Janaria banatzean jasotzen dena

Zaporeak elkarteak errefuxiatuentzako janaria prestatzen dihardu oraindik ere Lesbosen. 21 egunez hango sukaldean eta Kara Tepe kanpalekuan bizi izandakoak kontatu ditu boluntario batek.

Mitileneko hondartza eta plataforma bereizten dituen hesia, atzean Askatasunaren estatua dagoela. MADDI ITURRIOTZ ALKORTA
Mitileneko hondartza eta plataforma bereizten dituen hesia, atzean Askatasunaren estatua dagoela. MADDI ITURRIOTZ ALKORTA
Maddi Iturriotz Alkorta
Mitilene
2026ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zaporeak sukaldean hasten da, baina ez da han amaitzen». Abuztuko iluntze bero batean Maitek (Donostia, 1957) Mitileneko (Grezia) terraza batean esandako hitz horiek ezin hobeto azaltzen dute zer den Zaporeak elkartearekin boluntario gisa aritzea Lesbosen. Uda garaian edozein turistaren helmuga izan daitekeen uharte bat da Lesbos: hondartza du, ur gardena, luxuzko itsasontziak… Turismo horren erakusgarri dira ferryen joan-etorriak eta hegazkinen burrunba. Baina, kontrastean, bada ahalik eta zarata gutxien eginez heltzen saiatzen den beste garraiobide bat, hala deitzerik balego: migratzailez betetako ontziak.

Izan ere, Turkia begi hutsez ikus daiteke: zazpi bat kilometrora dago. Eta, iraganean bezainbeste migranteren pasaleku ez bada ere, migratzaile batzuek itsasarte hori baliatzen dute pasabide gisa. Txitxarren hotsaren babesean eta gaueko ilunpean igarotzen dute ur tartea, Greziako kostazainengandik ezkutatuta. Eta nolakoa da errefuxiatuen egoera behin irlara heltzean? Bada, hiriaren ekialdean dagoen irudi ironiko batek azaldu dezake: Askatasunaren estatuaren oinetan sorbatzez betetako hesi bat dago, eta hark ordainpeko hondartza eta uretan sartzeko doako plataforma bereizten ditu.

Zaporeak-ek Lesbosen kozinatzen daramatzan hamar urteetan, ematen duten errazio kopurua asko jaitsi da: duela zenbait urte, 2.000tik gora ziren; gaur egun, berriz. seiehun inguru. Baina, halere, elkartearen jardunaren oinarria berbera da: boluntariotza. Elkartearekin aritzen diren boluntarioek hiru pertsonaz osatutako txandak osatzen dituzte, eta 21 egun egiten dituzte irlan.

Bidaia bete mezu

Boluntarioek 08:00etan hasten dute eguna, elkartearen bi furgonetak egon ohi diren aparkaleku batean. Sukalderantz abiatu eta segituan dago hegoaldeko portua. Han ikus daitekeenak bete-betean islatzen du hiriko kontrastea: luxuzko itsasontzi pare bat, sei bat arrantzontzi, eta Greziako kostazainen hiru itsasontzi, brankan metraileta bana dutela. Portuan bertan dagoen Safo plazan igo dira furgoneta batera Jamal Jalali sukaldaria (Herat, Afganistan, 1988) eta Jacqueline Asino okina (Afrin, Kurdistan, 1983). Aurrera jarraitu, eta hiriko portu zaharrera heltzean, hantxe dago zain Mazloum Ahmed (Kobane, Kurdistan, 1994), beste okina.

«Zaporeak sukaldean hasten da, baina ez da han amaitzen»

MAITE Zaporeak-eko boluntarioa

Hiriburua atzean utzita, pintaketa ugari ikus daitezke errepidearen alboetan, tartean hauek biak, ingelesez idatzitakoak: Itxi Moria, suntsitu faxismoa, eta Itsaso hau kanposantu bat da. Furgonetak azken geldialdia egin du: Kara Tepe kanpalekuaren sarreratik hurbil, baina ez sarreran bertan. Bertan bizi diren eta sukaldera laguntzera doazen boluntarioak sartu dira. Furgonetak ez ditu atean bertan jaso legez kanpokoa delako dokumentaziorik ez duen inor autoan garraiatzea. Eta kito, guztiak autoetan sartuta, bidaiak aurrera jarraitzen du.

Moriako kanpalekua zenaren arrastoen —sarreraren eta harresi eraitsien— eta Lesbosko militarren egoitzaren albotik igaro, eta 08:30ean heldu dira sukaldera. Han daude hiru katu eta bizilagunaren zakurra, ongietorria egiteko zain. Sukaldeak Babelgo dorrearen antza du; izan ere, besarkaden artean denetik entzun da: «kalimera», «sabah al-khayr», «sobh bakhir», «egun on», «bon dia» eta «good morning»; alegiaegun onak eman dizkiote elkarri grezieraz, arabieraz, persieraz, euskaraz, katalanez eta ingelesez. Lehenengo bost minutuak sakratuak dira: elkar agurtzen dute, eta aurreko mantalak jantzi.

Fruta, pasta eta ogi artean

Behin elkar agurtuta, sukaldeko jardunak ez du etenik. Bertako lau langileez gain, hiru lagunez osatutako bi txanda daude une oro lanean, eta horiei gehitzen zaizkie kanpalekutik laguntzera etorritako iheslariak eta tarteka beren kabuz etortzen diren boluntarioak. Boluntarioen lan nagusia sukalde laguntzaile aritzea da, eta eguneko lehen eginkizuna, berriz, egunean bertan behar diren barazkiak moztea.

(ID_17873271731295) Lesbos. Zaporeak.
Boluntarioak eta langileak janaria furgoneta batetik bestera pasatzen. MADDI ITURRIOTZ ALKORTA

Jarraian, Maria koordinatzaileak aginduta, boluntario bakoitza bere postura joaten da. Batzuek barazkiak mozten jarraitzen dute, eta beste batzuk okindegira joaten dira, Jacqueline eta Mazloumengana. Ordurako, bi okinek jada prest izaten dute eguneko ogiaren orea, eta, hura zatituz, bolatxoak egin behar dituzte. Jacquelineren lana izaten da boluntarioen teknika hobetzen saiatzea: «Lasai, lasai, esku honekin honela eta jarraian bestearekin berdin, azpitik hatzekin ebakitzeko».

Gaur arroza oilaskoarekin prestatuko dutenez, beste boluntario batzuek barazkijaleentzako tuperrak bete dituzte: arroza haientzat ere, baina barazkiekin. Sukaldetik datorren usainak —oilaskoa, currya, limoia, tipula, baratxuria… dena nahasturik— jateko gogoa piztu die guztiei, baita furgonetaren gerizpetik atarira etorri diren katuei eta zakurrari ere.

‘Sarri, Sarri’ eta ‘Baby, baby’

Ore bolatxoak prest daudenean, Mazloumek bere beste lanari ekin dio: okindegiko giroa ezin hobea izan dadin, DJ lanetan ere aritzen da. Haren abestien zerrendan nabaria da okindegitik igarotako batzuk euskal herritarrak direla, ez baita falta Kortaturen Sarri, Sarri, baina baita Mazloumek bere gustukoak ere jartzen ditu, tartean ABBAren Gimme! Gimme! Gimme! eta Justin Bieberren Baby.

Okindegiko boluntarioak eguneko ia seiehun ogiak prestatzeko lanean ari diren bitartean, gainerako boluntarioek tuperretan sartu dituzte arroza eta oilaskoa. Gaur 360 errazio egin dituzte kanpalekurako, eta beste 235 kanpalekuaren bueltan lanean aritzen diren gobernuz kanpoko beste erakundeetarako.

Behin ogia eta beste jakiak prestatu eta furgonetan kargatu ostean, oraindik astirik bada betiere, lanean aritu diren guztiak mahai handiaren bueltan elkartzen dira hamaiketakoa egiteko. Eguneko tarterik politenetakoa da. Elkarri on egin esaten diote persieraz, «nuxe jan», eta angurria jaten dute, feta gaztarekin lagunduta, edo ogia marmeladarekin.

Kanpalekuan barrena

Furgonetan daude gaurko platerak, ogia, fruta eta edariak, kanpalekurako prest. Kara Tepera iritsi da furgoneta, baina aurrera jarraitu du metro batzuk, inguruan dagoen industrialde batera. Hantxe dago zain janari zerbitzu bateko furgoneta. Zeren, Zaporeak-ek ezin du bere izenean janaria sartu kanpalekura, eta janari zerbitzukoen bitartez sartu beharra dauka. Furgoneta bat hustu, eta bestea bete. Boluntario batek aipatu du: «Badirudi zerbait txarra egiten ari garela». «Noren begiekin begiratzen diozun, hala izango da», erantzun dio Jamal sukaldariak. Kito, aldaketa eginda, badoaz bi furgonetak kanpalekurantz.

Kanpalekuko sarreran bi segurtasun etxola daude: ezkerrekoa GKEetako kideentzat, eta eskuinekoa kanpalekuan bizi diren errefuxiatuentzat. Bigarrenean, errefuxiatuek identifikazio txartela erakutsi behar dute, eta miatu egiten dituzte. Ezkerreko etxolan, ordea, boluntarioek aski dute nortasun agiria erakustea, eta ez diete miaketarik egiten.

(ID_17873276693465) Lesbos. Zaporeak.
Zaporeak-en sukaldera bidean ikusgai dauden pintadetako bat: Itsaso hau kanposantu bat da. MADDI ITURRIOTZ ALKORTA.

Janaria banatzen den tokira iritsi arteko paisaia ia monokromatikoa da: edozein obratan ikus daitezkeen barrakoi ezin zuriagoak, eta furgonetak harrotzen duen hauts grisa. Jare (Markina-Xemein, Bizkaia, 1996) bigarren aldiz etorri da boluntario aurten, eta iazko esperientziarekin alderatu du: «Kanpalekua, azpiegitura moduan, oso ankerra da, sistemak horixe nahi du. Oso-oso umiliagarria da. Orain, gainera, oso errefuxiatu gutxi daude lehen asko zeuden azpiegitura berean, eta hutsik egote horrek gunea are jasanezinagoa bilakatzen du emozionalki. Iaz, egoera grisaren gainetik bizia ikusten zen: umeak uretan jolasean, jendea elkarrekin hizketan… Aurten, ez». Aurten, zenbait etxolaren kanpoaldean arropa ikus daiteke esekitokietan zintzilik, eta etxe atarietan trizikloak eta gurpil aulkiak, baina bizitzarik ez.

Jasotako apurragatik esker oneko

Janaria banatzeko gunea aurrerago dago. Hantxe daude iheslariak zain. Irudia gogorra da. Alde batean familiak eta emakumeak daude, eta bestean, bikotekiderik ez daukaten gizonak. Azken urteetan geopolitika aldatu den moduan, kanpalekuan bizi diren errefuxiatuen jatorria ere aldatu da. Lehen, Ekialde Hurbilekoak ziren gehienak; orain, berriz, Afrikakoak dira asko: Sierra Leonakoak, Somaliakoak, Sudangoak… Irango, Afganistango eta Pakistango iheslari asko ere badira.

Janari banaketa ondo joan da gaur. Guztiek izan dute aukera zegozkien arroz, fruta eta ogi errazioak hartzeko. Ura falta izan da. Janaria jasotzen azkenak diren gizonetako batzuk urik gabe geratu dira, baina aukera izan dute bina tuper hartzeko. Horrek ez die egarria aseko, baina bada zerbait.

«Oso bortitza da banaketa. Sei pertsona zurik banatzen diegu janaria, eta, gero, buelta eman eta etxera joaten gara»

JARE Zaporeak-eko boluntarioa

Gaurko banaketa ondo joan bada ere, Jareri gogorra egiten zaio: «Oso bortitza da banaketa. Sei pertsona zurik banatzen diegu janaria, eta, gero, buelta eman eta etxera joaten gara, aire egokituagaz, hondartzara bazkaltzera edo tragoak hartzera. Eta jakitea janari hori asko dela haientzat… Are gehiago, dena delakoagatik egunen batean janaria heltzen ez bada… Malkoak ere atera izan zaizkit. Halakoetan ezin izaten dugu ezer egin, eta oso frustragarria da. Eta noski, nola egingo duzu negar haien parean? Guk denetarik daukagu, eta haiek, aurpegi atsegina jarri, eta esaten digute ez arduratzeko».

Abiatu dira boluntarioak kanpalekuaren irteerara, eta bide labur horretan, kanpalekuaren erdi-erdian dauden hiru zuhaitzen gerizpean, lurrean jarritako hiru esteraren gainean, hiru gizon daude boluntarioek emandako janaria jaten. Eskerrak eman dizkiete furgonetan doazenei, ingelesez eta arabieraz: «thank you» eta «sukram». Zirkulua itxi da. Goizean prestatutakoak egin du bidea, eta bete du asmoa: honek guztiak zentzua dauka.

Sarea zainduz

Kanpalekuan jende gutxiago egoteak sukaldeko lan karga arindu du, eta, horren ondorioz, arratsaldeetan boluntarioak kala txikietara, plataformara edo ordainpeko hondartzara joan ohi dira; eta, eguzkia gordetzen denean, tabernaren batean elkartzen dira langileekin. Jarerentzat, hori da preziatuena: «Asko gustatzen zait errefuxiatuen bizitzaren berri entzutea, bai eurek miresteko eta bai nire bizitzari perspektiba emateko. Lehenengo mundua deitzen diogun horretan edozer arazo ikusten dugun honetan, iheslariak munduan zehar migratzen ari dira etxea zer den jakin gabe ere. Neurekoikeriaz begiratuta, haien istorioak entzuteak ezbaian jartzen du nire lekua». Maitek ere horixe du kuttunena: «Sukaldean edozein tirabira izanda ere, tabernara etorri eta hemen konponduko dugu dena. Etxera lasai joango gara. Eta bihar gauza bera».

Halere, ukaezina da batzuetan egunek zapore gazi-gozoa izaten dutela. Izan ere, Jarek aipatu duen moduan, bakoitzaren egoera zeharo ezberdina da: «Adinak, generoak eta herrialdeak nahasten dira, eta izugarri koktel interesgarriak sortu»; eta Zaporeak-ek ongietorri politak egiten dituen moduan, tarteka agur politak ere egin behar izaten dituzte. Egunaren zaporea dena delakoa izanda ere, 21 egunez Kara Tepe kanpalekuan janaria banatzeak hamaika gauza polit ematen ditu trukean: harremanak egiteko moduak auzitan ipini, etxetik eramandako pribilegioak azaleratu, hizkuntzen garrantzia agerian utzi, eta aukera ematen du geografiaz, politikaz eta, gehienbat, geopolitikaz ikasteko; finean, astindu bat ematen dio gorputzari, eta, bereziki, buruari. Handik igarotako gehienek itzultzeko gogoa izaten dute, baita Jarek ere: «Ez dakit zelan, zertarako eta zeinegaz, baina badakit bueltatuko naizela. Uhartean, giroan eta sukaldean sortzen denak kateatu egiten zaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA