Naoto Kan Japoniako lehen ministroak «alerta gorena» mantendu behar dela adierazi du Legebiltzarrean, Fukushimako zentral nuklearreko erradiazio handia dela eta. Izan ere, herenegun plutonioa atzeman zuten zentral nuklearreko lurrean, baita erradiazio altuko ur kutsatua ere.
Egunek aurrera egin ahala, Fukushimak ez du lasaitzeko arrazoirik ematen. Ondo zaindu behar dela dio Kanek, eta zentral nuklearraren kontrola berreskuratzeko lanek ahalik eta azkarren egin beharko liratekeela. Erradiazioak gora egin du nabarmen azken orduetan, besteak beste bigarren erreaktoreko nukleoan fusio partziala gertatu dela uste baitute. TEPCO enpresa kudeatzaileari plutonioa zentraletik atera ez dadin ahaleginak egiteko eskatu dio lehen ministroak. Inguruetan neurketak egiteko ere exijitu du, plutonioa noraino hedatuden zehaztu ahal izateko.
Kaltetuta dauden lehen lau erreaktoreak hozteaz gain, langileek badute beste betebehar garrantzitsu bat; turbinen eraikinak drainatu behar dituzte, kutsatutako ura kanpora atera ez dadin. Izan ere, azken egunotan zentralaren inguruan, itsasoan, oso erradiazio handia neurtu dute. Lehen egunetan erreaktoreak hozteko erabilitako uraren zati bat itsasora itzuli zen eta hori da kutsaduraren arrazoietako bat. Herenegun 1.000 milisieverteko erradiazio maila duen ura atzeman zuten bigarren erreaktorearen gordetegiaren kanpoan. Hori itsasora isur ez dadin dihardute langileek lanean.
Astebeteko egonaldiak
Fukushimako zentralaren kontrola berreskuratzeko 400 langile inguru ari dira lanean, oso baldintza gogorretan. Janari gutxi jasotzen dute, eta egun guztia lanean ematen dute. Horrez gain, ez dute kanpoko inorekin harremanik Fukushiman dauden bitartean.Astebetez egoten dira zentralean, gero beste langile batzuekin txandakatzen dira.
Goizeko seietan jaiki, zerbait gosaldu, eta lanera jotzen dute. Erradiazioagatik geroz eta zailagoa da Fukushiman lan egitea. Gauez berriz elkartzen dira eta egunean egindakoaren berri ematen diete arduradunei. Gero, afaldu, eta animo mezuak ematen dizkiote elkarri lo egin aurretik.
Bestalde, aurreko astean erradiazioagatik ospitaleratu zituzten hiru langileek senda-agiria jaso dute. Horietako bi erreaktoreak hozteko erabilitako urarekin kontaktuan egon ziren. Medikuek erredurengatik tratamendu berezia ezarri beharko zietela uste bazuten ere, azkenik, ez da beharrezkoa izan. Dena den, osasun azterketak egin beharko dituzte aldizka.
Bitartean, gobernuak krisia nola kudeatu duen kritikatu dute japoniarrek. Kyodo berri agentziak kaleratutako inkesta baten arabera, herritarren %58 ez daude gustura kudeaketarekin, eta informazio guztia helarazi ez izana egozten diote gobernuari. Hala ere, %50ek egin duen ahalegina estimatzen dutela diote. Gobernuak, hain justu, TEPCO enpresa kudeatzaileari infor-mazioa ezkutatu izana leporatu dio.
Bestalde, Nobel Alternatiboetako 50 saridunek «aro nuklearra amaitzeko» eskatu dute. «Ezin da arazoak konpontzeko beste arazo batzuk sortu», dio kaleratu duten agiriak.
Japoniak alerta gorenari eutsi dio, zentral nuklearreko erradiazioaren eraginez
Zentral nuklearra kontrolatzeko lanean ari diren 400 langileak oso baldintza gogorrak jasaten ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu