Drogaz den bezainbatean, Japonia ez da itzulinguruka ibiltzekoa, eta orain, sekula baino gutxiago. Hango agintariak, fase berri batean sartuta, drogaren kontrako politika zorrotzak ezartzen hasi dira, eta, 2024ko abendutik, Japonian marihuanaren kontsumoa ez da tabu sozial hutsa, ez eta legediaren alderdi lauso baten parte hutsa ere: delitu penala ere bada orain. Eta japoniarrei ez ezik atzerriko turistei ere eragiten die horrek: gaur egun, kartzela zigorra ezar diezaiokete kalamua kontsumitu duenari, baita herrialdetik kanpo kontsumitu badu ere.
Joan den udazkenean, erreforma bat egin zioten zigor kodeari, eta ordura arteko lege hutsune bat bete zuten horrela; izan ere, lehen, kalamua edukitzea, haztea eta harekin trafikatzea zigortzen zen, baina kontsumitzea ez, ez modu esplizituan behintzat. Garai batean, helburu industrialetarako hazten zen kalamua, eta ordutik zetorren hutsune hori. Orain, ordea, ikusirik gazteak gero eta gehiago kontsumitzen ari zirela eta nazioarteko turismoa handitzen ari zela, legea gogortzea erabaki du Japoniako Gobernuak.
Martxoaren 31n atxilotu zituzten lehen bi pertsonak kalamua kontsumitzeagatik: 44 urteko gizon bat eta emakume bat atxilo hartu zituzten Tokion, gernu proba batean positibo emateagatik. Poliziak marihuana arrastoak aurkitu zituen haien autoan. Agintarien arabera, biek aitortu zuten kalamua kontsumitu izana. Kasu hura mugarria izan zen: hemendik aurrera, test batean positibo emate hutsagatik, ondorio larriak izan ditzakeen prozesu judizial batean sar dezakete jendea.
Japonian, sistema judizialak baimena ematen du norbait kargurik gabe atxilotuta edukitzeko 23 egunez, eta, denbora horretan, atxilotuari galdeketak egin diezazkiokete egunero, abokatu edo interprete baten laguntza erregularrik gabe. Gainera, atxilotua atzerritarra bada, bisa ken diezaiokete, edo zuzenean deportatu, edo etorkizunean Japoniara itzultzea debekatu.
Legedi berriaren alderdirik deigarrienetakoa da herrialdeko mugak ere gainditzen dituela nolabait: delitutzat jotzeko, berdin du kalamua non kontsumitu den; organismoan aurkitzea da kontua. Hau da, norbaitek egun batzuk lehenago Donostian, Amsterdamen edo Los Angelesen kalamua erretzen badu eta gero Japonian egindako proba batean positibo ematen badu, atxilotu egin dezakete. «Kontsumitu zenuen lekuan legezkoa bazen ere, berdin dio; arrastorik geratzen bazaizu, hemen delitua da», azaldu du Tokioko Departamentu Metropolitanoko agente batek.Â
«Kontsumitu zenuen lekuan legezkoa bazen ere, berdin dio; arrastorik geratzen bazaizu, hemen delitua da»
Tokioko Departamentu Metropolitanoko agente batÂ
Turista gehien egoten den eremuetan, hala nola Shibuya, Roppongi eta Shinjuku auzoetan, polizia gehiago jarri dituzte. Ausazko kontrolak ere ugaritu dituzte, baita txakurrekin egiten diren erregistroak eta gernu probak ere aireportu eta geltokietan. «Atzerritar gazte batzuek uste dute hemen beren herrialdean bezalaxe erre dezaketela, baina ez dute ulertzen Japonian hori ez dela tradizioa, ez dagoela modan, eta ez dagoela onartuta: kalamua droga ilegala da», azaldu du beste agente batek.
Matt Fox korrikalari eta youtuber australiarraren kasuak oihartzun mediatiko handia izan du nazioartean. Fox, Sweat Elite kanalaren sortzailea —140.000 harpidedun baino gehiago ditu—, apirilean atxilotu zuten, Japoniara iritsi zenean Osakako maratoian parte hartzeko asmoz. Ameriketako Estatu Batuetatik bidalitako pakete baten bidez THC gominolak inportatzen saiatzea leporatzen diote. Hark esan zuen arrazoi medikoengatik erabiltzen zituela gominola horiek, antsietatea tratatzeko, baina, hala ere, kartzelatua izateko eta herrialdetik betiko kanporatua izateko arriskuan dago. 2023an ere, beste lehiaketa batean parte hartzea galarazi zioten betiko, beste pertsona baten dortsalarekin parte hartzeagatik.
Turista asko harritu egiten dira Japoniako sistema penalaren berri dutenean. «Arazo nagusia ezjakintasuna da», azaldu du Europako herrialde batek Tokion duen enbaxadako funtzionario batek —nahiago izan du izen-abizenik ez eman—. «Norbait atxilotzen dutenean, inkomunikatuta edukitzen dute zenbait egunez: ezin deitu, ezin berehala abokatu bat hartu; azkenerako, presioagatik, aitorpenak sinatzen dituzte askok». Justizia Ministerioaren datuen arabera, 2023an 8.000 atxiloketa pasatxo egin zituzten kalamua zela eta; atxilotu gehienak japoniarrak izan ziren, baina turistak ere gero eta gehiago atxilotzen ari dira.
Maiz, zenbait egun igaro ondoren izaten dute familiek atxiloketaren berri. «Batzuetan, gurasoek deitzen digute, etsi-etsian, semea edo alaba non dagoen ez dakitelako. Izan ere, atxilotuak, zenbaitetan, egun batzuk egoten dira inorekin komunikatu ezinik. Esperientzia oso gogorra da hori, eta ulertzen zaila ere bai berme juridiko zabalagoak dituzten herrialdeetatik datozenentzat», esan du funtzionarioak.
Ondorioak
«Atzerrian porru bat erretze hutsagatik, arriskua duzu asteetan atxilotuta egoteko, abokatuetan milaka euro gastatu behar izateko, eta urte luzez herrialdera ezin sartzeko», kontatu du funtzionarioak. «Japonia ez da jarduten ari logika proportzionalez. Disuasio estrategia bat da: hegazkinera igo aurretik mezua argi edukitzea nahi du».Â
«Atzerrian porru bat erretze hutsagatik, arriskua duzu asteetan atxilotuta egoteko, abokatuetan milaka euro gastatu behar izateko, eta urte luzez herrialdera ezin sartzeko»
Europako herrialde batek Tokion duen enbaxadako kidea
Enbaxadek, bestalde, turistei gomendatzen diete ez dezatela eraman edo kontsumitu kalamutik eratorritako produkturik, olioak, kremak eta osagarriak barne. Izan ere, jaioterrian baimenduta egon arren, baliteke Japonian legez kanpokoak izatea. «Hutsegite baten ondorioz, arriskua dago hilabeteak behin-behinean preso egoteko, edo urteetan Japoniara sartu ezinik geratzeko», ohartarazi dute zenbait iturri diplomatikok.
Europan, drogak despenalizatzearen eta helburu terapeutikoetarako eta aisiarako erregulatzearen inguruan dago eztabaida; Japonian, berriz, zigor sistema are gogorrago bat jarri dute, orain bisitariak ere barne hartzen dituena. Mezua argia eta garbia da: zero tolerantzia.