu bat. ADRE BORGES / EFE
Jair Bolsonaroren erretratu bat. ADRE BORGES / EFE
2025eko abuztuaren 5a
10:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia ezin da Brasiliako bere etxetik irten atzotik. Etxeko atxiloaldia ezarri dio Brasilgo Auzitegi Gorenak, 2023an Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentearen aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzea leporatuta, eta duela bi aste agindutako neurri batzuk ez betetzeagatik. Aurrerantzean bere abokatuekin soilik izango du harremana Bolsonarok, epaileak debekatu egin baitio bisitak jasotzea eta telefonoa erabiltzea. Aginduren bat urratuz gero, espetxeratu egingo dute.

Fiskaltzak leporatzen dionaren arabera, 2022ko hauteskundeen emaitzak zalantzan jartzen ahalegindu zen Bolsonaro, modu horretan aginteari eusteko. Horretarako, bozen irabazle Lula pozoitzeko eta Auzitegi Goreneko epaile bat hiltzeko saiakerak prestatu zituen, gobernuko beste zenbait kideren eta hainbat militarren laguntzaz. Haiek ere ari dira epaitzen; 33 dira guztira.

Bolsonaroren aldeko manifestazio bat, atzo, Brasilen. ANDRE BORGES / EFE
Bolsonaroren aldeko manifestazio bat, atzo, Brasilen. ANDRE BORGES / EFE

Epaileak uztailaren 18an hartu zituen Bolsonaroren aurkako neurri batzuk, ihes egiteko edo Lularen aurkako ideiak zabaltzeko arriskuagatik. Besteak beste, Bolsonarok etxera itzuli behar zuen gauean, ezin zuen kanpoko agintariekin hitz egin, ezta sare sozialetan ezer argitaratu ere. Auzitegiak ebatzi du ez duela bete azken agindu hori, argudiatuta besteak beste sareetan edukia zabaltzen jarraitu duela ingurukoen bitartez.

Horretaz gain, Flavio Bolsonaro seme zaharrenak aitaren alde antolatutako manifestazio batean parte hartu zuen presidente ohiak igandean, bideodei bidez. Defentsaren esanetan, presidente ohiak ez du urratu agindutakoa, epaileak ez ziolako debekatu hitzaldiak ematea. Beraz, Bolsonaroren abokatuen arabera, etxeko atxiloaldia ez dago justifikatuta.

Trumpen esku hartzea

Eduardo Bolsonaro seme gazteenak ere Lularen agintaldiaren aurkako mezuak zabaldu ditu sareetan: «Brasil ez da demokrazia bat orain». Polizia bi semeak ere ikertzen ari da, epaiketa oztopatzea leporatuta.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari ez zitzaizkion gustatu duela bi aste hartutako neurriak, eta %50eko muga zergak ipini zizkion Lularen gobernuari; AEBetako presidenteak muga zergen gerran proposatu duen ehunekorik handiena da. Ostiralean, Trump negoziatzeko prest agertu zen, baina oraindik ez dira elkartu bi herrialdeetako gobernuburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.