Japonia eta Hego Korea, nork bere estrategia

Seul integrazio estrategiak baliatzen ari da, eta nazioarteko langile eta ikasleentzako bisak eskaintzen; Tokio, berriz, kontrolak gogortzen ari da, nahiz eta sektore jakin batzuetan larri dabiltzan, eskulan premian.

Pertsona batzuk Hego Korearen banderaren aurrean argazkiak egiten Seulen, artxiboko argazki batean. JEON HEON-KYUN / EFE
Pertsona batzuk Hego Korearen banderaren aurrean argazkiak egiten Seulen, artxiboko argazki batean. JEON HEON-KYUN / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerriko talentuari ateak irekitzea erabaki du Hego Koreak, 2030era arte iraungo duen asmo handiko estrategia batean. Seulgo gobernuak iragarri du bisa berriak aterako dituela goi teknologiako profesionalentzat, nazioarteko ikasleentzat eta jardun handiko behin-behineko langileentzat. Horrez gainera, zenbait programa abiaraziko ditu, hala nola integrazio sozialekoak eta despopulazioa duten eskualdeetara jendea erakartzekoak. Izan ere, herrialde hartako biztanleria azkar zahartzen ari da, eta jaiotze tasa, berriz, amiltzen, eta, gainera, eskulan premia handia dago osasunean, nekazaritzan, ostalaritzan eta beste zenbait sektoretan.

Haren aldean, Japoniak askoz ere politika mugatzaileagoa du, nahiz eta Hego Korearen arazoen antzekoak dituen eta hango sektore batzuk larri dabiltzan langile falta dela eta. Japoniako Gobernuak gogortu egin ditu zenbait bizileku baimenen gaineko kontrolak, eta ez du bide argirik ematen han behin betiko bizitzen geratzeko; horren ondorioz, atzerritarrek zailagoa dute hara joatea, eta lan arloko eskasia gero eta larriagoa izateko arriskua dago. Adituen hitzetan, Hego Koreak ez bezala, Tokiok oraindik ere ikuspegi kultural homogeneoa du, eta, horren eraginez, nazioarteko langile gutxiago sartzen dira herrialdera, nahiz eta beharrezkoak diren ekonomiari eta zerbitzu publikoei eusteko.

Hego Koreako planari Immigrazio Politikako 2030erako Estrategia izena jarri diote. Aukerak nabarmen zabaldu dizkie atzerriko langileei, eta integrazio sozialerako esparru oso bat ezartzen du. Neurririk nabarmenenetako bat top-tier bisa zabaltzea da: goi teknologiako profesionalentzat da —erdieroaleen, adimen artifizialaren eta robotikaren sektoreetakoentzat—, eta, hemendik aurrera, zientziaren eta teknologiaren arloetako irakasle eta ikertzaileei ere zabalduko zaie. Aldi berean, K-core (E-7-M) bisa ere sortu dute, Hego Koreako goi mailako ikastetxeetan graduatzen diren nazioarteko ikasleentzat, errazagoa izan dezaten herrialdean bertan geratzea eta tokiko enpleguan jardutea.

Gainera, Hego Koreak zenbait programa sortu ditu zehazki nekazarientzat eta zaintzaileentzat; tartean, formakuntza herrialdeko eskualde bakoitzean, eta bertan luzaro geratzeko bideak, esperientziaren eta gaitasunaren araberakoak. Immigrazio arloko eskualde programa bat ezartzekoak direla ere esan dute, atzerritarrak despopulazioa duten eskualdeetara bizitzera joan daitezela sustatzeko, eta, horretaz gainera, mentoretzarako eta hezkuntza laguntzarako sistema integral bat ere ezarri nahi dute herrialdera migratutako familien seme-alabentzat. Ahalegin horien guztien osagarri, beste neurri hauek ere badira tartean: bisa lortzeko tramiteak sinpletzea, prozesuak guztiz digitalizatzea, eta adimen artifiziala erabiltzea eskariak arinago ebaluatzeko, integrazioa azkarragoa eta ordenatuagoa izango dela bermatzeko asmoz.

«Atzerritarrik hartu ezean, Japoniak ez du modurik izango zaintzaren eta zerbitzuen arloetako premia betetzeko»

FUMINOBU OKABE Sokako Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea

Hego Korea ateak irekitzeko politikak indartzen ari den honetan, ordea, Japonia muga handiagoak ezartzeko bidean da. Zenbait sektore kritikotan, hala nola osasunean, ostalaritzan, nekazaritzan eta garraioan, eskulan premia gero eta handiagoa du, baina, hala eta guztiz ere, gobernuak bizileku baimen batzuen kontrolak gogortu ditu, eta integratzeko bideak ere mugatu. Fuminobu Okabe Soka-ko Unibertsitateko zuzenbide irakasle eta lan zuzenbideko adituak honela dio: «Japoniak badaki atzerriko langileak behar dituela, baina, era berean, irrika bizia dago liskar kulturalak eta delinkuentzia eragozteko eta tokiko ohiturak ez aldatzeko, eta, horren ondorioz, ez da ezartzen immigrazio politika argirik».

Faktore horri hizkuntzaren auzia gehitzen zaio: atzerritarrei zaildu egiten omen die gizartean integratzea. Koreera migratzaileei errazagoa egiten zaiela esaten da, eta japoniera, berriz, zailagotzat jotzen da; gainera, ez da asko erabiltzen herrialdetik bertatik kanpo, eta horrek hango bertako langileei ere mugatu egiten die kanpora joatea lanera. Okaberen arabera, «japonieraz ez dakitenei babes egokia eman ezean, gero eta gehiago ugarituko dira atzerritarren komunitate bereiziak, eta horrek liskarrak sortu ohi ditu kanpotarren eta tokikoen artean, bizimoduaren eta kulturaren arloko ezberdintasunak direla medio».

Linaren esperientzia da egoeraren erakusgarri. Filipinarra da, 35 urte ditu, eta Gunma-ko fabrika batean dihardu. «Sei urte daramatzat Japonian, eta ez atzera ez aurrera sentitzen naiz pixka bat. Enplegu egonkorra dut, eta bizimodu bat sortu dut hemen, baina ez dirudi luze gabe lortu ahalko dudanik behin betiko bizileku baimena. Arauak aldatu dituzte, eta baldintzak nahasiak dira. Batzuetan, iruditzen zait beti izango naizela behin-behinekoa, lana beltz eginda ere. Nire ametsa da segurtasun handiagoa izatea, sentitzea hemen egiten dudan lanak eta hemen daramatzadan urteek badutela baliorik, eskulan merke gisa ez ezik baita herrialde honi ekarpena egiten diodalako ere, herrialde honetakoa izan nahi dudalako ere».

Ataka batean

Luzera begira, beraz, egiturazko dilema bat du Japoniak. Okabek dioenez, «atzerritarrik hartu ezean ez da modurik izango zaintzaren eta zerbitzuen arloetako premia betetzeko». Jaiotza tasa bizkor ari da apaltzen, eta populazioa, berriz, bizkor zahartzen; horren ondorioz, ataka batean daude osasun arloa, eraikuntza eta nekazaritza besteak beste, eta zaharrei luzaroago lan eginaraztea, adimen artifizialaren alde apustu egitea eta halako beste neurri batzuk hartzea konponbide mugatua da. Ez badago bide argirik behin betiko bizileku baimena lortzeko eta gizartean integratzeko, atzerriko langileek linbo batean segituko dute. Horrek lan batetik bestera ibiltzera behartuko ditu, eta ez dute modurik izango herrialdeari ekarpen betea egiteko.

«Sei urte daramatzat Japonian, eta ez atzera ez aurrera sentitzen naiz pixka bat»

LINA Migratzaile filipinarra Japonian

Hego Koreak, kontrara, ikuspegi proaktiboa hartu du: bisak zabaldu, integrazio eta trebakuntza programak abiarazi, despopulazioa duten eskualdeetan lan egiteko pizgarriak eman, eta familiei laguntzeko politikak ezarri. Integrazio politikak aldatu gabe, ordea, Japonian aurrerantzean ere ziurgabe bizi beharko dute sektore kritikoei eusten ari zaizkienak; Seulek, berriz, abantaila estrategiko bihurtu nahi du immigrazioa. Linaren istorioak islatzen du tentsio hori: atzerritar askok lortzen dute bizimodu bat osatzea eta herrialdeari ekarpena egitea, baina, aldi berean, sentitzen dute Japoniak atea ixten diela eta ezin direla benetan bertan geratu eta guztiz integratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA